politika

EAk dio "estrategia nazional bateratua" abiatzeko garaia dela

Maiorga Ramirez EAko bozeramaileak uste du larunbateko manifestazioa "abiapuntua" izan dela. Aralarrek indar abertzaleen elkarlana aldarrikatu du, "inor baztertu gabekoa".

2009ko urriaren 19a
19:11
Entzun
Maiorga Ramirez EAko bozeramaile eta Nafarroako alderdiko presidenteak gaur azaldu du heldu dela garaia indar abertzaleen artean "estrategia nazional bateratua" abian jartzeko, "pausoak" eman behar direla eta larunbateko manifestazioa dela "abiapuntua".

Arnaldo Otegi, Rafa Diez eta ezker abertzaleko beste zortzi lagunen atxiloketen aurkako manifestazio erraldoia izan zen larunbatean Donostian, ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek deituta, Askatasunaren alde. Eskubide guztiak guztiontzat lelopean, eta han izan ziren, besteak beste, EAJ, ezker abertzalea, Aralar, EA, AB eta Hamaikabat, baita Alternatiba ere.

Aralarrek "politikaren" hautua egiteko eskatu du

Aintzane Ezenarro Aralarreko eusko legebiltzarkideak gaur adierazi du Otegiren-eta proiektua ez duela ezagutzen, baina "haien hautua politikaren bidea hartzea bazen, hori ez dadila bertan behera geratu". Izan ere, Ezenarroren ustez, "politikaren aldeko hautuaren alde egiteari ezin zaio aterik itxi. Gero eta argiago hitz egiten hasteko ordua da", esan du Info7 irrati katean.

Indar abertzaleen arteko elkarlanaren alde egiteko deia egin du, beti ere “gutxieneko batzuetan ados jarri, eta inor baztertu gabe, aurrera egiteko, horrela bakarrik batzen delako herriaren gehiengo politiko eta soziala”.

"Ezker abertzale zibil eta zabala" aldarrikatu du berriro Aralarreko kideak. "Baina horretarako lehenengo oinarri zehatz batzuk jarri behar ditugu: abertzale izatea, ezkerrekoa izatea eta bide politikoen aldeko hautu garbia egitea”.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.