politika

Egigurenek dio "ETA beste bide batetik" doala, baina Batasunak irabaziko duela ezker abertzaleko "pultsua"

"Ezker abertzaleko mundu hori guztia pultsu batean dago, zeinek gidatuko ezker abertzalea: ETAk edo Batasunak, armekin dabilen jendeak edo azkeneko urte pila honetan Batasunan lan egin duen jendeak", uste du PSE-EEko presidenteak. Ezker abertzalearen eztabaida "serioa" dela uste du, "egoera honi bukaera eman behar zaiola pentsatuz" ari delako.

2010eko urtarrilaren 11
16:32
Entzun
Jesus Egiguren PSE-EEko presidentearen ustez, gaur egun "ezker abertzaleko mundu hori guztia pultsu batean dago, zeinek gidatuko ezker abertzalea: ETAk edo Batasunak, armekin dabilen jendeak edo azkeneko urte pila honetan Batasunan lan egin duen jendeak. Pultsu hau ez dago bukatuta" eta, haren arabera, Batasunak irabaziko du. "Pultsua azkenean politikaren aldera eroriko da", Euskadi Irratian gaur goizean iragarri duenez. Oraingoz, "ETA beste bide batetik" doala dio Egigurenek.

Batasunarekin urteak egin ditu hitz egiten hark, batez ere azkeneko bake prozesuan eta, haren iritziz, Batasuneko "oso gehiengo handiak politika egin nahi du". Ezker abertzalea egiten ari den eztabaida "serioa" dela uste du. "Planteamendu politiko berria egin nahi dute, 'gure historia hau izan da, ETAren ekintzei lotuta egon gara politikoki, ez dago horrela segitzerik, politika egin nahi dugu, erakundeetan egon nahi dugu' esanda, pauso garrantzitsuak emateko, egoera honi bukaera eman behar zaiola pentsatuz".

Asteburuko atxiloketetan oinarrituta -ustezko lau etakide atzeman dituzte Frantzian eta Portugalen-, PSE-EEko buruak dio ez dagoela datu onik, "baina horrek ez du esan nahi ezker abertzaleko eztabaidak ez duenik aurrera egingo".

ETAk ez badu bukatzen -"dagoeneko su-etenek ez dute balio"-, Batasunak bi aukera baino ez dituela izango ohartarazi du Egigurenek: "Edo haren atentatuak gaitzesten ditu edo ETAtik aldentzen da". Bietako bat egin ezean, "ezker abertzaleak badaki ez dela elkarrizketarik izango", ezingo duela hauteskundeetan aurkeztu -"Estrasburgoko epaiaren ondoren gauzak garbi geratu dira"-... "Bestela, ez dakit zenbateraino den jakitun bere pausoek ez dutela balio".

Espainiako Gobernuak gaurko estrategiari eutsiko diola ziurtatu du PSE-EEko presidenteak, "beste erremediorik ez duelako. Egoera honetan ez da posible elkarrizketa egiterik".

ETAren borroka armatua bukatzen denean, "gatazkaren ondorioei aurre" egiteko garaia izango dela dio.

Jaurlaritzako lehendakariak ere bi bide ikusten ditu

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak uste du ezker abertzaleko gogoeta, "teorian, bide batetik" doala, "baina ETA bestetik doa. Izan ere, terroristek atentatuak egiten segitu nahi dute". Asteburuko atxiloketak jarri nahi izan ditu froga gisa hori esateko. Radio Euskadin egin ditu adierazpenok Lopez lehendakari eta PSE-EEko idazkari nagusiak, gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.