EEPk eta Jaurlaritzak 2,4 milioi banatu dituzte Ipar Euskal Herriko eragileak laguntzeko

Iaz baino 540.000 euro gehiago banatuko dituzte eragileen artean. Euskal Konfederazioak laguntza «sendoago eta iraunkorragoa» eskatu du.

Aldasoro eta Behotegik, EPP eta Jaurlaritzak Baionan egin duten prentsaurrekoan. PATXI BELTZAIZ
Aldasoro eta Behotegik, EPP eta Jaurlaritzak Baionan egin duten prentsaurrekoan. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2026ko ekainaren 30a
17:47
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Badakigu ez dela aski finkatu ditugun helburuetara iristeko», aitortu du Maider Behotegi EEP Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak. Baina hori da momentuko mahai gainean eman dezaketena. EEPk eta Jaurlaritzak 2.470.000 euro banatuko dituzte Ipar Euskal Herriko eragileen artean, hots, iaz baino 540.000 euro gehiago. Euskal Konfederazioak emendatzea onetsi du, hainbat eragileri «lasaitasuna» emanen dielako, baina Ipar Euskal Herria berreuskalduntzeko «epe luzeko inbertsio iraunkorra» egiteko eskatu du. 

Iazko abenduan egin zuten biltzar nagusian erabaki zuten 100.000 eurora mugatzea EEPko partaide bakoitzak aurrekontuari eginen dion ekarpen gehigarria. Horrez gain, helburu gisa finkatu zuten 2050erako Ipar Euskal Herriko biztanleen %30 euskal hiztunak izatea. EEPko arduradunek baieztatu dute ondoko hilabeteetan abiatuko dutela azterketa, neurtzeko helburu horrek zer baliabide ekonomiko eskatzen dituen. «Eskualdeko kontuen ganberak EEPren azterketa egin du berriki. Baditugu tresna guziak, badugu iparrorratz bat, orain definitu behar dugu zer baliabide sartu behar diren», zehaztu du Ttitto Betbeder EEPko zuzendariak. Hizkuntza politika publikoa kudeatzen duen egitura berritzeko biltzar nagusian erabaki zuten bi urtean behin diruztatzaileen konferentzia bat antolatzea, EEPko kide diren erakundeetako presidenteak bilduta. Heldu den urtean bilduko da lehen aldiz, eta ordurako lehen urrats bat eginen dutela erran dute.

Aurtengo diru laguntzetarako, iaz baino 440.000 euro gehiago jarri ditu EEPk, eta Jaurlaritzak 100.000 euro gehitu ditu bere aldetik. Bi aldeen «funtsezko partaidetza» goraipatu du Behotegik, eragileak diruztatzea «biziki inportantea» dela erranez. «Helburua da funtsezko rola betetzen duten eragileei laguntza ekartzea», adierazi du. Bereziki nabarmendu ditu irakaskuntza, erabilera, haurtzaroa eta helduak.

Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak erran du administrazioak «ezinbestekoak» dituela eragile pribatuak bere ondoan, «euskarari begira indarra eman eta eraginkortasuna bilatu» nahi badu. «Ipar Euskal Herrian zer erranik ez, jakinez urtero 9.000 herritar ateratzen direla, eta 12.000 iritsi. Horietako gehienak Frantziatik». Ezagutzan, erabileran eta transmisioan eragiteko beharra berretsi du eta eskerrak eman dizkie helburu horiek betetzeko lanean diharduten eragileei. «Seaska erabat estrategikoa da; AEK ere helduen euskalduntzean eta normalizazioan duen lanagatik, ikas prozesuetatik harago; Plazara elkartea, komunitate ikuspegia bultzatzen duelako; eta zer erranik ez hedabideek egiten duten lana».

Euskal Konfederazioak oroitarazi du «osoki garatu ahal izateko» legezko aitortza behar duela euskarak Ipar Euskal Herrian. Azaroaren 21ean  manifestaldia eginen dure Baionan hori aldarrikatzeko, eta dei egiten die euskaltzale guziei bertan parte hartzeko. «Anartean, funtsezkoa da laguntza ekonomiko sendoago eta iraunkorragoa eskura dezan euskarak, proiektu konkretuekin aitzinatzen segitzeko», adierazi dute.

Seaskari oztopoak

Bi taldetan banatzen diren EEPren diru laguntzak jasotzen dituzten eragileak. Badira batetik hitzarmenez lotuak diren euskalgintzako eragileak: 2.3 milioi banatu dituzte horien artean. Horrez gain, proiektu deialdia egiten dute beste hainbat eragileren egitasmoak laguntzeko. 170.000 euroko diru zama banatu dute aurten. 

Helduen euskalduntzea da diru zama handiena jasotzen duen eremua. 750.000 euro jasoko ditu AEK-k, iaz baino 230.000 gehiago. Euskarazko hedabideen arloan haatik 612.000 euro banatuko dituzte, iaz baino 82.500 gehiago. Aisialdiaren eremuan ari diren eragileentzat 310.000 euro izanen dira.

Irakaskuntzaren arloan Seaskak jasoko du laguntza handiena: 495.000 euro —iaz baino 90.000 gehiago—. Ipar Euskal Herrian ama eskolatik lizeoraino euskara hutsean ikasteko aukera bakarra ikastolek eskaintzen dute gaur egun oraindik. Baina Mediabask agerkariak jakinarazi duenez, aurten emendaketaren kontra agertu dira Frantziako Estatuko ordezkariak eta Annick Trounday Pirinio Atlantikoetako departamenduko hautetsia. Baionako suprefetak erabaki atzeratzeko eskatu zuen biltzar nagusian, baina gainerako hautetsiek ontzat ematea erabaki zuten azkenean. 

Laguntza nagusiak

  • AEK. 750.000 euro (+230.000).
  • Seaska. 495.000 euro (+90.000).
  • Euskal Irratiak. 260.000 euro (+25.000).
  • Uda Leku. 240.000 euro (+61.000)
  • Kanaldude. 120.000 euro (+40.000).
  • Bertsularien Lagunak. 70.000 euro (+5.000)
  • Herria. 55.000 euro (+6.500)
  • Kazeta.eus. 50.000 euro (+17.000)
  • Ikas Bi. 42.500 euro (+2.500)
  • Ipar Euskal Herriko Hitza. 42.000 euro (+14.000)
  • Plazara. 35.000 euro
  • Irulegiko Irratia. 32.500 euro (+7.500)
  • Euska Haziak. 31.000 euro (+3.000)
  • Biga Bai. 24.500 euro (+1.500)
  • Gure Irratia. 17.500 euro (-5.000)
  • Xiberoko Botza. 17.500 euro (+2.500)
  • Antxeta Irratia. 17.500 euro (+1.450)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA