Udal eta foru hauteskundeak. Bizkaia

EAJren eta PSEren arteko itunak kritikatu dituzte EH Bilduren alkategaiek

Larrionek esan du inbestidurarako aurkeztuko dela «bigarrenak baino boto bat gehiago» lortuz gero. Goirizelaia, turismoa arautzearen alde

Ezkerretik, Miren Larrion, Jone Goirizelaia, Jasone Agirre eta Reyes Carrere, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
EH Bilduk Bilbon, Donostian eta Gasteizen aurkezten dituen alkategaiek agerraldi bateratua egin dute Bilbon, Nueva Economia foroak antolatutako ekitaldian. Euren hirietarako egiten dituzten proposamenak azaldu dituzte; akordioez hitz egin dute, eta hirurek kritikatu dituzte EAJren eta PSE-EEren arteko itunak, azken lau urteetan hainbat erakundetan —besteak beste, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udaletan— indarrean egon direnak.

Gasteizko alkategai Miren Larrionek, esaterako, adierazi du itun horiek «berdin» egiten dituztela leku guztietan, «bakoitzaren errealitatea kontuan hartu gabe». Gasteizko alkategaiaren iritziz, hori «akatsa» da. Jone Goirizelaia Bilboko hautagaiak ere antzeko iritzia azaldu du, baina zehaztu du ez duela uste Bilbon «nahikoa» izango denik EAJren eta PSE-EEren arteko hitzarmena gobernatu ahal izateko. «Guk akordioak proposamenen arabera egingo ditugu», esan du. Haren ustez, EH Bildu «giltzarri» izango da Bilbon gobernagarritasuna bermatzeko.

Donostiako alkategai Reyes Karrerek, berriz, esan du EAJk eta PSE-EEk elkarrekin garatu dituzten politika ekonomikoak «liberalak» izan direla, eta «eskuinekoak», ezkerrekoak baino gehiago.

PP egozteaz «harro»

Larrionek azaldu du «harro» dagoela duela lau urte PP Gasteizko Udal Gobernutik egotzi izanaz. Hala ere, uste du EAJren alkate Gorka Urtaranek —hari eman zion botoa EH Bilduk, EAJ hirugarren indarra zen arren— ez duela jakin «aukera baliatzen», eta «PPra gero eta gehiago gerturatzea» hobetsi duela azken agintaldian.

Horregatik, EH Bilduko hautagaiak argi du zer egingo duen oraingoan: EH Bildu aurretik badago eta «bigarrenak baino boto bat gehiago» baldin badauka, Larrion aurkeztuko da Gasteizko alkate izateko inbestidura saiora. «Uste dut kasu horretan Urtaranek ulertuko lukeela mezua, eta babesa emango ligukeela. Ez dut aintzat hartzen EAJk eta PPk akordioa egiteko aukera, erabat baztertzen dut posibilitate hori», esan du. PP Gasteizen lehenengo indarra izateko aukera ere baztertu du Larrionek.

EH Bilduren hautagaiak zehaztu duenez, alkate izateko Larrion proposatzeak ez luke esan nahi beste indar batzuekin akordioak egiteko prest ez daudenik, «EAJk edo PSE-EEk aldaketarako politika aurrerakoiekin bat egin nahi badute».

Turismoari dagokionez, ereduaren inguruko eztabaida sustatzearen alde agertu dira EH Bilduren hiru hautagaiak. Goirizelaiak esan du ez daudela turismoaren kontra, baina bai hura «arautzearen» alde, eta turismo plangintza diseinatzea proposatu du, «Bilbok nahi duen turismo eredua zehazteko». Karrere bat etorri da Goirizelaiak azaldutakoarekin: esan duenez, turismoak «hankaz gora» jarri du Donostia, eta, horren ondorioz, industria «desagertu» da, eta lanaren behin-behinekotasuna areagotu da.

«Korapiloak askatu»

Bizikidetzaren arloan, Karrerek esan du EH Bildu «biktimen sufrimendutik gertu» dagoela, eta hala jarraituko duela Donostiako alkatetza eskuratzen badu. Oraindik dauden «korapiloak» askatzeko beharra nabarmendu du: «Horretarako, guztiekin hitz egin behar da, ez delako soilik EH Bilduren eginkizuna». Errenterian (Gipuzkoa) egindakoa eredutzat hartuta, «eragile eta alderdi guztiekin» elkartzearen alde azaldu da, «korapilorik gabeko Euskal Herria» xede.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.