Urtebeteko blokeoaren ondotik, iritsi da EEPren aurrekontu emendatzea, baina ez da espero bezalakoa. Euskararen Erakunde Publikoari urtean 100.000 euro gehiago emanen dizkiotela iragarri dute Frantziako Estatuaren ordezkariek, ostegun goizean iragan den biltzar nagusian. Erran dute euskararen «garapenari, sustapenari eta zaintzari» Frantziako Estatuak agertzen dizkion «sostengua eta atxikimendua» baieztatzen dituela horrek. Euskalgintzaren eskaerei muzin egiten diela erantzun lezake batek baino gehiagok, eta urrun gelditzen dela hizkuntza politikak Ipar Euskal Herrian dituen erronketatik.
Ikusi gehiago
2023ko urrian abiatu zuten EEP berritzeko prozesua; luzera begira hizkuntza politikak izanen dituen erronkei buruz gogoetatzeaz gain, erakunde publikoaren baliabideak emendatzeari buruzko eztabaida ere izan zuten. Azken urteetan, euskalgintzak behin baino gehiagotan eskatu du hizkuntza politikaren aurrekontua emendatzeko, baina ez dute adostasunik lortu EEP osatzen duten kideen artean. Iazko udaberrian, erakunde publikoaren aurrekontua izoztea erabaki zuten, negoziatzen segitzeko.
2004an sortu zenetik, lau hanka ditu EEPk: Frantziako Estatua —Kultura, Hezkuntza eta Barne ministerioek dute ordezkaritza—, Akitania Berria eskualdea, Pirinio Atlantikoetako Departamendua eta Euskal Hirigune Elkargoa. Laurek ekarpen ekonomiko bera egiten dute: 860.000 euro.
Euskal Elkargoa izan zen mugitzen lehena: iazko aurrekontuan EEPri 650.000 euro gehiago ematea erabaki zuen, gainerako instituzioak mugiarazteko helburuarekin. Iazko Herri Urratsen, 100.000 euroko emendatzea iragarri zuen Akitania Berriak, baina geroztik ez dute txintik erran. Jean Jacques Lasserre buru duen departamendua izan da blokeoaren eragile nagusietako bat: finantzen egoera kaskarra argudiatuta, emendatze ororen kontra agertu da orain arte. Parisek 100.000 euroko emendatzea iragarrita, ikusteko dago gainerako erakundeak harekin lerrokatuko ote diren.
2050a ikusmiran
Maider Behotegi EEPko lehendakariak iazko urrian BERRIAri adierazi zion emendatze oro «baikorra» izanen zela, baina argitu zuen «beharrezkoa» zela partaide bakoitzak 300.000 euro gehiago ematea. Emendatze horretara heltzea bera ez zela «aski» izanen iradoki zuen Antton Kurutxarri Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordeak udaberrian. Ororen buru, aise gutxiago ematea erabaki du Frantziako Estatuak.
Euskara larrialdian dela ebatzita, hizkuntza politikan jauzi bat egiteko eskatu du behin eta berriz euskalgintzak azken urteetan. Helburua ere finkatu du: 2050erako hiztun kopurua %30era heltzea Ipar Euskal Herrian. Iazko ekainean aurkeztu zuen EEPk helburu horretan oinarritutako prospektiba lana, hezkuntza arautuan eta helduen irakaskuntzan azpimarra jarrita.
Euskararen Erakunde Publikoa «krisian» zegoela erran dute anitzek azken hilabeteetan. Ez da errana estatuaren erabakiak egoera konponduko duenik.