Eusko Jaurlaritzak 2008ko urriaren 25ean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egin nahi duen herri galdeketa Espainiako Kongresuak 2005eko maiatzean elkarrizketaren alde onartuko ebazpenean oinarrituko dela esan du gaur Unai Ziarreta EAko lehendakariak, Gasteizen. ETAk armak uzteko "borondatea" badu, indarkeriaren bukaera "elkarrizketa" bidez egin behar dela dio Kongresuko ebazpenak.
Jaurlaritzak galdera bat "indarkeria baztertzeko irizpide etikoan" oinarrituko du, Ziarretak dioenez, eta bestea elkarrizketaren aldekoan, "betiere ETAk argi erakusten badu armak utzi nahi dituela". "Bigarren galdera irizpide demokratikoan oinarrituko da, aukera politiko denak baldintza beraietan defendi daitezen".
Ziarretak esan duenez, hurrengo astean jakingo dira galdeketako galderak -asteartean izango du bilera Jaurlaritzak-, eta Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak ekainaren 27an aurkeztuko ditu Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Gaur Vocento Taldeak argitaratu du ETAren gaitzespena jasoko duela galdera batek.
EAJk, EAk eta EBk osatutako hirukoak ez du gehiengorik Legebiltzarrean, eta PSE-EEk eta PPk dagoeneko esana dute ezezkoa bozkatuko dutela. Gaur Nekane Erauskin EHAK-ko legebiltzarkideak kritikatu egin du EAJren jarrera, "herri honekin jolasten ari delako, eta badirudi gure ezezkoa nahi duela".
ETArekin hitz egiten hastearen aldeko ebazpena 2005eko maiatzaren 17an onartu zuen Espainiako Diputatuen Kongresuak. PSOEk eginiko proposamena ontzat jo zuten talde politiko guztiek, PPk salbu.
Zazpi atalez dago osatua ebazpena, eta bigarren puntuan daude negoziazioaren ingurukoak. Elkarrizketari bide emateko baldintza gisa aipatzen direnak bertan jaso dituzte. Hala dio, hitzez hitz, atal horretako pasarte batek: "Elkarrizketa bidez indarkeria amaitzeko baldintza egokiak baldin badaude, horren oinarrian indarkeria amaitzeko borondate argia baldin badago eta uste oso horretara heltzeko zalantzarik gabeko jarrerak agertzen baldin badituzte, sostengua adierazten diegu Estatuko aginte eskudunen eta indarkeria uztea erabakitzen dutenen arteko elkarrizketa prozesuei".
Politika
EAk dio herri galdeketa Espainiako Kongresuko ebazpenean oinarrituko duela Jaurlaritzak
ETAk armak uzteko "borondatea" badu, indarkeriaren bukaera "elkarrizketa" bidez egin behar dela dio ebazpenak. Unai Ziarretak jakinarazi duenez, hurrengo astean jakingo da galdeketako galderak zeintzuk izango diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu