EAJk Sanchezi nabarmendu dio inbestidurarako beraien botoak behar dituela

Itxaso Atutxak ohartarazi du PSOEren eta Sumarren akordioak «eskuduntzak inbaditu» ditzakeela; Maria Txibitek, aldiz, begi onez ikusi du ituna.

Itxaso Atutxa, Portugaleten, gaur goizean. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2023ko urriaren 28a
15:42
Entzun

Zeresana ematen ari da Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren jarduneko presidentearen inbestidura eta hori bermatzeko PSOEk eta Sumarrek egin duten akordioa. Gaur goizean, Itxaso Atutxa BBBren presidenteak horixe izan du hizpide Portugaleten (Bizkaia) egin duen agerraldian. Hain zuzen, Sanchezi nabarmendu dio EAJren babesa ezinbestekoa duela: «Pedro Sanchezi gogoratu nahi diogu gure botoak behar dituela eta, beraz, jaso behar dituela eta erantzun behar diela euskal eta kataluniar alderdien eskakizunei». Eta ziurtatu du alderdi batzuek «muxutruk» eman asmo dizkiotela botoak Sanchezi; ez, ordea, EAJk: «EAJk jarraituko du eskatzen estatu ereduaren erreformari heltzea, Euskadi eta Katalunia nazio baikara».

Kezkak ere adierazi ditu BBBren buruak. Haren esanetan, bi alderdien arteko akordioak bide eman diezaioke «eskuduntzak inbaditzeari»: «Kezkatzen gaitu bankuei eta argindar enpresei ezarri nahi zaizkien zerga horiek ez errespetatzea Ekonomia Ituna eta Ekonomia Hitzarmenaren sistema. Eta kezkatu egiten gaitu akordio horren atzetik agenda propioa inpoasatzeko ahalegina egoteak ere».

Atutxa ez da izan, ordea, inbestiduraz hitz egin duen bakarra. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak begi onez ikusi du PSOEk bere militantziari galdetzea alderdi independentistekin egin ditzaketen akordioei buruz, eta baikorra iruditu zaio Sumarrekin hitzarmen bat izenpetu izana: «Nafarroa ildo beretik doa, argiki apustu eginez zerbitzu publikoen, eskubideetan aurrera egitearen eta ekonomia jasangarriago baten alde».

Andueza lehendakarigai

Oraindik Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek datarik ez badute ere PSE-EEk badu hautagaia: PSOEren Batzorde Federalak berretsi du Eneko Andueza izango dela lehendakarigaia. Anduezak nabarmendu du ez dela geldituko lehendakari izan arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.