Bakearen aldeko lana saritzen du Gernika-Lumoko udalak urtero 1937ko bonbardaketaren biktimak oroitzeko, eta aurten lau herrialdetako Egia Batzordeak eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Txernobylgo adingabeen alde lanean ari diren euskal elkarteak aukeratu dituzte. Goizean egin dute sari banaketa herrian, 12:00etan.
Udalak emandako datuen arabera, 51 Egia Batzorde daude munduan, eta gerra, diktadura edo gatazka armatua eduki duten herrialdeetan gertatutakoa ikertzen dute. Argentinakoa (1984), Hegoafrikakoa (1998) Ekialdeko Timorkoa (2005) eta Kolonbiakoa (2022) saritu ditu oraingoan. «Azpimarratzekoa da Kolonbiako Egia Batzordea, esperientzia berritzailea delako bakea eraikitzeko egiten dituen ekarpenetan», azaldu dute.
Gainera, Txernobylgo hondamendiak eragindako eremuetan bizi diren adingabeekin lan egiten duten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako elkarteen lana aintzatetsi du udalak. Lau dira: Chernobyl Elkartea, Chernobyleko Umeak, Txernobylen Lagunak eta Ukraina Gaztea.
Apirilaren 26an 86 urte beteko dira faxistek Gernika bonbardatu zutenetik 1936ko gerran, eta egun berean beteko dira 37 urte Txernobylgo hondamenditik.