Ez zuen elkarrizketa egiteko gogo handirik Frantxua Maitiak (Izpura, Nafarroa Beherea, 1952). «Iruditzen zait interes guti dudala; enea bukatua da», esplikatu du Donibane Garaziko Luisenea ostatuan jarririk. Baina behin hasita ezin gelditu. Oren bat pasako solasaldian mihia zorrotz mintzatu da hautetsi gisa iragandako urteez, abertzaleekin izandako harremanaz eta haien bilakaeraz. Udaberrian, herriko bozetara aurkeztu zen bere herrian, baina ez zuten hautatu. «Ene ondotik guti egin dute auzapez funtzioetara heldu direnek. Ageriko oraingoak zer egin gogo duen. Ez du iduri Izpura biziki mugituko denik».
Noiz piztu zitzaizun politikarako grina?
Militante bilkura bat izan zen Donapaleun 1978an, diputatugaia xerkatzen baitzuen alderdi sozialistak. Berrogei bat baginen salan, eta Jean Lougarok erran zuen etxera berriz hautetsigai heltzen bazen emaztearekin dibortzioa zuela xuxen. Salako itzulia egin genuen, eta denek ezetz. Nik txakur bat izan banu gibelean, txakurra izanen zen diputatugai; eta, beraz, desesperaturik, baietz erran nuen. Sindikalista nintzen, irakasleen sindikatu nazionalean, eta militanteek jadanik poxi bat ezagutzen ninduten, partikularki hezkuntza mailan. Bigarren itzulian gertatu nintzen Michel Intxausperen gibelean; %32 puntu bildu nituen.
1981ean François Mitterrand presidente izendatu zuten Frantzian.
Horren ondotik izan ziren diputatuen bozak. Presentatu nintzen, hor ere sozialismoaz testimonio gisa. Ez nintzen ilusio handiz ibili, baina kanpaina ona egin nuen. Lehen aldia zen sozialista batek herri guztien itzulia egiten zuela. Ordu arte kantonamenduko hiri nagusietan egiten zen mitin bat edo bilkura handi bat; hor herri ttipi guztietan ibili nintzen, eta bilkurak muntatu. Jendea ere orain baino gehiago biltzen zen bilkuretan. Oroit naiz, hasteko, Hazparneko mitinean kasik 300 presuna bildurik, lekuko hautetsi batzuekin. Polita egin nuen. Bueno, ez nintzen izendatua izan. Eta handik landa, herriko bozak Izpuran. Mera azkarra zen, baina jende adinekoarekin; gazteen itzulia egin nuen, eta, partikularki, denboran hautetsi izan zirenen seme-alabak bildu nituen. 30 urte nituen, eta irabazi nuen; 1983a zen.
Hauteskunde guzietan aurkeztu izan zara.
Nahi nuke partikularki azpimarratu irabazi ditudan funtzioak ez ditudala gero behin ere galdu. Edo nihaurek utzi dut bertze zerbaitetara lotzeko, baina ez dut galdu. Hauteskundeetan lehenbiziko izendatzea aski aise da, baina bigarrena lortzea zailagoa da. Horrek erran nahi baitu lana egin dudala ukan ditudan postuetan. Izpurako auzapez 21 urtez, eskualdeko lehendakariorde 21 urtez... Eta hortik abiatuz anitz funtziotan izan naiz, adibidez EEPn.
«Ez dut behin ere sentitu euskaldunen artean estatu berri bat muntatzen ahal zela eta aski azkarra izanen zela beste nazioen artean. Eta orain ere gauza bera da. Baina euskalduna izan naiz beti, eta orduko abertzaleek, egia erran, ez zuten biziki euskara mintzatzen»
Zerk hurbilarazi zuen Izpurako gazte hura alderdi sozialistara?
Sindikatuan, departamenduko buruzagia nintzen, eta, ideologikoki, defendatzen genituen ideiak atzematen genituen sozialisten alderdian; dinamika biziki azkarra bazen haiei buruz.
Euskalduna zara, baina abertzaletasunetik kanpo kokatu duzu beti zeure burua.
