Egia, memoria eta aitortza eskatuko dituzte Baionan, Monbarreko atentatuaren 40. urteurrenean

Ekitaldia eginen dute irailaren 25ean, GALek hildako 27 biktimak oroitzeko. Frantziako Estatuak izan zuen inplikazioa ezagutzeko beharra azpimarratu dute. Ihintza Arrieta: «Garai hartan haur bat nintzen, eta jendea hiltzen ikusi nuen nire begien aurrean».

Monbar hotelaren kontrako atentatuaren urteurreneko ekitaldia aurkezteko prentsaurrekoa, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2025eko uztailaren 2a
13:11
Entzun 00:00:0000:00:00

Lekuko izan ziren, zuzenean edo zeharka. Eta memorian iltzatua gelditu zaie. «Gertakizun haiek betirako markatu gaituzte, ezin ditugu ahantzi», adierazi du Ihintza Arrieta kazetariak, 40 urtez oroitzen herri ekimenaren izenean. Euskal iheslarien kontrako gerla zikinak odolez markatu zituen Baionako karrikak 1980ko hamarkadan. 40 urte geroago garai hartako biktimek ez dute aitortzarik, egia osoa jakin gabe segitzen dute, eta Frantziako eta Espainiako estatuen erantzukizuna erabat argitzeke dago. 

Monbar hoteleko atentatua izan zen GALen ekintza esanguratsuenetako bat; lau iheslari erail zituzten tiroz. Irailaren 25ean izanen da gertakizun haien 40. urteurrena, eta ekitaldia eginen dute Baionan, atentatua izan zen lekuan. 1983 eta 1987 artean Ipar Euskal Herrian izan ziren bortizkeriak salatu, eta 27 biktimak oroitu nahi dituzte. Egia, memoria eta aitortza eskatu dituzte. 

Baionako Patxa plazan egin du agerraldia herritar taldeak —bertan bahitu zituzten Lasa eta Zabala 1983an—. Haien artean ziren, besteak beste, Jakes Bortairu, Dominika Dagerre, Argi Perurena, Jokin Etxebarria, Amaia Fontang, Kepa Akixo Zigor, Aña Mari Grenier, garaiko zenbait iheslari, eta Baionako bizian inplikatuak diren belaunaldi gazteagoak. Arrietarekin batera, Mertxe Colinak hartu du hitza. 

«Gu guztiok atentatu larri eta erailketa horien testigu izan ginen, militanteak edo besterik gabe auzokideak ginelako. Hemen gertatu zena oso larria izan zen», adierazi dute. Espainiako Estatuak «eta bere aparatuek» euskal militanteen kontra Ipar Euskal Herrian legez kanpo antolatu zuten jarduera oroitzeko beharra azpimarratu dute. «Jada hainbat auzitegitan frogatua izan da, baina oraindik ere ez dakigu egia osoa. Egia zor zaie biktimei». Era berean, gerla zikin hartan Frantziako Estatuak izan zuen inplikazioa argitzeko «beharra eta eskubidea» aipatu dituzte. 

Ahanzturarik gabe

40 urtez oroitzen ekimena abiatu dutenei ezinbestekoa zaie memoria historikoa landu, biziarazi eta transmititzea. «Gure herriaren historia eta iraganarekiko lotura ezin da galdu. Batzuek, gertakari ilun haiek ahanzturan gelditzea nahi lukete. Gisa horretan, gatazka politikoan Espainiako eta Frantziako Estatuek erabilitako bortizkeria estaliko litzateke, eta gatazka bera desitxuratu».

Azken urteetan Hego Euskal Herrian zenbait urrats egin badira ere, bi estatuek eragindako bortizkeriaren biktimek ez dute inolako aitortzarik gaur egun. «Ulertezin bezain onartezin zaigu; biktima guzien aitortza galdegiten dugu». Gatazkaren konponbide prozesuan «urrats garrantzitsuak» izan badira ere, gatazkak eragindako ondorioak konpontzeko bidea egin behar dela erran dute. 

