Beste epai bat euskara eskakizunen aurka. CCOO sindikatuak ohar batean —gaztelera hutsean idatzita dago oharra— jakinarazi duenez, Donostiako Lehen Auzialdiko 3. Epaitegiak ebatzi du Eibarko Egogain zaharren egoitzako bi langile ezin direla LEP Lan Eskaintza Publiko batetik kanpo utzi euskaraz ez jakiteagatik.
Sindikatuak salatu du deialdian lanpostu guztietarako eskatu dutela idatzizko eta ahozko B2 maila, eta, legearen arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak lanpostuen %63tan eskatu behar duela. Are, nabarmendu dute herritarren %20-30ek eskatzen dutela zerbitzuak euskaraz jasotzea.
Azaldu dutenez, hautagaiak prozesutik kanpo utzi zituzten, euskaraz idazteko eta hitz egiteko B2 maila dutela ez frogatzeagatik: «Langileek hemeretzi urte ere bazeramatzaten aldi baterako kontratuekin, eta hamar urte ere bai euskaltegietan euskara eskakizuna egiaztatzea lortu nahian; ez dute aukerarik izan lanorduetan euskara ikasteko, behin-behineko langileak izateagatik».
Ez da kasu bakana
Ez da antzeko lehen kasua. Joan zen urrian, Donostiako epaitegi batek ebatzi zuen Kabia organismoaren hizkuntza eskakizunak «neurriz kanpokoak» zirela. 2022an onartutako lan deialdi baten kontra egin zuen propio: 54 lanpostu egonkortzeko abiarazi zuten; 49k zituzten euskara eskakizunak. Kabia erakundeak Gipuzkoako hamasei zahar etxe batzen ditu, eta adinekoen eta mendekotasun egoeran daudenen zaintzaz arduratzen dira.
Antzekoa da Uliazpiren auzia ere. Fundazioak 2021eko uztailean onartu zuen 34 zaintzaile kontratatzeko prozesua; euskaraz jakitea —B2 titulua izatea— baldintza zen 32 postutarako, eta meritua beste bitarako, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eskakizun horien aurka egin zuen, epai baten bidez. Helegitea jarri zuten, baina Espainiako Auzitegi Gorenak ez zuen onartu. Desgaitasun intelektuala duten pertsonak artatzen dituzte fundazio horretan.