Marta Olazabal klima aldaketa ikertzeko BC3 zentroko ikertzaileari inoiz ez diote hedabideek halako atentziorik jarri. Orain bai, batez ere beroteak garrantzi handia hartu duelako, baina, horrez gain, beste hainbat ikertzailerekin batera klima babeslekuei buruzko artikulu zientifiko bat argitaratu duelako, eta nazioarteko hedabideek horren edukiari lekua eman nahi izan diote. Horri ikasturte akademikoa batu zaio, lana areagotuz, baina tartetxo bat hartu du galderei erantzuteko, BC3k Leioan duen zentroan (Bizkaia). Elkarrizketa ekaineko bero boladaren egun gogorren ostean izan bada ere, sargori da, martxan den uda gogorraren seinale.
Zientzialariek gero eta garrantzi handiagoa ematen diote egokitzapenari. Bero boladekin ageriago geratzen da larrialdi hori?
Beti egon da klima larrialdira moldatzeko beharra. Kontua da lehenengo Hegoalde Globaleko herrialdeei eragin ziela, eta hemen ez genituela horrenbeste nabaritzen klima larrialdiaren inpaktuak. Eta, gainera, isurtzen jarraitzen genuen, erritmo berean. Baina orain larritasun orokor bat dago, inpaktu horiek Iparralde Globalean ere nabaritzen ari garelako.
Zer garrantzi dute hor hiriek?
Europan, biztanleen %80 hirietan bizi dira. Horregatik, klima larrialdiaren edozein inpaktu asko okertzen da hirietan. Kontua da hiriak ez direla inolako klima irizpide betez eraiki. Porlana jarri dugu, asfaltoa, eta islatzaileak ez diren eta beroa pilatzen duten materialak erabili ditugu. Horregatik, hiriek bero uharte izenekoak sortzen dituzte. Hiriak dentsoak izatea ere garrantzitsua da, ezin baitugu nahi beste espazio hartu, baina kontua da hori modu inteligente batean egin behar dela.
Bero bolada gero eta luzeagoak eta gogorragoak ikusten ari gara. Eta zer pasatzen da? Asfaltoak eta bestelako materialek bero handia pilatzen dute, eta egurastea zailtzen duen hirien geometriarekin batzen da hori. Beroteak gehiago irauten badu, okerragoa izango da bero metaketa. Eta kanpoko beroa eraikinen barrura sartzen da. Halakoetan, soluzio azkarretan pentsatzen dugu, aire girotuan adibidez, baina hori adabaki bat besterik ez da.
«Porlana jarri dugu, asfaltoa, eta islatzaileak ez diren eta beroa pilatzen duten materialak erabili ditugu, eta hiriek bero uharteak sortzen dituzte»
Hirien geometriaz gain, eraikinen morfologia bera ere garrantzitsua da?
Arazo bat da, eta hein batean gure eraikitzeko moduaren herentzia. Euskal Herrian, orokorrean, lur falta dago, eta horrek lehia areagotzea dakar. Eta askotan ez dago malgutasun handirik eraikitzeko orduan, aireztatze gehiago lortzeko. Gainera, gaur egun eraikuntzan materialetan aurrezten saiatzen dira, eta ez dira klima parametroak kontuan hartzen, helburua mozkinak handitzea baita. Araudi zehatz bat egon beharko litzateke eraikuntza berriak eta zaharberritzeak gidatzeko, eta lehengo eraikuntzatik ikasi behar dugu. Etxe zahar askok, adibidez, pareta oso lodiak dituzte, eta horiek udan hotza pilatzen zuten, eta neguan beroa. Baina hori ez da kontuan hartzen gaur egun, ezta eraikinen barruan patioak egitea ere; patioek aireztatzen laguntzen dute, baina, ekonomia ikuspuntutik, espazio galdua dira. Eta gehiago hartu beharko litzateke kontuan, jendearen osasunean zuzen eragiten baitu.
Eraikinen zaharberritzeak egiteko laguntzak badaude. Nahikoa al dira?
Jende askok ez du baliabiderik halako lanak ordaintzeko, hori komunitateen esku baitago. Laguntzek, askotan, erdia estaltzen dute, baina ez baduzu beste erdia, ezin duzu egin. Ikerketa askotan, argi geratu da laguntza horiek bereziki baliabide gehien dituztenen onurarako izan direla, obraren beste erdia ordaintzeko nahikoa diru dutelako. Sozioekonomikoki zaurgarrienak direnetan gehiago pentsatu behar da: egokitzapen neurriak ezin dira izan pribilegio bat. Ezin dugu desberdintasunak handitzen dituen egokitzapen bat egin.
«Ez da nahikoa zuhaitz txiki bat landatzea; zuhaitz hori ez da inoiz haziko, eta ez du inoiz konfort termikorik eta itzalik emango»
Bero bolada pasatzean, hala ere, ahaztu egiten gara askotan.
Uste dut kostatuko zaigula ekainean gertatutakoa ahaztea. Mundu guztiak asko sufritu du etxean, jendea etengabe zegoen tenperaturari behatzen, lo egiteko arazo handiekin. Zaurgarrienei, gainera, asko eragin die, etxebizitza oso prekarioetan bizi direnei, espazio txiki batean pertsona asko bizi diren unitateei, adinduei, haurdunei, kaleko langileei...
Baina ez ahazteaz gain, garrantzitsua da gizarteak presioa egitea, hurrengo bero boladak ustekabean harrapatu beharrean botere publikoek aurreikuspen handiagoz kudeatu dezaten egoera, baita egiturazko aldaketak eskatzeko ere.
Hirigintzan kontuan hartzen al da beroa?
Ez asko. Askotan esaten dut, baina, gaur egun, ez da posible oraindik klima irizpideak kontuan hartu gabe egitea hiri eremuetako esku hartzeak. Ez da nahikoa zuhaitz txiki bat landatzea metro karratu erdiko leku batean. Zuhaitz hori ez da inoiz haziko, eta ez du konfort termikorik eta itzalik emango. Praktika horiek atzean utzi behar ditugu.
Aire girotuen eta haizagailuen apalak hutsik geratu dira dendetan.
Azken erabakia izan beharko luke horrek: adabaki bat besterik ez da. Lehenik eta behin, ikusi behar dugu kanpoan zer gertatzen ari den. Eraikinek orokorrean eraberritzeak behar dituzte, isolamendu termiko hobea behar dute, teilatu hobeak, baita horrenbesteko beroa pilatzen ez duten materialak ere.