Ez dut behin ere sentitu euskaldunen artean estatu berri bat muntatzen ahal zela eta aski azkarra izanen zela beste nazioen artean. Eta orain ere gauza bera da. Baina euskalduna izan naiz beti, eta orduko abertzaleek, egia erran, ez zuten biziki euskara mintzatzen. Nik ttipi-ttipitik maite nuen, euskaraz hazia izana nintzen; eskolara sartu nintzelarik ez nuen euskara baizik mintzo. Eta gerora ere, errient gisa, hasia nintzen eskolan haurrei hiru oren ematen euskaraz. Ez zen dokumentu pedagogikorik, deus ere ez.
Atxikimendu hori izan dut, eta partikularki maite dut euskaraz mintzatzea. Nire inguruan beti ukan dut giro hori, euskaldun mundu hori. Eta orduko abertzaleek... Oroit naiz nola hasi ziren irrati libreak; ez zen oraingo euskara erabiltzen, e. Orduko emisioak aditzen baldin badituzu, sentituko duzu ez zirela beti punpara heldu.
Zuk beti landu duzu zure euskara maila.
Ni kazetariek maite ninduten. Zergatik? Galdera bat egiten zutelarik frantsesez, frantsesez erantzuna; espainolez egiten zutelarik, espainolez; eta euskaraz galderak egiten zituztelarik, arrapostua euskaraz.
Euskarazko prentsa ere irakurtzen zenuen.
Euskarak lagundu nau anitz. Eskualdeko lehendakariorde nintzela, gure asanblean guti zen espainola ematen zuenik, eta euskaraz bakarra nintzen. Eta, beraz, arduratu nintzen mugaz bi aldeetako aferez. Euskadiko lehendakariekin euskaraz mintzo nintzen. Pirinioetako Lan Elkartean konplimendua egin zidan Ibarretxek: «Frantzia, Akitania, Euskadi; baina ni euskaraz mintzo naiz Frantxua Maitiarekin». Oren goxoak pasatuak ditut. Orduan garrantzi handia zuen Euskadiri hurbiltzea Akitania, eta geroztik bide egin du, euroeskualde bat baitugu gaur. Eta gero Nafarroa lotu zen. Niri esker, nik ekarrarazi nituen nafarrak.

Zer harreman ukan duzu abertzaleekin?
Ez naute biziki lagundu, partikularki hondarreko hauteskundeetan. 2012an, abertzaleen heren batek Jean Lassalle bozkatu zuen legebiltzarreko bozetan, eta 900 bozen aldeaz galdu nuen. Aurpegiratzen didate 1992ko kantonamenduetako bozetan ez nintzela erretiratu bigarren itzulian Koxe Larren faboretan. Ez zidan deus galdegin Larrek, eta Intxauspe %49,5ean zen lehen itzulian; horrek erran nahi zuen aise irabaziko zuela. Sozialistek galdegin zidaten bigarren itzulian egotea.
Lagun ona nuen Larre, enekin errugbian ari izana zen, ontsa ezagutzen nuen. Baina atera zen istorio bat orduko urtarrilean. ETAko bat tirokatua izan zen, eta Larrek sarrarazi zuen Izpurako ospitalean sekretu absolutuan; behar zirenak pagatu eta Polizia etorri aitzin, jakin baitzen, hortik atera zuen. Hara. Orduan arazo handiak genituen ETAkoekin. Eta beraz, lekuko sozialistak jakinean baitziren, erran zidaten: «Ez dagokik hiri hurbiltzea. Zerbait galdegiten badik, orduan bigarren itzuliko laguntzaño bat eskaintzen ahal huke». Baina, galderarik ez delarik, ez da arraposturik. Hori gertatu zen.
«Hollande ikustera joan nintzenean, erran zidan oren erdi lehenago mintzatua zela Zapateroren ministro batekin, eta galdetu ziola ea ezagutzen ninduen, eta ea konfiantzazko gizona ote nintzen. Segurtatu zien baietz»
ETA aipatu duzu; IK ere izan zen. Zer begirada izan duzu bortizkeria politikoari buruz?
