Asteburuan izan diren euriteen eraginez, Iruñerrian uholdeak izan dira hainbat herritan, eta, horien ondoren, ur emaria hegoaldera joan da. Ez da atzoko kalterik izan, baina Castejonen Ebro ibaiak gainezka egin du, eta N-113 errepidea itxita dago.
Gaur goizeko 07:30ean Funesen zegoen arrisku handiena. Arga ibaia 5,48 metroko altuerara iritsi da. Eugiko urtegiak ura botatzen jarraitzen du, eta Esan eta Itoitzen ere antzera dabiltza; ondorioz, hurrengo egunetan Arga, Aragoi eta Irati ibaiek normalean baino ur gehiago izango dute.
Iruñerriko autobusak normal ari dira zerbitzuak eskaintzen, Iruñerriko Mankomunitateak jakinarazi duenez. Burlatarako errepide zaharra, NA-30a Landabenen eta Miluzeko zubiko errepide zaharra itxita daude.
Uholde handiak atzo
Bestelakoa izan zen atzo egoera Iruñerrian. Arga Iruñerrian atera zen, eta Iruñean, Arrotxapea auzoan, Burlatan, Atarrabian eta Uharten uholde handiak izan ziren. Urak edukiontziak eta autoak harrapatu zituen kalean, eta Atarrabian gizon bat helikopteroz atera behar izan zuten. Errepide sare nagusiko zenbait errepide moztuta geratu ziren. Ebroko Ur Konfederazioak Iruñean inoiz neurtu gabeko ur maila neurtu zuen atzo 13:00ean: 550 metro kubiko segundoko.
Gertatutakoa ez zuten espero, eta alarma berehala piztu zen. Metro koadroko 60 litro bota zituen 24 orduan, eta berehala bizilagunei autoak ibai ertzetatik eramateko eskatu zieten. Berandu zen ordurako, ordea, eta zenbait auto ia estali zituen urak. Gainera, ur putzu handiak sortu ziren, eta etxe atarietara eta garajeetara sartu zen. 25 lagun atera behar izan zituzten etxetik Uharten eta Atarrabian.
Etxauriko txakurtegian zeuden txakurrak eraman behar izan zituzten, eta salbu dira.
Gipuzkoan ere, luiziak
Iruñerritik kanpo ere egoera zaila bizi izan zuten atzo. Hainbat errepide itxi zituzten, euriaren eta luizien eraginez. Gipuzkoan ere Getaria eta Zarutz arteko errepidea itxi egin zuen atzo, beste behin, luizi batek. Beasainen etxe bateko bizilagunak atera zituzten etxetik, ondoan gertatu zen luiziaren eraginez.