UPN eta PSNren arteko gobernu ituna hautsi ostean, Maiorga Ramirez EAko Nafarroako idazkari eta Bilduko legebiltzarkideak argi dauka: foru hauteskundeak aurreratu beste erremediorik ez da izango; «saihetsezina izango da». Miren Aranoa EAren Nafarroako bozeramailearekin batera emandako prentsaurrekoan, esan du itun haustura horrek berekin ekarri duela UPN «ideiarik gabe, etorkizunerako proiekturik gabe, eta herritarren arazoentzako irtenbiderik gabe» gobernatzen aritzea. «Agintari batek ezin du asko iraun herritar gehienak kontra badauzka», esan du, «eta Yolanda Barcina iraganeko kontua da, eserlekuari eusten egoskortu den arren».
UPNri ez ezik PSNri ere egin dio kritika Ramirezek. Sinesgarritasunik ez edukitzea aurpegiratu dio, eta, beraz, ohartarazi dio «birformulazio ideologikoa eta estrategikoa» egin beharko lukeela. Ramirezen iritzian, Nafarroa «ziklo aldaketaren atarian» dago.
Bien bitartean, PSN bere tokia markatu nahian ari da. Juan Jose Lizarbek atzo jakinarazi zuen ez dutela beti babestuko Barcinaren gobernua. «Herritarrentzako baliozkoa den oposizioa» egingo dutela esan du, eta ez UPNrentzat eraginkorra dena.
Egoeraren ardura UPNri egotzi dio, eta gaineratu du beraiek ez dutela onartuko Barcinaren eta UPNren «huts estrategikoak» herritarrek ordaintzerik. «Legebiltzarraren boterea baliatuko dugu PPren eskubide urraketak Nafarroan ez daitezen ezar».
Hauteskundeak aurreratuko diren galdetuta, ez dakiela erantzun die Lizarbek komunikabideei, baina egitekotan «seguruenikirabazi» egingo lituzketela gaineratu du.
Alberto Catalan (UPN) legebiltzarreko presidentearen irudiko, berriz, UPN eta PSN «ulertzera kondenatuta» daude, «Nafarroaren onerako». Bi alderdi horiei dei egin die akordioetara iristeko formula bat topatu dezaten, «izan unean uneko akordioak, edo akordio orokorragoak». Etorkizunera begiratu behar dela esan du: «Iraganera begiratu eta zaurian piko egiten ibiltzeak ez dakar ezer onik». Haren iritzian, «bozetara deitzea» ez da egoeraren irtenbiderik egokiena; izan ere, emaitza berdintsuak izango liratekeela uste du.
EAk saihetsezintzat jo du Nafarroan bozak aurreratzea
PSNk esan du ez duela beti babestuko UPN, eta herritarren interesak defendatuko dituela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu