Jon Mirena Landa. Zigor Zuzenbideko katedraduna

«Egia judizial baten faltan, egia proiektatu behar da»

Ibilbide oso bat bildu du Landak 'Víctimas invisibles' liburuan. ETAren aurkako jardunean Espainiako Estatuak egindako krimenak aztertu ditu, ez errepikatzeko bermeak ezartzen laguntzeko.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iosu Alberdi.
2023ko apirilaren 09a
00:00
Entzun
ETAren aurkako «borroka antiterroristaren» pean erabilitako indarkeria politikoa eta estatuaren biktimei ukatutako egia, justizia eta erreparazio eskubidea aztertu ditu Jon Mirena Landak (Bilbo, 1968), EHUko Zigor Zuzenbideko katedradunak, Víctimas invisibles liburuan (Biktima ikusezinak). Hogei urteko lanaren emaitza dela adierazi du: «Bazen garaia nire ikuspegitik sintesi bat egiteko; batez ere, estatuak gaizki egin dituenei erreparatuta».

Sarri «gehiegikeria» hitza erabiltzen da horietaz mintzatzeko, baina Espainiako Estatuak egindakoak «hori baino askoz gehiago» direla azaldu du Giza Eskubideen Unesco katedraren zuzendariak: «Delitu oso larriak, giza eskubideen urraketak, judizioz kanpoko exekuzioak, torturak...». Horrek guztiak «ataka larri batean» utzi du demokrazia, Landaren ustez; «batez ere, etorkizunera begira».

Zalantzan jartzen duzu, batez ere, Madrildik sustatu den kontzeptu bat: «Demokraziak garaitu zuen ETA».

Bere logika izango du kontakizunak ezarri eta iraganari buruzko irakurketak egiteak; askotan, sinpleak. Baina, nire kasuan, grisak nabarmentzea tokatzen zait. Interesatzen zait, demokrazia eta giza eskubideen errespetua eskuan hartuta, nola egin ziren hainbat gauza gaizki ETAren kontrako borrokaren izenean. Batez ere, ez errepikatzeko.

Zigor zuzenbideari dagokionez, konstituzioa indarrean sartu zenetik bazegoen terrorismoaren kontrako politika bat. Aldatzen zen bakoitzean, terrorismoaren kontzeptua gero eta zabalagoa egiten zen; momentu batean, ez zegoen terrorismoa zer zen jakiterik ere. Poltsa handi batean hainbat eta hainbat errugabe sartu ziren. Prozesuak ere aldatu ziren: makrosumarioetan jende andana sartzen zen, egunkariak itxi ziren, eskubide urraketa ikaragarriak egin ziren...

Presoei aplikatutako politiketan ere izan du eragina.

Funtsezkoa da gizarteratzeko eskubidea, eta de facto eten zen. Presondegietan politika aplikatu zen, zentzurik txarrenean. Legearen izenean, tratamenduak bultzatu behar ziren, baina deuseztatu egin ziren; adibidez, urte asko eta askotan bakartuta edukita. Ez bada, oso hurbil dago torturatik edo tratu txarren mundutik.

«Etsaiaren zigor zuzenbidea» kontzeptua erabiltzen duzu. Zer da zehazki?

Hiltzea beti da larria, baina terrorismoaren edo motibazio politiko baten izenean hiltzen denean, estatuak larriagotzat jotzen du, estatuaren legitimitatea auzitan jartzen delako. Kasu horietan,berme eta eskubide batzuk eten daitezkeela erabakitzen du. Muga horiek argiago markatu beharko lituzke Auzitegi Konstituzionalak, baina, kasu hauetan, beste aldera begiratu du askotan. Estrasburgo etorri behar izaten zen zuzentzera; adibidez, Parot doktrinarekin.

Halere, nire kezka ez da hainbeste atzera begirakoa azpimarratzea, baizik eta hori txertatuta egotea hainbat erakunderen jardunean. Kritika sakonik egiten ez bada, erakunde horiek molde bera erabiltzeko arriskua dago etorkizunean antzeko beste egoera bat topatzen dutenean, beste disidentzia bat identifikatzean. Ez errepikatzeko bermeak jarri behar dira, eta horretarako diskurtso triunfalista batetik diskurtso demokratiko eta kritiko batera pasatu behar da.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hartu izan du Espainiako justiziak izan beharko zukeen rola?

Bai, baina hori estrukturala da demokrazietan. Estrasburgo bat beti egon behar da. Gure kasuan, uste dut gehiegitan esku hartu behar izan duela.