Aldi oroz ETAk atentatua egiten zuelarik, sozialisten izenean, euskaraz egiten nituen komunikatuak. Orain, kontatuko dizut kasik sekretu bat. Laguna nuen Euskadiko sozialisten presidentea, Jesus Egiguren. Egun batez jin zitzaidan galde baten egitera. Arnaldo Otegirekin harremanetan zen, eta nahi zuten elkarrizketa bide bat abiatu Espainiako Gobernuarekin, Zapaterorekin. Otegik proposatu zion ene bidez egitea. Erantzun aitzin, bi pertsonarengana jo nuen: Alain Rousset [orduko eskualdeko lehendakaria] eta François Hollande [orduko PSko idazkari nagusia]. Hollande ikustera joan nintzenean, erran zidan oren erdi lehenago mintzatua zela Zapateroren ministro batekin, eta galdetu ziola ea ezagutzen ninduen, eta ea konfiantzazko gizona ote nintzen. Segurtatu zien baietz. Baina erran zidan hala ere zerbaitetan atzemana banintzen ez nuela babesik ukanen. Bestalde, Chiracek behar zuen gurutzatu Zapaterorekin, eta galdegin nion Jesus Egigureni, behar zitzaiola aipatu zer mementotan ginen. Ez dut behin ere jakin harengana jo zuten. Zenbait urteren buruan, Poliziatik hurbil zen Espainiako kazetari batek aipatu zuen frantses sozialista batek parte hartu zuela harremanetan.
Konkretuki zer rol bete zenuen?
Rol txikia, baina orduan behar zena. Egigurenek ekartzen zidan eni letra bat, eta ETAko laguntzaile bati pasatzen nion; maluruski orain zendua den apez bati. Eta gibelera.
ETAren eta Egigurenen arteko lotura egiten zenuen?
Bai, hori da. Arratsalde bat pasatu nuen Otegirekin, eta askari bat egin genuen, etxalde bat baitzuten. Eta izan genituen solas batzuk. Baina ni ez naiz behin ere interesatua izan ideia abertzaleengandik. Nire helburua zen frantses legean mintzaira zapalduak aitortuak izan zitezen, eta gune honek, Frantzian geldituz, autonomia gehiago ukan zezan. Batera erakundean-eta segitu ditut hemengo gauzak. Abeberrik erran zuen bilkura batean —ez zuen euskara mintzo—: «Entzun behar da Frantxua Maitia, euskalduna baita». Euskalduntasuna bai abertzaleek aitzinerat ematen zuten, baina bada beste euskaldunik, eta ni horietarik nintzen. Ez euskaldun berria, aspaldiko euskalduna.
Orduko hartan elkarrizketeten bidez ez zen kausitu xedea.
Ez, atentatu bat izan zen Madrilen, eta Ekuadorko bi pertsona hil zituzten, eta gauzak arrastatu ziren. Berriz hastea zaila izan zen.
2011n Aieteko prozesua izan zen.
Nehork ez ninduen gomitatu. Baina sekretuan nintzen.
Nola hartu zenuen ETAren bukaera?
Plazera hartu nuen afera hori fini zedin.

2017an Euskal Hirigune Elkargoa sortu zen.
Eta horretan parte hartu dut, horren prestaketetan. Partikularki prefetarekin eta gobernuarekin. Kontatuko dizut. Mitin bat izan zen Bordelen, François Hollande presidentegai. Idatzi bat egin nion Euskal Herriari buruz, eta azaldu hiru gauza bagenituela zailak hemen: lehenik, euskararen arazoa, eta bizpahiru kontsiderazio eman nizkion; bigarrenik, lurraldea, autonomiari buruz zerbait egin behar zela; eta hirugarrenik ETA, hori behar zela absolutuki arrastarazi. Irakurri zuen nire aitzinean, mitina aitzin. Lehen bi puntuei buruz zera erran zidan: «Eginen ditiat». Hirugarrenari buruz, berriz: «Zailago duk, ez baikara Frantzia bakarrik»; erran zidan behar zela beste erresuma bat konbentzitu. Ez zen batere harritu izan nintzelarik, bazekien xede hori azkarki bagenuela. Ez Euskal Herrian ziren sozialista guztientzat, maluruski. Kontrarioak ere bai bainituen afera horietan, barnean berean.
Zein, adibidez?
