Egia erdia lortuta, osoaren bila

42 urte dira Espainiako Poliziak lau gazte hil zituela Pasaian, eta oraindik ez da argitu egileen informaziorik. Justizia lortu nahian, Egiari Zor fundazioak mahai ingurua egin du Azpeitian.

Jon Mirena Landa, Iratxe Urizar eta Bertha Gaztelumendi, gaur, Azpeitiko solasaldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Jon Mirena Landa, Iratxe Urizar eta Bertha Gaztelumendi, gaur, Azpeitiko solasaldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iratxe Muxika
Azpeitia
2026ko martxoaren 14a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Rafael Delas: 21 balaz eraila. Pedro Mari Isart: 28 balaz eraila. Jose Mari Izura: 28 balaz eraila. Dioni Aizpuru: 36 balaz eraila. Komando Autonomo Antikapitalistetako kideak ziren laurak, eta Pasaiako sarraskian hil zituen Poliziak, Gipuzkoan. 1984ko martxoaren 22an izan ziren hilketak, duela 42 urte. Eusko Jaurlaritzak, joan den urtean, motibazio politikoko biktima izendatu zituen hildako lau gazteak, baina Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco katedra, GEBehatokia eta biktimen senideak ez dira horrekin konformatu, eta urrunago joan nahi dute: aitortza ofizialetik justiziaraino. Eta bide hori urratzen jarraitzeko, mahai inguru bat antolatu du gaur Egiari Zor fundazioak, Azpeitian (Gipuzkoa): egia osoa jakiteko «asko» geratzen delako oraindik.

Bertha Gaztelumendi kazetariak gidatu du saioa, eta bi hizlari aritu dira azalpenetan: Jon Mirena Landa Giza Eskubide eta Botere Publikoen Unesco katedraren zuzendaria, eta Iratxe Urizar GEBehatokiko kidea. Deusekin hasi aitzinetik, lehen kolpea bota du Landak: «Tiroak alde bakarretik jaurti ziren; ez zen aldebiko borroka bat izan». Datu horrek ondorio bat ekarri du derrigor: «Judizioz kanpoko exekuzioa izan zen Pasaiakoa». Gertakari bakoitzak dagokion izena behar du, haren erranetan.

Izan ere, Landak kontatu duenez, 1984ko martxoan ez zen justiziarik egon, eta urte batzuk geroago katedrak txosten bat egiteko enkargua jaso zuen. «Zertarako? Bada, harresia apurtzeko eta egiaren bila joateko». Oinarri-oinarrian, informazio jakin baten gibeletik abiatu ziren: zer gertatu zen, eta zeinek hil zituen Delas, Isart, Izura eta Aizpuru. Egiaren zati bat bai, baina osoa falta dute, ez baitaukate egile zehatzen berririk.

«Kasua edozein dela ere, argazki erreportaje bat egiten da beti, irudiek datu asko ematen dituztelako gertakariei eta biktimei buruz. Pasaiako kasuan ere bazeuden argazkiak, baina desagertu egin ziren. Arraroa da, ezta?»

JON MIRENA LANDA Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco katedraren zuzendaria

30 orriko txosten bat osatu zuten, eta 2020an jarri zuten Eusko Jaurlaritzaren esku. «Bi esaldirekin labur liteke txostenaren emaitza: justizia administratiboak gabezia ikaragarriak ditu, eta poliziek ahal zuten guztia egin zuten ahalik eta informazio gehien gordetzeko», erran du Landak. 2000. urtean berriz ireki zuten artxiboa, katedrakoen irudiko gertatutakoa «ez zetorrelako bat» artxibatutako informearekin.

Eta kasu bat bigarren aldiz irekiarazteak gauza bakarra erran nahi du: zegokion momentuan gauzak ez zirela zuzen egin. Landa: «1984ko uztailean artxibatu egin zuten kasua, hiru hilabete besterik pasatu ez zirela estatuaren indarrek lau gazte hil zituztenetik. Hori ez da posible: hiru hilabetean ezin da halako gertakari bat aztertu». Katedrako kideek informazio iturriak bildu zituzten, eta ebaluazio bat egin zuten, «giza eskubideen estandarretatik» abiatuta.

