Igandean Donostiako Miramar jauregian aurkeztu zen Bildu—EAk, Alternatibak eta ezkerrekoak zein abertzaleak diren herritar independente multzo batek osatutako koalizioa—. Bilduren proiektua gizarteratu bezain azkar, espero zen legez, erreakzio katea eragin du beste alderdien artean. PPk «ondorio guztiekin» Bilduren aurka jotzeko eskatu du, eta Nafarroako Gobernuak, ildo beretik, Espainiako Gobernuari «esku hartzea» galdegin dio. EAk, berriz, Juanjo Agirrezabala legebiltzarkidearen bidez, irmo ukatu du Bildu «ezker abertzaleren B plana» dela, eta argi utzi nahi izan du alderdien eta siglen gainetik indar independentistak bildu nahi dituela.
ETBri eskainitako elkarrizketan, Agirrezabalak aipatu du EAk beti argi hitz egin duela, eta Auzitegi Gorenak Sortu legeztatu izan balu, alderdi hori ere Bilduren aurkezpenean egongo litzatekeela. Alabaina, azpimarratu du proiektu hori «EAren, Alternatibaren, Sorturen eta koalizio horretan diren indarren gainetik» dagoela. «Epe luzeko apustu bat da, estrategikoa, etorkizunean Euskal Herri independiente bat lortzearen alde lan egin nahi duena». Candido Conde Pumpido Estatuko fiskal nagusiak iraganastean zabaldutako mezuari zein azken egunetan jaso dituztenohartarazpenei erantzunez, Agirrezabalak esan du «legez kanporatze gehiagorik» ez dutela nahi: «PPri eta PSOEri interesatzen zaie, ikusi besterik ez dago Eusko Legebiltzarrean egun dugun errealitate artifiziala».
Igandeko aurkezpenean, berriz, Bilduren sustatzaileek aurreratu zuten larunbat honetan emango dutela hauteskundeetarako zerrenden berri, Donostiako Kursaal jauregian egingo den ekitaldian.
Atzo, berriz, Nafarroako Gobernuko eledun Alberto Catalanek aipatu zuen «sistema demokratikoaren aurka doan egoera oro antzematen denean», Espainiako Gobernuari dagokiola«Estatuko abokatuaren,fiskaltzaren eta segurtasun indarren bitartez» esku hartzea. Miguel Sanz Nafarroako lehendakariak «trikimailutzat» jo du Bildu.Hala ere, «legezkoa den edo ez» baloratzea epaileei eta fiskaltzari dagokiola gaineratu du. EAren mugimendu politikoen aurrean Miguel Sanz «harrituta» agertu da eta «hauteskunde irizpideek» soilik baldintzatutako aldaketa dela deritzo. Sanzen arabera, desagertzeko beldurrak ezker abertzalearengana hurreratu du EA: «Zoritxarrez niretzat, ikusi besterik ez dago zer emaitza lortu zituen ezker abertzaleak babestutako plataformak Europako azken bozetan».
Antonio Basagoiti EAEko PPko buruak, berriz, Radio Popularri eskainitako elkarrizketan, esan du Bildu «ETAren marka ona» dela eta «ahal den guztia» egin behar dela bozetan aurkezterik izan ez dezan: «Berdin dio noren babesa bilatzen duten edo nola deitzen diren», dio. «Bilduren atzetik doa ETA, EAren formularen atzetik doa, abertzaleen indar metaketaren bila, agirietan dioen bezala. Hori jakin behar da eta aurre egin behar zaio».
PSNko idazkari nagusi Roberto Jimenezek, berriz, Bilduren inguruan «zuhurtzia» eskatu du. Indarkeriaren amaiera «gertuago» dagoela deritzo. «Gauzak gertatzen ari dira, hori argi dago».
NaBai: «Albiste ona da»
Txentxo Jimenez NaBaiko ordezkariaren arabera,«albiste ona» da Bilduren bidez «iragan hauteskundeetan aurkezterik izan ez dutenek» aukera hori izatea. «Lehentasuna izan behar du aukera guztiak, pertsona guztiak, bozetan aurkeztu ahal izatea». Hauteskundeetan lehiakide izango badute ere, zorte ona opa dio.
EAk dio independentistak batzea dela Bilduren xedea
Bilduren aurka jotzeko eskatu diote fiskalari Nafarroako Gobernuak eta PPk; PSNk, berriz, zuhurtzia eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu