EGOERA MUNDUAN

2018ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Depakinek 1998an galdu zuen patentea. Medikuek munduko ehun herrialdetan baino gehiagotan agintzen dute, epilepsiari aurre egiteko. Zenbait herrialdetan gaixoen eta senideen elkarteak sortu dituzte, arazoa plazaratzeko eta salatzeko.

Erresuma Batua

OACS kaltetutako haurrak babesteko elkarteak uste du azido balproikoak arazoak eragin dizkiela 77.000 haurri baino gehiagori: ezintasun eta malformazio larriak horietako 22.000ri. Oharrak eta ohartarazpen sistemak ez dira eraginkorrak izan: iaz epilepsiari aurre egiteko azido balproikoa hartzen ari ziren bost emakumetik batek onartu zuen ez zuela botika horrek haurdunaldian zituen arriskuen berri, eta lautik batek (%28) ez zuen arriskuen informaziorik jaso.

Espainia

Ez dago kaltetuen datu ofizialik. Hala ere, beste herrialde batzuetako kopuruak ikusita, Avisav Azido Balproikoaren Sindromearen Biktimen Elkarteak uste du 10.000 inguru izan daitezkeela.

Frantzia

ANSM Frantziako Botiken eta Osasun Produktuen Segurtasun Agentziaren arabera, haurdun egon diren 14.322 emakumek hartu dute Depakine edo baliokideren bat, 1967tik 2016ra, iaz jakinarazi zuenez. Ama horien haurren %10ek malformazioren bat izan zuten, eta %30-40k, arazoren bat garapen neurologikoan. Kopuruetan, ordea, agentziak dio 2.150-4.100 izan daitezkeela malformazio larriak dituztenak.

Frantziako Gai Sozialen Ikuskaritza Nagusiak 2014an nabarmendu zuen Frantziako agintariek berandu erreakzionatu zutela. Zigorrak ere berandu iritsi dira: Sanofiren kontrako lehen epaia iazko azaroan eman zuten, Orleanseko apelazio auzitegian. Epaiaren arabera, Sanofiren produktua «akastuna» da. Familia bati hiru milioi euro ordaintzera zigortu zuten.

Frantziako Gobernuak funts publiko bat sortu zuen, Depakinek kaltetuei ordaina emateko. Neurria kaltetuentzako ona dela onartuta ere, zenbait kritika jaso ditu, kalteagatik ordaindu behar duena Sanofi dela uste dutelako. Frantziako Gobernuak Sanofirekin hitz egiteko asmoa du.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.