EAJk lortu du boto gehien, baina lau legebiltzarkide gutxiago izango ditu

Duela lau urte baino 20.500 boto gehiago eskuratu ditu, eta lehen indarra da oraindik. Bizkaian nagusitasunari eutsi dio, baina Araban eta Gipuzkoan bigarren indarra da orain.

Imanol Pradales EAJren lehendakarigaia, gaur, Sabin Etxean. LUIS TEJIDO/ EFE
Imanol Pradales EAJren lehendakarigaia, gaur, Sabin Etxean. LUIS TEJIDO/ EFE
Edurne Begiristain.
2024ko apirilaren 22a
00:30
Entzun

EAJ alderdi bozkatuena izan da Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan, baina galdu egin du historikoki izan duen hegemonia, eta lehen aldiz berdindu egin du eserlekuetan EH Bildurekin. Ordezkaritzan behera egin dute jeltzaleek, nabarmen: 2020ko hauteskundeen aldean, lau eserleku galdu dituzte, eta 27 eskuratu. Botoetan, berriz, gora egin dute duela lau urteko bozekin alderatuta: 370.554 boto lortu dituzte, 2020an baino 20.594 gehiago.

Boto kopuruari dagokionez, azpimarratzekoa da orpoz orpo izan duela EH Bildu, eta 28.500 botoren aldea egon dela bien artean. Duela lau urte, berriz, diferentzia askoz ere handiagoa izan zen: EH Bilduk baino hamar eserleku gehiago lortu zituen, eta 100.000 boto atera zizkion koalizio subiranistari.

Bozak irabazi arren, hiru herrialdeetan galdu ditu ordezkariak EAJk. Araban zazpi eserleku erdietsi ditu, 2020an baino bi gutxiago; Bizkaian ordezkari bat galdu du, eta 11 eskuratu, eta Gipuzkoan bederatzi eserleku ditu, bat gutxiago. Bizkaian, EAJren ohiko boto biltegian, jeltzaleek eutsi egin diote nagusitasunari, eta boto gehien bildu duen alderdia da. 222.092 boto eskuratu dituzte. Denera, botoen %39,51 bereganatu ditu EAJk –duela lau urte, %48–. 

«Bi ereduren artean erabaki behar zen, eta euskal gizarteak EAJri eman dio gehiengoa. Orain, naturalena PSE-EErekin bidea egitea da».

IMANOL PRADALESEAJren lehendakarigaia

Orain dela lau urteko hauteskundeetan, EAJ izan zen nagusi Gipuzkoan, 109.554 botorekin (%36,53) eta hamar eserleku erdietsita. Bigarren indarra dira orain jeltzaleak han, EH Bilduren atzetik. EAJk 107.523 boto lortu ditu Gipuzkoan, botoen %31,78. Araban ere nagusitasuna galdu du EAJk. 2020ko hauteskundeetan 40.000 boto eskuratu zituen, baina bigarren indarra da orain: 40.939 boto lortu ditu, botoen %26,99.

PSE-EErekin ituna

EAJ PSE-EErekin duen ituna berresteko moduan egongo da, gehiengo osoz: 39 eserleku dituzte. Ohi bezala, Sabin Etxean ospatu zuten jeltzaleek garaipena, Bilbon. EAJren lehendakarigai Imanol Pradalesek jasotako babesa eskertu zien alderdikideei: «Bi ereduren artean erabaki behar zen, eta euskal gizarteak EAJri eman dio gehiengoa. Orain, naturalena PSE-EErekin bidea egitea da». Herriaren «pluraltasuna» zainduko dutela hitzeman
zuen.

LEGEBILTZARKIDEAK

  • Araba. Joseba Diez Antxustegi, Nerea Melgosa, Ander Añibarro, Alazne Arana, Jonatan Moreno, Irina Rabalo, Naiara Bedialauneta. 
  • Bizkaia. Imanol Pradales, Maitane Ipiñazar, Jon Aiartza, Irune Zuluaga, Jon Andoni Atutxa, Alaitz Zabala, Mikel Arruabarrena, Josune Escota, Gorka Alvarez, Lorea Bilbao, Aritz Abaroa.
  • Gipuzkoa. Bakartxo Tejeria, Markel Olano, Maria Eugenia Arrizabalaga, Olatz Peon, Markel Aranburu, Xabier Barandiaran, Elena Lete, Aitor Urrutia, Garikoitz Mendizabal.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.