Ildo horretan egin nahi dute ekarpena, hainbat ekitaldi antolatuta. Irailaren 19an mintzaldia eginen dute Baionako Biltxoko elkartean —gerora zehaztuko dituzte hizlariak—. Irailaren 25ean, memoriaren ibilbidea eginen dute Baionako karriketan, Bortairu eta Dagerrekin, atentatuak izan ziren lekuetatik iragan eta garai hartako historia kontatzeko. Ondoren, ekitaldia eginen dute bere garaian Monbar zegoen lekuan, Pannecau karrikako 24. zenbakian. Dei egin diete herritarrei, baina baita eragileetako eta instituzioetako ordezkariei ere, ekitaldian parte hartu, eta elkarrekin «bake justu eta iraunkor» baterako bidea egitera. 

Ihintza Arrieta. Gerla zikinaren lekukoa.

«Garai hartan haur bat nintzen, eta jendea hiltzen ikusi nuen nire begien aurrean»

15107325

Ihintza Arrietak 12 urte zituen Monbarreko atentatua gertatu zelarik; anaia, ama eta hirurak haiekin egon ziren. «Etxera joan ginen, eta lau militanteak erail zituzten».

Lekuko zuzenak izan zineten.

Garai haiek biziki-biziki bortitzak izan ziren, eta gero handitu gara, gure bizia egin dugu Euskal Herrian. Azken urteetan ikusi dugu gatazkaren konponbidea nola eraman den, borroka armatuaren bukaera nola egin den. Baina badira gauza batzuk hor gelditu direnak: GALen garaian ekintzak egin zituzten pertsona horiek ez dira denak kondenatuak izan. Badakigu Frantziako Estatua inplikatua izan zela zuzenki. Hori guztia ez da onartua izan. Biktimen familiak airean gelditu dira. Hori ekarri nahi dugu gogora 40 urteen karietara.

Azken urteetan urratsak egin dira gatazkaren ondorioen konponbidean.

Memoria eta aitortza lana falta dira oraindik. Badira GALen biktimak, familiakoak eta hurbilekoak, eta garai hura bizi izan zuten pertsona guztiak. Hori guztia ez dadin ahantzia izan, inportantea da oroitaraztea, kontatzea behin eta berriz, zinez zer gertatu zen, nola izan ziren gauzak eta zergatik gertatu ziren garai hartan gauza horiek.

Erantzukizun politikoak eskatzeko garaia ere izan daiteke.

Frantziako Gobernuaren erantzukizuna ez da inoiz kontuan hartua izan. Garai hartan François Mitterrand zen lehendakaria, eta alderdi sozialistako hainbat kide zuzenki jakinean ziren gertatzen zenaz. Gure begiekin ikusi dugu, GALeko mertzenarioak ikusi ditugu eskapatzen; edo atxilotuak izan dira, gibeletik joan zen jendeak atxiki zituelako. Eta gero iritsi da polizia. Eta hori guztia nahita egina izan da momentu batean. Hori dena erran behar da, jakin behar da, eta nonbait gelditu behar da idatzirik, jakiteko zer gertatu zen Baiona Txikian garai haietan.

Bake Bideak abiatutako lanaren segida bat da, nolazpait?

Bake Bidea abiatu zelarik, hastapenetik erran genuen biktimen aitortza behar zela, biktima guztien aitortza; egia osoa erran behar zela, eta ez alde bakarrekoa. Beraz, guk ere gure egia kontatu behar dugu, eta guk bizi izan duguna kontatu behar dugu. Ni garaian haur bat nintzen, beraz, politikan ez nuen deus. Kontatzen ahal dut zer ikusi dudan. Nik jendea hiltzen ikusi dut nire begien aurrean. Nire lagunak ziren, 22 urte zituzten. Nik 12 nituen, eta haiekin ibiltzen nintzen egunero. Eta jende horiek hil dituzte. Eta hori horrela da. Pertsona horien familiek ere aitortza merezi dute, eta hori da guk orain eskatzen duguna.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.