Egoitz Sorozabal eta Marian Lazkano Zizurkilgo EAJko zinegotzien eta Zorione Etxezarraga EAJko batzarkidearen dimisioa eskatu du gaur EH Bilduk, asteburuan Zizurkilen (Gipuzkoa) hondakinak biltzeko sistemaren inguruan egin duten galdeketaren harira.
Bideo batzuetan salatu dutenez, irregulartasunak izan ziren boto delegatuan, eta galdeketan parte hartu zuten EAJko hautetsiek. EH Bilduk salatu du "iruzur politikoa" gertatu dela, eta argudiatu datuak "puztu" egin zituztela.
"Zizurkilen gertatutakoak erakusten du EH Bilduren proiektu politikoa higatzeko EAJ prest dagoela horrelako iruzurrak ere egiteko", esan du Ainhoa Beola koalizioko kideak. EAJrentzat herritarren borondatea "aitzakia hutsa" dela gaineratu du, "unean uneko bitartekoa bere helburuak betetzeko eta aurkari politikoen proiektuei kalte egiteko".
Galdeketan parte hartu zuten hautetsiez, galdera egin du Beolak: "Zer ez dute egingo kontsulta batean eskua sartzeko prest dauden iruzurgileek? Zer egingo lukete hiru tranpati horiek gobernu ardurak balituzte?".