IRUÑEA. UPNk zuzendutako garaian, Nafarroako Gobernuak salestarren planean interes pribatua publikoaren aurretik lehenetsi zuela adierazi du Nafarroako Kontu Ganberak. Erakunde horrek argitaratutako azken txostenaren arabera, gobernuak preseski diseinatu zuen hirigintza operazio bat salestarren ikastetxe kontzertatuaren lekualdaketa finantzatzeko, «administrazio publikoak arrisku handia bere gain hartuz».Izan ere, azaldu du Vinsa sozietate publikoak konpromisoa hartu zuela salestarrei orubeagatik ordaintzeko «etorkizuneko salmentaren» emaitza ezagutu gabe.
Yolanda Barcinaren gobernuak hartu zuen salestarren eremuan etxe orratz bat egiteko konpromisoa, 2011n; trukean, Eguesibarren beste ikastetxe bat eraikiko zuen. Kontu Ganberak zehaztu du ikastetxeak babestea interes orokorreko gaia dela, baina horretarako «aukera berdintasuna» bermatu beharra dagoela eta jarduera horiek ezin dituztela baldintzatu interes orokorreko beste ekintza batzuk.