Zenbait hutsegite agerian

Bortz puntutan deskribatu du Landak prozesu horretan deskubritu zutena. Bat: «Polizia argiketan ez da ageri armak erabili izanaren zantzurik». Bi: argazki artxiboa desagertu egin zen. «Kasua edozein dela ere, argazki erreportaje bat egiten da beti, irudiek datu asko ematen dituztelako gertakariei eta biktimei buruz. Pasaiako kasuan ere bazeuden argazkiak, baina, bat-batean, desagertu egin ziren. Arraroa da, ezta?», erran du. Hiru: balistika txostenak ez du informaziorik ematen komandoko kideen armei dagokienez. «Bi aldeen arteko borroka bat izan bazen, komandoko kideek erabilitako armen informazioa agertu beharko zen, ezta?». Lau: berriz eskatu zuten autopsia ikertzeko, eta berehala baieztatu zuten indarren erabilera «okerra» zela. Eta bortz: akusazio partikularrak bultzatu arren, fiskalak «etengabe» jartzen zizkien trabak.

«Guk txostena egin genuen, baina Euskadiko Balorazio Batzordeak lortu zuen egia ateratzea», esplikatu du Landak. Adituek osatzen dute batzordea —peritu forentseek, legelariek, historialariek, biktimen gaietan adituek...—, eta haiek lortu zuten autopsiak berrikustea: garondoan zeuzkaten balak.

«Biktima baten jaioterria, testuingurua eta ezaugarriak kontuan hartzea giza eskubideak urratzea da. Alegia, biktimaren datuek ez lukete inporta behar. Ez orduan, eta ez orain»

IRATXE URIZAR GEBehatokiko kidea

Aitzinera begira jarri da, azkenean, Landa, eta azaldu du ez dutela benetako erreparaziorik eta aitortzarik jasoko «egileak zein izan ziren» argitzen ez bada. «Oraindik ere informazio asko daukate isilpean».

Urizarrek hartu dio erreleboa ondotik, eta kontatu du GEBehatokian «etenik gabe» aritu direla nola eskubide urraketak salatzen hala biktimak laguntzen. Txosten bat egin zuten, eta Nazio Batuen Erakundearen aitzinean aurkeztu, harik eta sarraskia exekuzio estrajudizial gisa izendatzea lortu zuten arte. Orain berriki, gainera, aldaketa bat egin dute Terrorismoaren Biktimen Espainiako Legean, eta kalte ordainak handitzea lortu dute. Baina beti daude bi alde, eta murrizketak ere jarri dizkiote legeari, Urizarrek esplikatu duenez: «1968ko urtarrilaren 1etik 1978ko abenduaren 29ra arteko biktimei soilik aplika diezaiekete legea, eta Euskal Herrian biktima asko daude epe horren barruan kabitzen ez direnak».

Hausnarketarako ere ireki du tarterik Urizarrek, eta argitu du ez dela kasualitatea Pasaiako sarraskian eraildako lau gazteak borroka armatuaren testuinguruan tirokatu izana. «Biktima baten jaioterria, testuingurua eta ezaugarriak kontuan hartzea giza eskubideak urratzea da. Alegia, biktimaren datuek ez lukete inporta behar. Ez orduan, eta ez orain». Horrek «asko» baldintzatzen du auzia.

Kontakizun kolektiboa

Biktimen senideen ordezkari batek hartu du hitza azkenik, eta eskerrak eman dizkie GEBehatokiari, Egiari Zor fundazioari eta Unesco katedrari. Nolanahi den, zalantzati agertu da etorkizunaz galdegin diotenean. «Ez dakit inoiz argituko ote den zeinek hil zituen gure senideak; egia esan, ez dakit zenbaterainoko itxaropena daukagun». Baina kontu bat daukate argi: aitortza emanagatik, ez zirela «modu egokiak» izan. «Beti ari gara Jaurlaritzari eskean, atzetik eta arrastaka, eta, lege bat egon arren, ez daukate hura aplikatzeko borondaterik».

Horrenbertzez, bultzada bat eskatu die Azpeitira bertaratutakoei: «Zuetako inor ere izan bada estatuaren indarkeriaren biktima, mesedez, kontatu; kontakizun kolektiboak beste dimentsio bat ematen dio egoerari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA