«Egia zor dizugu, Pertur»

Desagerrarazi zutenetik 50 urtera omenaldia egin diote Irungo Etorbideko zubian, azkeneko aldiz ikusi zuten lekutik hurbil. Eduardo Moreno Bergaretxeren kideek eta lagunek antolatu dute, 'Pertur, egia nahi' lelopean.

'Pertur, egia nahi' ekitaldia, Irun eta Hendaia lotzen dituen Etorbideko zubian. IÑIGO URIZ / FOKU
'Pertur, egia nahi' ekitaldia, Irun eta Hendaia lotzen dituen Etorbideko zubian. IÑIGO URIZ / FOKU
Iratxe Muxika
Irun
2026ko uztailaren 25a
17:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hendaiarako (Lapurdi) bidea azkeneko aldiz hartu zuenean ez zukeen imajinatuko 50 urte geroago oholtza bat muntatuko zuketenik autotik jaitsi zen lekuaren ondo-ondoan, Irun eta Hendaia lotzen dituen Etorbideko zubian. Are gutxiago oholtza hori espresuki berari omenaldi bat egiteko izanen zenik, edo bere gorpuzkiak non dauden argitzeko eskatuko zutenik, edo bere irudia daraman argazki bati loreak paratuko zizkiotenik. Gaurko jende dena 1976ko uztailaren 23an Etorbideko zubian izanen balitz, hain segur, denek ikusiko zuketen Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur azkeneko aldiz. Baina ez zen hala gertatu, eta erantzunik gabeko galdera sorta bat bertzerik ez da geratzen orain. «Min bilatua, min pilatua/ bihur liteke erremin/ isiltasunak ezin ote du/ parentesiren bat egin/ galdera asko ase litezke/ erantzun bakar batekin». Andoni Egaña bertsolariaren hitzak aditzen dira orain zubiaren alde bietan.

Izan ere, Perturri omenaldia egiteko ekitaldi bat antolatu dute haren kideek eta lagunek, Pertur, egia nahi lelopean, ez baitute bertzerik eskatzen: egia bakarrik. Jon Sarasuak eman die segida Egañaren bertsoei: «Non da ametsak erruki gabe/ mugatzen ditun hesia/ non da egia, non da pertsonei/ beti zor zaien bizia/ gaurko galderak seinalatzen du/ beste denen gabezia». Bat baino gehiago dira desagerpenaren inguruko hipotesiak: batzuek diote erregimen frankistako aparatuen erantzukizuna izan zela dena, eta bertze batzuek, berriz, Perturren erakundeko kide batzuek desagerrarazi zutela. «Baina gu ez gara horretaz aritzera etorri», esplikatu du Xabier Euzkitze ekitaldiaren aurkezleak. «Bakoitzak erabakiko du non kokatu nahi duen bere burua, baina egia jakitea eskubidea da; bai familiarena, bai lagunena, eta bai gizarte osoarena». Moreno Bergaretxeri berari mintzatu zaio Egaña: «Pertur, ahotsik bazenu orain/ zer esango zeniguke?/ 'nik arrazoirik ez nuke izan nahi/ nik bizi egin nahi nuke'».

Petti Berako (Nafarroa) musikariaren kantu batek eman dio segida ekitaldiari, zeinak Gabriel Arestiren poema bat irakurri duen gero. «Irrintzi bat entzun dugu ezpataren aurrean», erran du ozen; «oskorria zabaltzen da euskaldunen lurrean». Egiarik jakin gabe zendu ziren Perturren gurasoak, baina ekitaldian ziren haren anai-arrebak, eta haien larrutik ere solastatu da Euzkitze: «Urte hauetan guztietan Perturren senideek, kideek eta lagunek haren memoria bizirik mantendu nahi izan dugu, bai pertsona bera oroituz, bai desagerrarazpenaren erantzuleen identitatea nahiz haren gorpuzkien kokalekua jakiteko eskatuz».

«Pertur lider nabaria izan zen, eta haren lidergoa proposamenak egiten, alternatibak aurkezten eta bideak irekitzen nabarmentzen zen»

XABIER EUZKITZE Ekitaldiaren aurkezlea

Manifestu bat prestatu dute gaurko ekitaldirako, eta Bertha Gaztelumendi eta Beatriz Molle igo dira oholtzara, Euzkitzerekin batera irakurtzeko: gazteleraz batek, frantsesez bertzeak, eta euskaraz hirugarrenak. Hasi dute errezitala: «1976ko udan, diktadura frankistatik erregimen demokratikorako trantsiziorako zenbait zantzu zabaltzen ari zirenean, Eduardo Moreno Bergaretxe ahaleginak egiten ari zen, Euskal Herriak erregimen frankistaren aurka zeraman borrokan murgilduta eta ETApm erakundearen eskutik, alternatiba bat eskaintzeko inguruabar eta abagune berrian». Baina bertan beheiti gelditu zen hori, «desagerpen behartu» baten ondorioz.