Eta zein izan beharko litzateke berezko prozesua?

Auzitegi Konstituzionalak modu garantistago batean jardun zezakeen. Baina, botere exekutiboaren eta legegilearen presiopean epaileek ez dute behatu tentsio nahikorekin. Horrek eragin du demokrazia batean egon beharko lukeen kontrol zorrotza gaizki ulertzea, eta terroristen kontra denak balio izatea. Espainian gertatutako bitxikeria bat da etsaiaren zigor zuzenbideari gehitu zaiola giza eskubideen kulturaren erabilera. Estrasburgoren epaiak terrorismoaren konplize ziren; torturak ikertzera etorritakoak belztu ziren, nahiz eta Nazio Batuen Erakundetik etorri.

Giza eskubideak sortu ziren estatuak kontrolatzeko, baina ETAri inputatu zioten giza eskubideen urraketen hizkuntza. Subjektuen aldaketa bat egon zen. Estatua ageri da ETA salatuz, eta, horren segidan, baita euskal gizartea, eusko abertzaletasuna, herri erakundeak... ere, giza eskubideak sistematikoki urratzen arituko balira bezala. Zenbat aldiz entzun dugu «gizarte gaixo bat» garela?

Dignidad y Justicia elkarteak azken hilabeteetan egindako salaketetan berriz egozten zaizkio ETAri «gizateriaren kontrako krimenak», baita «genozidioa» ere. Badute bidea egiterik Auzitegi Nazionalean?

Gizateriaren kontrako krimenek eta genozidioak atzean duten moldea estatu krimen handiak jazartzeko da. Estatuek krimen handiak egitean duten indarra ikaragarria da, eta horregatik sortu zen nazioarteko zigor zuzenbidea. Hori kopiatu nahi izan da, eta terrorismoaren kontzeptualizazio zabalari gehitu diote jurisprudentzia kreatiboago bat. Oinarririk ez dago, baina horrek ez du esan nahi epaile batzuk tematu ezin direnik kosta ahala kosta elefante bat kabitzen ez den lekutik sarrarazten.

Garbiketa etniko bat omen zegoen martxan. Baina hori nazien garaian eta Ruandan gertatu zen. Esajerazioak dirudite, baina dokumentu judizialetan txertatuta daude, eta biktimen legeetan ere filosofia hori txertatu nahi izan da.

Salbuespen politikez mintzo zara liburuan. Sakabanaketa amaitu berri, zer urrats egin behar dira horiei dagokienez?

Txarrena ez da sakabanaketa izan, urruntzea baizik. Urruntzeak esan nahi zuen familiak izango zuela zama, eta hori onartezina da. Nire ustez, giza eskubideen kontrakoa da, eta ezin da segurtasunaren izenean justifikatu.

Horrez gain, batez ere 2003tik aurrera, eduki etiko hutsak sartu ziren kartzelatik ateratzeko prozesuan. Estatu batek ezin dio preso bati eskatu atera nahi badu bere ideologia eta pentsamendua aldatzeko; eta nola adierazi behar duen esan hari, egia dela sinesteko. Gainera, ez da hori eginda sari bat ematen, baizik eta hori egin ezean ez dela baimenik ere ematen. Hori hertsapena da.

Eta ez da indarkeria politikoko kasuetan soilik ematen, presondegi sare guztira zabaldu da. Edifikatu da maximoetara eramanez eta funtsezko eskubide asko arriskuan jarriz. Erantzukizun prozesuak egin behar dira kartzela barruan, baina horiek mugak dituzte; ezin dira intrusiboak izan. Halakoak diren bitartean, sistemak ez du bat egiten demokrazia moldeekin.

Liburuaren tituluari erreparatuta: nortzuk dira «biktima ikusezinak»?

Biktimek kulparik izan gabe, batzuk —ETAren biktimak— lehenetsi egin dira, eta legeen bitartez laguntza eman zaie. Oinarrian ez da txarra, baina horien bitartez garbi utzi nahi izan zuten nortzuk ez diren biktima. Badago biktimen poltsa handi bat zeinak ikusezin bilakatu dituen estatuak bere tresna sinbolikoen bitartez.

Frankismoko eta konstituzioa onartu arteko biktimekin, ez baleude bezala jokatu zen urte askoan, trantsizioaren izenean. Gero, Memoria Historikoaren Legea sortu zen, baina, terrorismoaren kontrako legeekin alderatuta, bigarren maila batean dago.