David Habib, [Jean] Espilondo... Ez ditut denak erranen, prozedura bat eginen baitidate izenak ateratzen baldin badira. Baina Herri Elkargoaz ari ginen. Bazen horren asmatzeko eta gogoeten egiteko Hautetsien Kontseilua. Barne nintzen, eta bueno, prefetarekin partikularki hurbil. Orduan etortzen zen EEPra, eta mintzatzen ginen biziki ardura. Aipatu genuen herrietatik partituz egin genezan batzorde bat Iparraldearen errepresentazio on baten ukaiteko. Adostasuna agertu zen, eta lortu genuen elkargo bat izan zedin. Eta orain erraten ahal da konpetentzia anitz badituela eta anitz gauzak bere gain dituela.
Aski dea? Estatus bereziko kolektibitatea nahi dute batzuek.
Horren alde kurritu naiz Baionako karriketan, ideiaz ez naiz kanbiatua. Oraintxe gutxiago agertzen da independentzia, horrek izuarazten baititu hainbat jende. Baina urraska konpetentzia gehiago izan dadin... Hasteko, herrien atxikimendua ukanen du araiz. Badira anitz, ez kontra direnak, baina erraten dutenak ezin dela deliberatu, elkargoak inposatzen dituela ikusmoldeak, herriei indar gehiago eman beharko litzaiekela... Horrelako arrazoinamenduak aditzen dira, beraz, ez da sobera fite ibili behar. Baina ene ustez gauzak joanen dira aitzina.
«Abertzale asko sartu dira herriko etxeetako kontseiluetan, eta ikusten dute, ez teorikoki, han, errealitatean, jendea nolakoa den. Ez, ez, gauza ona da ene ustez»
Zuk aipatu duzu, eta bada hor paradoxa bat beharbada: Ipar Euskal Herrian independentzia inoiz baino gutxiago aipatzen da, eta, alta, abertzaleek lehen baino indar handiagoa dute.
Ene ustez arrazoizko agertzen dira gaur, eta denboran neurrigabeko [Irri egin du]. Abertzale asko sartu dira herriko etxeetako kontseiluetan, eta ikusten dute, ez teorikoki, han, errealitatean, jendea nolakoa den. Ez, ez, gauza ona da ene ustez.
Brissonek erran du berriki EH Baik PSn lekua hartu duela.
Poxiño bat, bai, bai.
Zergatik?
Hori zuten asmatzen. Zenbat aldiz ez dut entzun, «Zuek desagertuko zarete, eta guk hartuko diagu zuen lekua. Eskola publikoak zerratuak izanen dituk, baina guk okupatuko ditiagu gure ikastolekin», eta horrelako gauzak.
Eta lortu dute?
Lortu dute... Bi diputatu frantses eta abertzale bat Iparraldearentzat. Ez dute arras lekua hartu. Eskuina dute jo.
Zurekin posible ez zen aliantza orain posible izan da.
Eni Borotrak esplikatzen zidan: «Hik borroka ideologikoa eramaten duk abertzaleekin. Ez duk horrela ari izan behar. Ez, abertzaleei behar zaie eman leku bat hemen eta beste leku bat han. Eta halaxe negoziatu. Ez borroka gogor batean sartu horiekin». Hara, ni Frantxua Maitia, eta hura Borotra. [Irri egin du]
Nola ikusten duzu NFPren inguruan lortu zen aliantza hori?
Ni kontent naiz Dufau hautatua izan baita. Eta Colette Capdevielle, eta Iñaki [Etxaniz]. Araiz atxikiko dugu heldu den hauteskundeetan emaitza bera.
Hori aitzin presidentetzakoak izanen dira. Zer iritzi duzu Frantziako egoeraz?
Ahalketurik nago Marine Le Penen arrogantziaz. Ohoin hutsak dira, mandilak! Orain arte harriturik gelditu gara presidente ohi bat kondenatua izan baita; baina hau, presidente bat izendatua, kondenatua delarik? Eta gero erran behar dela gogor izan jende xumearekin.