Argitu dutenez, hipotesi guztiak irekita daude oraindik; bertzeak bertze, «epe horretan polizia ikerketa txukunik ez delako egin, eta, horrenbestez, tartean izan diren peskiza urri bezain hutsalek ez dutelako inolako argitasunik ekarri».

'Pertur, egia nahi' ekitaldia, gaur, Irungo Etorbidearen zubian. IÑIGO URIZ / FOKU
'Pertur, egia nahi' ekitaldia, Irun eta Hendaia lotzen dituen Etorbideko zubian. IÑIGO URIZ / FOKU

Edonola ere, iragan mende erdian «urrats garrantzitsu batzuk» egin direla esplikatu dute, eta adibide zerrenda egin: 1992an, Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak delitu jarraituaren izaera aitortu zion desagerpen behartuari, eta Espainiako eta Frantziako estatuei eskatu zien jokabide horiek «azkenera arte» iker zitzatela. Bertzalde, 2017an, Eusko Jaurlaritzak txosten bat egiteko eskatu zion Giza Eskubideen eta Botere Publikoen EHUko Katedrari, eta, manifestuan jaso dutenez, txostenean azpimarratu zuten egitate haiek ez direla iraganeko kontuak, baizik eta desagerpena gaur egungoa ere badela, «delitu hura egiten jarraitzen dutela oraindik». Biek ala biek lagundu dute, irakurleen erranetan, gertakaria ahanzturan ez geratzen. 

Horrenbertzez, desagerpena ikertzeko eskumena eta baliabideak dituztenei arduraz jokatzeko eskatu diete, betiere «legitimitate demokratikoak eta humanitate printzipioak errespetatuz». Eta, bide batez, gertakaria argitzen lagun dezakeen edozein informazio duenari dei egin diote datuak helaraz diezazkien «agintari eskudunei», modu anonimoan izanik ere. «Jakina, eskari honek bere baitan hartzen du gertakari hauei buruzko edozein sekretu altxatzea, baldin eta gertatutakoa Espainiako Estatuaren sekretu ofizialei buruzko araudiak eraginda balego».

Aitzindaria, herriaren alde

Perturren kideen eta lagunen irudiko, Bergaretxe lehenengoetakoa izan zen jabetzen borrokak bilakaera bat behar zuela; alegia, protagonismoa abangoardiari eman beharrean, «herriari eta haren egintzari» ematen. «Pertur lider nabaria izan zen, eta haren lidergoa proposamenak egiten, alternatibak aurkezten eta bideak irekitzen nabarmentzen zen», erran dute. Alta, ez zuen bide horietako bakar bat ere irekitzen ikusi, hura desagertu ondoko hilabetean jarri baitziren abian, ETApm-ko VII. Biltzar Nagusian. EIA Euskal Iraultzarako Alderdia izan zen aldaketa horietako bat, 1977an sortua eta gerora Euskadiko Ezkerra koaliziora batua.

Irudikatu eszenatokia: oholtza gainean mikrofonoak, gibelean ikurrin bat zabalik, eta Perturren argazki handi bat bazterrean. Bada, irudi horri so jarri dira Anartz Egia eta Olatz Beldarrain dantzariak, eta aurresku bat dantzatu diote, Aitor eta Xanet Arozenak txistua joz lagunduta.

Azkenik, hunkituta hurreratu dira Iñaki Mujika, Jabier Garaialde eta Martin Auzmendi, eta lore sorta bat paratu dute lagunaren magalean. Hirurak ziren Perturren kideak ETApm-n; lagunak militantzian eta klandestinitatean. Otsagabia txostenaren egile nagusietako bat izan zen Pertur, eta, hark ezin izan zuenez, Garaialdek berak bukatu zuen lana, bertze kide batzuekin batera. «Gertatuaren egia jakin dadila exijitzea: horra hor gure konpromisoa, horra hor batzen gaituena. Egia zor dizugu, Pertur».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA