222,14 milioi euro jokatu, 24,79 milioi euro tokatu. %11. Espainiako Eguberrietako loterian jokatutako hamar eurotik bat berreskuratu da Hego Euskal Herrian. Inoiz baino diru gehiago jokatu dute aurten. Bizkaian izan dute zorte gehien, eta Araban gutxien. Jokatutako kopuruak ere hala izan dira.
Lurraldez lurralde, Bizkaian gastatu dute diru gehien, 116,24 milioi euro, iaz baino %2,19 gehiago. Biztanleko 99,59 euro gastatu dituzte, ia bost dezimoren pare. Gipuzkoan 46,61 milioi euro jokatu dituzte; Nafarroan, 39,76 milioi euro, eta, Araban, 19,52 milioi euro.
Bizkaiak gastatu du gehien eta, era berean, bueltan gehien jaso du: guztira 22,132 milioi euro. Hirugarren sariaren bitartez lortu du horren gehiengoa: hamabost milioi euro. Saria egokitu zaion dezimo bakoitzagatik 50.000 euro jasoko dituzte. Igorren (Bizkaia) saldu dituzte zenbaki horren —90693— 300 dezimo, gehienak herriko errugbi taldeak. Zenbaki berak Bilbon beste 550.000 euro utzi ditu.
Arropa denda bateko langileak
Bigarren sariak ere utzi du diru pixka bat Bizkaian. Izan ere, arropa denden kate batek 70.048 zenbakidun dezimoa erosteko aukera eman zien bere langileei, eta gehienek erosi zuten.125.000 euro jasoko dituzte dezimo bakoitzeko. Kate horrek lau saltoki ditu Bizkaian, bi Gipuzkoan eta bakarra Araban; beraz, hiru lurraldeetan banatu da dirua, baina gehien Bizkaian: orotara 6,25 milioi euro utzi ditu.
Laugarren sariaren bi saridunetako bat ere tokatu da Bizkaian; Leioan, hain zuzen ere. Bertan saldu zuten 78477 zenbakiaren serie osoa, eta 200.000 euro utzi ditu. Bosgarren sariak ere badira garrantzitsuak. Guztira zortzi zenbaki saritzen dituzte sari horrekin, eta horietarik biren dezimoren bat saldu zen Bilbon, Leioan eta Balmasedan (Bizkaia). 23.112 zenbakiak hiriburuan 120.000 euro utzi ditu, eta 77.715 zenbakiak beste bietan 6.000 utzi ditu.
Gipuzkoan guztira 1,53 milioi euro utzi ditu Eguberrietako loteriak. Tokatutakoaren gehiengoa —600.000 euro— bigarren sariari esker lortu dute. Izan ere, 70.048 zenbaki sariduna banatu zuen arropa denden kateak bi denda ditu lurraldean. Eta gainontzekoaren ia gehiengoa hirugarren sariaren bitartez iritsi da. 90693 zenbakiak Zumaian eta Arrasaten (Gipuzkoa) 500.000 eta 300.000 euro utzi ditu, hurrenez hurren.
Sari txikiak
Usurbilgo (Gipuzkoa) Urbil merkataritza gunean saldu dute bosgarren sarietako bat, 23.112 zenbakiaren dezimo batzuk, eta 60.000 euro banatu ditu. Bosgarren sarietan hirugarrena izan den 77.715 zenbakiaren bi dezimok 12.000 euro utzi ditu Donostian. Eta bosgarren sarietan irteten azkenengoa izan den 41.716 zenbakiak 60.000 euro utzi ditu hiriburuan.
Nafarroan, 576.000 euro tokatu dira. 450.000 euro 90.693 zenbakiarekin lortu dituzte, hori izan baita hirugarren saria. Eta gainerako 126.000 euroak Iruñeko bi saltokitan saldutako 77.715 zenbakiarekin lortu dituzte. Hura izan da bosgarren sarietako hirugarrena.
Araban ez dute bestelako zorterik izan. Gastatutako 19,52 milioi eurotik 547.500 soilik itzuli dira lurraldera, denak Gasteizera. Bigarren saria jaso dute hiriburuan egoitza duen arropa dendako zazpi langileek, guztira 437.500 euro. Zabalgana auzoko supermerkatu batean saldutako bosgarren sariaren 60.649 zenbakiak 60.000 euro utzi ditu; eta Salburua auzoko estanko batean saldutako hirugarren sariaren 90.693 zenbakiko dezimo batek 50.000 euro.