Bertsolari Txapelketa Nagusia

Egaña laugarrenez txapeldun eta Iturriaga txapeldunorde

Finalera sailkatutako beste zazpi bertsolarietatik inork ez du lortu oraingoan ere Andoni Egaña bertsolari handiari txapela kentzea: laugarrenez, zarauztarrak irabazi du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Unai Iturriaga izan du gaurko finalean aurkari gogorrena, eta harekin neurtu da arratsaldeko saioan buruz burukoan. Nolanahi ere, bertsolari guztiak aritu dira finaleko saio luzean zehar fin, eta batzuek zein besteek ale eta bertsoaldi ederrak utzi dituzte. Halaber, Barakaldoko (Bizkaia) BEC aretoan bildu diren 13.000 lagunek sortu duten giroa itzela izan da.

2005eko abenduaren 18a
20:42
Entzun
Goiz-goizetik nabari zen jendea bertso gosez eta bertsolariei animoak emateko gogoz zegoela. Giroa aparta izan da BECen, nahiz eta goiz eta arratsalde, saioa luzea izan. Baina entzuleak ez dira nekatu, eta txalo zarta gogorrekin lagundu dute etengabe saio guztia.

Goizean zein arratsaldean bertso zein bertsoaldi bikainak entzun dira, baina, azkenean, berriro ere, Andoni Egaña nabarmendu da guztien gainetik, eta hark jantzi du txapela, laugarrenez.

Iturriaga izan da txapeldunorde. Hain justu, txapelketako azken zatia bi bertsolarik buruz buru jokatzen dute, eta atal horretarako Egaña eta Iturriaga sailkatu dira epaimahaiak egun osoko saioetan zehar emandako puntuen arabera. Buruz burukoan ederki aritu dira biak, baina, beharbada, uneren batean hainbeste orduko bertso jardunaren nekea sumatu zaie.

Hirugarren, berriz, duela lau urte txapeldunorde izan zen Maialen Lujanbio izan da gaur. Harekin puntuetan parekatuta Amets Arzallus laugarren; Igor Elortza bosgarren; Sustrai Colina seigarren; eta haien atzetik Aitor Mendiluze eta Jon Maia zazpigarren eta zortzigarren haiek ere puntuetan berdinduta.

Une hunkigarri asko bizi izan dira saioan zehar, batik bat, amaieran, emaitzak zabaldu etasariak banatzeko unea iritsi denean. Esate baterako, ederra izan da bertso eskolen ordezkari Euskal Herriko zazpi probintzietako bertsolari gaztetxoek elkarrekin josi duten bertsoa; polita izan da Aitor Mendiluzek etxean bizi izan dituzten haur-galtzeei buruz oholtza gainetik egin duen aitortza; Arzallusek eta Iturriagak presoei egindako aipamenek ere txalo zarta ozenak jaso dituzte. Egañaren agurreko bertsoak, berriz, gori-gori jarri du giroa: bere amari eta gainerako finalista guztien amei eskaini die txapela.

Informazio zehatzagoa Bertsozale Elkartearen orrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.