EUSKARA

EGAren azpiko mailek ere proba librea izango dute

B1 eta B2 mailetan deialdi irekia egingo du Jaurlaritzak irailetik aurrera; orain arte EGAk soilik izan du sistema hori. A1 eta A2 maila duten ikasleei ziurtagiria emango diete.

EGAko proba baten irudia, iazko irailekoa. ANDONI CANELLADA, ARP
Garikoitz Goikoetxea.
2016ko martxoaren 30a
07:24
Entzun

Euskara ziurtagirietan aldaketa handiak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak. Orain arte, EGA Euskararen Gaitasun Agiria lortzeko probetara aurkez zitezkeen herritarrak euskaltegiko edo hizkuntza eskolako ikasle izan gabe. Irailetik aurrera, B1 eta B2 mailetako probak ere libreak izango dira. EGAren bakartasuna hautsiko da, horrenbestez.

Irailean izango da matrikula egiteko aukera, eta probak udazkenean egingo dituzte, HABEren azterketetako bigarren deialdiarekin batera. Ingeleseko tituluekin alderatuta, B1 maila Pet titulua da, eta B2 maila, First titulua. EGA C1 mailakoa da —ingeleseko Advanced tituluaren parekoa—.

Euskaltegietako ikasleentzat ere aldaketak izango dira. Hizkuntzen Europako Marko Bateratuari jarraituz, A1 eta A2 oinarrizko mailen curriculuma sortua du HABEk —ikasmaterialak osatzen ari dira orain—. Bi maila horiek egiaztagiriak izango dituztela jakinarazi dute. Ebaluazio jarraituaren bidez emango dituzte ziurtagiri horiek, eta eskuratzen dituzten ikasleek aukera izango dute euskara ikasteko diru laguntzetan sartzeko.

Egiaztatze sistemari dagokionez, beste aldaketa bat B1 mailako euskaltegiko ikasleentzat izango da. Azterketa orokortu bat egin beharrean, aurrerantzean probak euskaltegian bertan egingo dizkiete. HABEren asmoa da beste mailetan ere bide bera hartzea, “pixkanaka”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.