Bestalde, konstituziotik aurrerakoak. Hego Euskal Herrian hurbilagotik bizi izan dugu indarkeria, eta askoz informazio gehiago dugu; baina, esango nuke Espainian ez direla horretaz jabetzen. Borondate ona duten hainbat eta hainbat pertsona ere ez dira jabetzen tortura ia modu sistematikoan erabili zela ETA desagertu arte; ez dira jabetzen giza eskubideen urraketen tamainaz.

Ikusezin izatea bera bada birbiktimizatzeko modu bat.

Gertatu izana eta estatuaren esku hartzea ukatzen badituzte, ez bada ikerketarik martxan jartzen, fiskalak ez badu bere lana egiten, epaileek beste aldera begiratzen badute... bigarren maila batean zaude. Torturaren kasuan, ez da torturatua izan zarela bakarrik, gezurtia zinela esaten zizuten gero, eta salaketak ere jartzen ziren.

Hau guztia ez da ikuspegi ideologiko bat edo bestea elikatzeko beharragatik. Demokrazia sendotu nahi badugu, zer egin zen aztertu behar dugu. Erakundeek erantzukizuna dute. Erakundeen funtzionatzeko moduak daude atzean, eta horiek identifikatu eta desegin behar dira. Txertoa jarri behar zaio; eta txertoa da ez errepikatzeko bermea.

Azaltzen duzu estatuen joera dela biktimak ukatzea urraketarik ez dagoela adierazteko.

Estatuek eta euren polizia indarrek delitu larriak egiten dituztenean, zaila izaten da nork bere burua ikertzea. Demokrazia oso sendoa ez bada, kontrabotereak indar nahiko ez badu, estaltzeko joera izaten da. Fiskala oso aktiboa da, baina bat-batean ez. Epaileak instrukziorako gogoa adierazi du, baina bat-batean ez. Informazioa eskatzen da, baina informaziorik ez dago. Hala, epairik ez badago, ez dago biktimarik. Diskurtso ofizial bat sortzen da hortik. Makineriak zanpatu egiten du errealitatea, eta errealitate hori aterarazi beharra dago.

EAEko eta Nafarroako legeak, eta Memoria Demokratikoaren Legea oinarri sendo bat dira aurrera egiteko?

Askotan planteatzen da ez dutela justizia penalik ematen eta, beraz, ez dutela balio. Ez dut uste bataren eta bestearen artean aukeratu behar dugunik. Kontua estrategikoa da. Dena ukatzen duen harresi handi baten aurrean bazaude, zer egin behar duzu? Ahal duzun zuloa zabaldu. Dena eskatu, justizia, egia eta erreparazioa eskatzeko eskubidea dagoelako, baina, hori datorren bitartean, saiatu zuloak egiten. Egia mekanismoak dira zuloak egiteko makina efikaz eta zibilizatuena; hainbat eta hainbat hamarkadatan ukatutako errealitatea ateratzeko tresna. Hori da bidearen bukaera? Ez, hasiera baizik.

Besteak beste, Espainiako Barne ministro ohi Jose Barrionuevo eta Juan Alberto Belloch gerra zikinaren inguruko negazionismotik autojustifikaziora pasatu dira egindako azken adierazpenetan.

ETAren kontrako borrokaren barruan, estatu aparatuetatik delituak egin direnean, mota guztietako narratibak egon dira. Batzuetan ateratzen dira halako kontakizunak, eta ateratzean naturalizatuta dagoen fenomeno moduan agertzen dira. Hori defizit demokratiko bat da. ETAren kasuan aurrera egin den bezala, falta zaigu estatuak egin zituenak ikertzea, azaltzea eta ateratzea. Etxeko lanak ditugula azaltzen duen sinbolo bat da.

Pasaiako sarraskiaren inguruko txostenean parte hartu zenuen. Gertatutakoa ez ikertzearen beste adibide bat da.

Estali egin zen, borroka bat egon zelakoan, baina ez zen halakorik izan. Kasua laburbildu behar bada: hor ez zen instrukzio bat egiteko gogorik izan, ezta egia bilatzeko ere, eta ez da indar nahiko egin egileak nortzuk izan ziren ikertu eta horiei behar bezalako zigorra ezartzeko. 40 urteko bide luze bat «justiziaren» aurrean, benetan ezer ez ikertzeko.

Egia judizial baten faltan, estatu demokratiko batean egia proiektatu behar da. Judizioz kanpoko exekuzio bat egon zen; zantzu guztiek hori erakusten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.