«EH Bildu da EAJk, PPk eta PSE-EEk babesten duten ereduaren alternatiba bakarra». Halaxe adierazi du Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak. Izan ere, bi aukera ikusten ditu urriaren 21eko hauteskundeetarako: «Orain artekoarekin jarraitzea; edo bestelako eredu bat eta bestelako politika batzuk bultzatzea». Bake prozesuari dagokionez, Agirrezabalak salatu du Lopezen gobernua «desagertua» egon dela, eta ez duela ekimen bakar bat ere bultzatu prozesuan sakontzeko: «Bakearen legegintzaldia izan da pasatu berri dena, Lopezen gobernua gorabehera; ez hari esker».
Amaitzera doan legegintzaldiko balantzea egitean, argi geratu da EAJk, PSE-EEk eta PPk eredu sozioekonomiko bera babesten dutela, Agirrezabalaren arabera. Krisiari aurre egiteko estrategia berberak dituztela argudiatu du; adibidez, Pasaiako kanpoko kaia, Zubietako errauste planta eta Kutxen Legea aipatu ditu. Hiru alderdiek askotan kritikatu dute Bildu «proiektu estrategikotzat» dituzten horien aurka agertu izana. Agirrezabalaren iritziz, Gipuzkoako Foru Aldundia gobernatzen duen koalizioak frogatu du posible dela herritarren «benetako arazoei» irtenbidea aurkitzeko politika alternatiboak egitea. «Beldur diote EH Bilduri, aldaketari beldur diotelako», gaineratu du.
Orain, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak hurbiltzen ari diren honetan, uste du Lopezek Raxoiren murrizketen alternatiba gisa agertu nahi duela. Horretan «denbora galtzen» ari dela ohartarazi dio Agirrezabalak lehendakariari: «Euskal gizarteak badaki hori gezurra dela, Lopez egiten ari den murrizketak pairatzen ari baitira herritarrak».
Bestalde, Alderdien Legeak gizartearen zilegitasunik gabeko gobernua eratzea ahalbidetu zuela salatu du EAko ordezkariak. Agirrezabalak esan du bere alderdiak beti jo duela antidemokratikotzat lege hori. 2009az geroztik, gutxiengoak gehiengoa gobernatu duela salatu du, eta ohartarazi du PP-PSE formulak ez duela balioko hurrengo legegintzaldirako, «inoiz ez duelako euskal gizartearen gehiengoaren nahia islatu». Ondorioz, bake prozesuaren bidean zein beste gai askotan, azken hiru urte eta erdian «denbora bikaina galdu» dela iritzi dio.
Bake prozesuan ekimenik ez izateaz gain, Lopezek lehendakari gisa baino, PSOEko buruzagi gisa jokatu duela salatu du Agirrezabalak, «beti PPren presioari zeharka begira». Aieteko Nazioarteko Konferentzia «historikoan» parte hartzeari uko egin ziolagogoratu du legebiltzarkideak, eta ETAren jarduera armatua uzteko agiriak AEBetan «harrapatu» zuela.
Kontu ikuskatzea eta EAJ
EAJk Eusko Jaurlaritzaren kontu ikuskatze bat eskatu duela eta, Agirrezabalak adierazi du alderdi jeltzaleak bere buruari begiratu behar liokeela lehenik. Bidegiren ehunka milioiren zorpetzea, Miñao auzia —Arabako espioitza kasua—, Lezama eta Barrikako (Bizkaia) urbanizazio plan irregularrak... aipatu ditu, EAJk «kudeatzaile onaren» papera hartu izana kritikatzeko.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea
EAk bi aukera daudela dio: «orain artekoa edo EH Bildu»
Agirrezabalak dio eredu sozioekonomiko bera defendatzen dutela EAJk, PSE-EEk eta PPk; «krisia sortu duen eredua», hain zuzenLopez «bakearen lehendakari» gisa agertzea kritikatu du, «desagertua» egon dela iritzita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu