Mikel Irizar. Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria

«Egina dago egin nezakeen ekarpenaren zati handiena»

Bi urte bete ditu diputazioan, eta aldaketak ari da sumatzen. Elkarlanerako bideak zabaltzen ari dira, Irizarren esanetan; jarrera aldatu dute gehienek. «Denok ari gara erreakzionatzen».

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2017ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Agintaldi erdia igaro du karguan Mikel Irizarrek (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1954), Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak. Joan den astean, Euskara 4.0 egitasmoa aurkeztu zuten; euskara biziberritzeko bidean egiten ari diren berrikuntza ildoak. Aurrerabidearekin badu itxaropena. Uste du aldaketak nabari direla.

Bidegurutzearen ideia bere egin du aldundiak. Bidegurutzetik irteteko biderik sumatzen duzue?

Bai. Ez gaude orain bi urteko leku berean. Gauza asko mugitu dira Euskal Herrian. Bertute bat du bidegurutzearenak: hemendik aurrerako bidea topatu behar dugula. Hasieratik planteatu da hobe dela bidea elkarrekin bilatzea. Ari gara nondik norako batzuk identifikatzen; aktibazioaren bueltan sortzen ari den olatua ez da txiripa. Horrelako batzuetan ados jartzen bagara, izan litezke urratsak.

Euskara 4.0 egitasmoa aurkeztu zenuten joan den ostegunean. Zer dauka berria?

Kasu batzuetan, edukia. Baina ildo guztietan berria da lankidetza eta aurrera begirako begirada. Jabetu gara gauzak berdin eginda ez diegula iraganeko erritmoei eutsiko, euskalgintzaren jarduera oso errutinazkoa ari zela bihurtzen. Begirada luzatu dugu elkarrekin. Euskalgintza mugitu egin da oro har: jarrera berria agertu du. Urrats zehatzetarako aukera da.

Elkarlana askotan aipatzen da. Pausoak nabari dituzu hor? Denen artean edo batzuen artean?

Trantsizioak ez dira homogeneoak eta unibertsalak; batzuk hurbilago egoten dira iraganeko posizioetatik, eta besteak, ausartago etorkizunari begira. Halere, badago enbor sendo bat erakunde publikoen eta gizarte eragileen artean, etorkizun ikuspegi horretatik hurbilago. Zuhurtzia batzuk beti daude: argi eduki arte zein den hurrengo urratsa, lehengoan segitu. Tentsio handirik ez da nabari; Gipuzkoako partaidetza prozesuan, gehiago egon da jarrera kolaboratiboa eta berritzailea.

Jarrera berria agertu dela adierazi duzu. Nork aldatu du jarrera?

Denok. Sokatira asko egon da euskalgintzan: bai erakunde publiko eta gizarte eragileen artean, bai eragileen artean, bai erakunde publikoen artean. Jarrera aldaketa nagusia da sokaren bi muturrak norabide berean jarri eta hor tiratzea. Euskararenak kezka sortzen du. Ahaldun nagusiak Irlandaren adibidea jartzen du; ez berehalako arrisku gisa, baina bai erreferentzia gisa. Denok ari gara erreakzionatzen: denak elkarrekin arituta nahiko lan izango da, baina orain arte bezala banaka eta molde zaharretan, hortik ez dago.

Aldartean ere badago aldaketa? Etsipen giroa ari da gutxitzen?

Bai. Jendeak badu esperantza eta gogoa: Euskara 4.0-ren aurkezpenean ehun lagun bildu ziren; Udaltop jardunaldietan bikoiztu egin da asistentzia. Energia positiboa sumatzen da. Ilusioa. Ari gara formula edo palankatxo batzuk aurkitzen. Ilusioa piztu du horrek.

Elkarlanaren jiran, askotan esan duzue itunen sistema jorratu behar dela. Ari zarete hor lanean?

Hori da ildoetako bat. Komunikabideen esparruan ari gara. Denbora hartzea merezi du. Euskararen aldeko ekimen sozial indartsua dugu Euskal Herrian, sekulako aberastasuna, baina atipikoa da hemendik kanpo. Legediak ez du gauza natural gisa hartzen; Europan askoz ere pisu gutxiago du gizarte ekimenak. Egonkortasuna eman behar diogu aberastasun horri, eta arau administratibo normalek zailtasun handiak jartzen dituzte horretarako. Komunikabideekin lantalde bat daukagu, Jaurlaritza ere hor dago, eta aztertzen ari gara. Ea iristen garen eredu egonkorrago batera, eta beste esparru batzuetan ere egin.