«Nire ustez, sozialismoaren beharra balitzateke, eta orain arte izan dena baino gogorragoa, bai. Injustizia handiak badira Frantzian. Eta partikularki zerk okaztatzen nau?Jendeak burua apaltzeak. Sozialismoak erran nahi du jendea zutik behar dela, eta burua gora. Behar da berriz piztu kar bat, sistema kanbiatzeko»
Eta ezkerraz? Zein izan behar litzateke ezkerreko hautagaia?
Sozialista bat edo hurbil den bat behar da lehen ezarri, beste ezker mundua berriz ibiltzeko eta irabazteko.
Zein?
[Raphael] Glucksmann edo... Nik erran nezake berriz har genezakeela, eta galdegin François Hollanderi. Kudeatu du bost urtez garbitasun osoz, ez da aferarik atera. Eta arrazoi onak eman ditu. Zer zaio aurpegiratzen? 1980ko hamarkadan, sozialista guziak konbentzituak ginen kapitalismoa errekarat joanen zela, kapitalak beti eta irabazi gutxiago ukanen baitzuen. Maluruski ez da hori gertatu, kapitala beti emendatuz doa: beren dirua, beren fortuna, ikaragarrizko fortuna. Nire ustez, sozialismoaren beharra balitzateke, eta orain arte izan dena baino gogorragoa, bai. Injustizia handiak badira Frantzian. Eta partikularki zerk okaztatzen nau?Jendeak burua apaltzeak. Sozialismoak erran nahi du jendea zutik behar dela, eta burua gora. Behar da berriz piztu kar bat, sistema kanbiatzeko.

EEPko lehendakari izan zinen urteetan. Zer diozu euskarak gaur egun Ipar Euskal Herrian duen egoeraz?
Bada, beti eta gehiago uste dut, euskarari buruzko atxikimendu azkar bat. Ni kontent naiz, nire denboran araudiak aldatu baititugu. Izan naiz gobernura ere [Frederique] Espagnacekin etsaminen gaia aipatzeko. Normala atzematen dut zerbait euskaraz ikasten baldin baduzu etsaminak ere euskaraz eginak izan daitezen. Behar du segitu euskarak bere bidean, manifestaldiak eginez-eta. Iduri du gauzak kanbiatuko direla, eta heldu den etsaminetan euskara ofizialki hartua izanen dela. Bide ona da, eta hori behar da segitu.
Baina euskarak baditu oraino kontrarioak Euskal Herri honetan berean. Ez pentsa gauzak orain diren lekuan irabaziak direla. Egun guztiz behar da proba egin sanoki ari garela gure lanetan, normaltasun osoz, eta hortik ez dugula baztertu nahi beste gauza batzuetara.
Koofizialtasunaren aldekoa zinateke?
Bueno, lana izan daiteke herriko etxeetan eta gauzak ele bitan ezarriz beti obligazioz.
Funtsean da euskarak ukan dezan frantsesaren hein bera.
Bai, bai, bai. Baina ez da baliatzeko aukera bera.
Zergatik?
Anitzek ez baitakite euskaraz, ez baitakite oraindik aski, ez baitute erabiltzen beren egun guzietako lanetan eta harremanetan. Hori behar da emendatu. Zoaz komertzio batzuetara; ez duzu beti erantzuna euskaraz ukanen. Nik nahiago nuke erabilpena emendatuz joanen balitz, eta noizbait oreka lortuko da. Baina indarra behar zaio eman euskarari. Ez bakarrik esloganetan jarriz, baina erabiliz. Normaltasuna ez da bakarrik legez. Egunerokoan behar zaio eman euskarari, eta anitzek indar handiak badituzte egiteko.
SOSLAIA
Ipar Euskal Herriko politikan presentzia berezia ukan zuen Frantxua Maitiak 2015ean erretiratu zen arte. 1984an lortu zuen Izpurako auzapez kargua, eta gerora Akitania eskualdeko eta Pirinio Atlantikoetako departamenduko hautetsi ere izan zen. Behin baino gehiagotan entseatu bazen ere, ez zuen sekula kausitu Frantziako Asanbleako diputatu kargua. EEP Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari ere izan zen 2011tik 2016 arte.
Harreman gatazkatsua izan du urte horietan guztietan euskalgintzarekin eta mugimendu abertzalearekin. Gaur egun, abesbatza batean ari da, «kantuaren bidez euskara zabaltzeko».