Alderdi sozialistak jarri zuen udan mahai gainean EGA Euskararen Gaitasun Agiriari buruzko probari buruzko eztabaida. Gaindituen tasa txikia gogoan hartuta —aurkezten direnetatik laurden batek gainditzen du—, hori aztertzeko eskatu zuen.
Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran aztertu dute gaia, eta erdibideko mozio bat onartu dute. Zehazki, gobernuari eskatu diote lau hilabeteko epean aztertzeko euskara proben “orientabidea eta edukiak”, oraingo emaitzak ebalua ditzala eta arrazoiak zein diren iker dezala. Hobekuntzak egiteko ere eskatu dute, eta proba horiek “errealitate soziolinguistikora eta bete beharreko zereginetara” egokitzeko ere bai.
PSE-EEko legebitzarkide Isabel Zelaak azaldu du ez direla “onargarriak” EGAren emaitzak, eta zer gertatzen den aztertu beharra dagoela. Nabarmendu du titulua sortu zutenetik ez dela ebaluaziorik egin. Bidenabar, goratu egin du aurreko legealdian —bera Hezkuntza sailburu zela— Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakia: euskara mailak aitortzen dizkiete ikasketak euskaraz egiten dituztenei. Zelaak esan du horri esker EGAra jende gutxiagok aurkeztu beharko duela —karrera euskaraz eginda aitortzen dute EGAren pareko maila—.
EAJko parlamentari Garbiñe Mendizabalek ohartarazi du hiztun guztiek ez dutela maila hori behar. “Euskaraz normal jarduteko ez da prezisoa EGA edukitzea”. Emaitza kaskarren azpian hainbat arrazoi egon daitezkeela uste du; besteak beste, 17 urterekin joaten dira ikasleak probara, “ohitura” gisa, eta probak eskatzen dituen adinako gaitasunak ez dituztela gai guztien aurrean. Orobat, uste du Europako hizkuntzen erreferentzia marko bateratua egokitu egin behar dela euskararen egoerara. Izan ere, marko hori, berez, atzerriko hizkuntzetako mailarako pentsatua dago.
EH Bilduren izenean, Xabier Isasi legebiltzarkideak jardun du hizlari. Haren ustez, auzia ez da EGAren ingurukoa. Oinarrira jotzeko eskatu du: hizkuntzen asimetria, ikasleek lortzen duten maila... “Arazoa ez da EGA”. Hala ere, koalizioak bat egin du erdibideko mozioarekin, Jaurlaritzari eskatzeko euskara tituluen egoera aztertzea. “Normalizazioaren alde” hartu du erabaki hori.
UPD eta PP ere batu dira. Testua EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk aurkeztu dute, eta beste bi taldeek ere babestu dute. Biak etorri dira ados egoera aztertzearekin, baina indar egin dute langile publikoei eskatzen zaien mailarekin; gehiegizko eskakizunak direla esan dute. Gorka Maneirok bere kasua ere izan du hizpide. Azaldu du ez duela EGA titulurik. “Suspenditu egin nuen azterketa; baina ez proba gaizki planteatua zegoelako, baizik eta mailarik ez dudalako”.
Eusko Jaurlaritzak jadanik martxan jarria du azterketa hori. Urriaren 2an bildu zuen euskara tituluei buruzko koordinazio batzordea —horko kide dira euskara tituluak ematen dituzten Jaurlaritzako erakundeak: Hezkuntza Saila, Ertzaintza...—. Batzorde horren barruan lantalde bat sortzea erabaki dute, eta hark egingo du EGAren eta gainerako tituluen egoerari buruzko azterketa. Jaurlaritzako teknikariekin batera, euskararen egiaztagirietan adituak diren pertsonak ere arituko dira talde horretan —ez dute zehaztu zein izango diren—.