Tokian tokiko euskalgintza nola sumatzen duzu? Kezka iturri da, adibidez, gazteak nola erakarri.

Trantsizio bat dago hor ere. Leku batzuetan, herrietako dinamika apaldu egin da azken hamar urteetan; baina hor ere, batzuetan, arbola zaharrak erori egin behar du berriak sor daitezen. Badira prozesu batzuk oso adierazgarriak: zailagoa da herri bakoitzean dinamika indartsu bat egotea, baina eskualdekako planteamendu batek eragin dezake herri txikiagoetan ere. Badaude esperimentuak.

Herriz herri euskalgintzan ari direnen lan egoeraz kezka duzu?

Bai. Ezagutzen dut egoera. Bada arazo bat, diru laguntzen sistemari egin dakiokeen kritika bat: zerbitzua edo produktua lehenetsi da, funtzioaren gainetik. Euskara elkarteak sortu ziren hiztunak aktibatzeko, baina, liberazioak behar zirenez eta dirurik ez zegoenez —aktibazioa ez da inoiz lagundu—, zerbitzugintzara bideratu dira. Zerbitzuak eman dira diruz ez oso modu oparoetan, eta esan zaie horrek uzten duen dirutik finantzatzeko beste funtzioak. Diru publikoz pagatu behar dira biziberritzerako ezinbestekoak diren funtzioak. Merkatuak ez ditu sekula ordainduko. Aktibaziorako dirurik ez badugu jartzen, ezin da aktibaziorik egin. Beste aldera begira egon gara. Funtzioen finantzaketa ildo bat behar da.

Aktibazio egitasmoak aipatu dituzu. Erdaldun multzo handia dago horietatik kanpo. Zer egin?

Egiaztapen batekin nentorren: erdaldunei gaia ulermen terminoetan planteatuta, aldatu egiten da haien jarrera. Pello Jauregik iaz proba egin zuen Ogasunean, lau pertsonarekin: eguna «buenos días»-ekin hasten zuten lau lagunekin. Jarrera guztiz aldatu da. Ohartu dira aitortzen zuten baino gehiago ulertzen dutela. Esperimentu horiekin, ea prototipo batera iristen garen. Aktibaziorako elementu lagungarria litzateke.

Kargua hartu berritan, adierazi zenuen helburua zela aldundiak «defektuz» euskaraz funtzionatzea. Lortua dago helburu hori?

Diputazioak funtzionatzen du euskaraz neurri handian. Ez nintzen bi bileratan arituko erdaraz. Bada jarduna; ez dakigu zenbatekoa. Kudeaketa eredua aldatzen ari da, eta erdian jarri dugu euskara. Helburua da lan hizkuntzaren gaia txertatzea eta neurtzea. Gaitasun aldetik ia gailurrean gaude; praktika asko dago. Kudeaketa sistematikoa falta da helburua igotzeko. Bost urte barru egon gaitezke oso puntu altuan; defektuz euskaraz, bai, neurri handian.

Erdia egin duzu. Bi alderdi daude gobernuan. Tentsioa izan da?

Hasierako espektatibak gainditu egin ditut. Oso soka luzea eman didate. Bi alderdi dauden tokian, noski, jarrera diferenteak daude, baina dinamika bateratzaile bat sortzen ari gara. Helburuetako bat hori ere bada: dinamika horretan eroso sentitzea bi alderdiak.

Bi urte barrurako asmorik baduzu? Jarraitzeko asmoa zenuke?

Legealdia amaitu aurretik iritsiko naiz erretiro adinera. Badakit ohikoa dela esatea legealdi bat motz geratzen dela. Kolpea ematea izaten da nirea; egon naizen lekuetan pare bat urtekoa izan da —orain laukoa, halabeharrez—. Egin nezakeen ekarpenaren zatirik handiena egina dago; osatzea falta da.

Eta zein izan da ekarpen hori?

Bidegurutzetik aurrerako bilaketa, eta hori elkarrekin egin izana. Horretarakoxe jarri ninduten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.