Ehun mugimenduaren parte den Etxez Etxe, Bizitzaz Bizitza, Euskal Errepublika da Giltza taldeak antolatutako bi eguneko kanpaldia egiten ari dira Donostian. Antigua auzoko Sert plazan bildu dira kanpaldian parte hartu duten lagunak. Plaza horretako alokairu sozialeko 522 etxebizitza Black Stone izeneko funts putreari saldu dizkio administrazio publikoak. Beraz, etxebizitza eskubidea aldarrikatu, eta harekin egiten den «negozioa» salatzen ari dira. Egitarau zabala prestatu dute horretarako.
Askorako eman zuen atzoko egunak, eta gogoz erantzun zuten bertaratuek. 10:00etan, gunea irekitzearekin batera hasi ziren dena apaintzen. Ondoren, 11:30ean, Euskal Herriko zenbait etxebizitza sindikatuk parte hartu zuten mahai inguru bat egin zuten; sindikatuetako kideez gain, hainbat lagunek hartu zuten hitza. Bingoan jolastuz hasi zuten bazkalostea, eta 18:00etan manifestazioa egin zuten, Sert plazatik abiatuta.
Murritzagoa izango da gaurko egitaraua, soilik bi ekintza antolatu baitituzte egun osorako. 11:30ean, turismoari buruzko mahai inguru bat egingo dute. Ondoren, GHAU abeslariarekin girotuko dute eguerdia.
Arazoari, errotik
«Etxebizitzarena da edozein bizitza proiektu aurrera ateratzeko oinarrizkoena den eskubidea», defendatzen dute antolatzaileek.Are gehiago, etxebizitzarekin dagoen arazoa normalizatu egin dela uste dute: «Gutxien dutenak Poliziaren indarrez kale gorrian uztea, ia soldata guztia alokairura bideratu behar izatea, eta gure auzo eta herrietatik, alokairuak eta hipotekak ezin ordainduta, deserrira joan behar izatea».
Argi dute kapitalismoak Euskal Herrian hartzen duen forma «78ko erregimenarena» eta «frantziar jakobinismoarena» dela: «Erregimen hauek denon ondasunak gutxi batzuen eskuetara pasatzeko mekanismoa dira, funtsean. Elektrikak, petrolerak eta hormigoiaren mafiak diren modu berean, etxebizitzaren lapurreta ere 78ko erregimenaren eta Frantzia jakobinoaren esentzia dira».
Horren guztiaren ondorioz, Espainiaren eta Frantziaren «estatu aparatu guztiek lapurreta hori legeztatzea eta erraztea dute helburu», antolatzaileen hitzetan: «Botere judiziala, botere legegilea eta botere exekutiboa, beraz, lapurreta legalhorren zaintzaileak dira. Hori dira Espainiako eta Frantziako estatuak, ez besterik. Espainian eta Frantzian etxebizitza ez da eskubidea, negozioa da. Eta hau ezin da aldatu».
Honenbestez, kanpaldi osoan defendatu dute Euskal Herriko etxebizitzaren arazoa amaitzeko «aterabide bakarra euskal errepublika» dela. Izan ere, Ehun-ek argi dauka zein den haiek jarraitu beharreko estrategia: «Ekintza ezberdinen bidez, euskal errepublikaren eskaria hezurmamitzen dugu. Burujabetzak gureak direla sinetsita, burujabetzak praktikara eramaten ditugu. Baimenik eskatu gabe».
Egitarau zabaleko kanpaldia «etxebizitza eskubidearen alde»
Ehun-ek antolatu du kanpaldia. Turismoaren inguruko hitzaldi batekin hasiko dute eguna gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu