Etenik ez duen drama bihurtu da. 2010. urtean 2.584 pertsonak jaso zuten Hego Euskal Herrian desjabetze txostena. Bankuekin duten zorra ezin ordainduta, etxebizitza galduko dutela adierazten dien dosierra. Asteburuhonetan berri agentzia batek zabaldutako datuen arabera, aurten, urtarrila eta martxoa artean hipotekak ordaindu ezinik dauden 312 lagunen kontrako prozesu judizialak gauzatu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. 3,4 eguneko. Etxebizitza galtzea ekar dezakeen urratsa izaten da. Ez da datu kezkagarri bakarra. Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren datuen arabera, aurten, urtarrila eta martxoa artean 567 desjabetze txosten erregistratu ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Eguneko sei.
Oraindik ere desjabetze kasu gutxi iristen dira komunikabideetara. Azkena, uztailaren 27an. Gasteizen. Egun hartarako Maria Aurelia Gigirey eta haren bizilagun Manuel Justizia jauregira deituak zeuden, haien etxeak enkantean jarri behar zituztelako. 2006. urtean, alabarekin eta haren bikotekidearekin batera, 115.000 euroko mailegua eskatu zuen Gigireyk, alokatutako lokal batean okindegi bat irekitzeko helburuarekin. Gigireyk eta bizilagunak euren etxebizitzak berme modura jarri zituzten, baina negozioak ez zuen aurrera egin, eta alabak nahiz bikotekideak utzi egin zioten hipotekaren kuota ordaintzeari. 600 euroko pentsioarekin, hilero 388 euro ordaintzen segitu du Gigireyk.
Uztailaren 27an M-15 mugimenduaren babesa izan zuen Gigireyk, eta enkantea hiru hilabetez atzeratzea lortu zuten. Epaitegiaren arabera, «paper bat» falta zelako. Gasteizko kanpalekuaren iritziz, ordea, babesa eskaintzeko bildutako dozenaka lagunei aurre ez egiteko.
M-15ek desjabetze arriskuan daudenei laguntza eman izana babestu arren, Adicae aseguru, aurrezki kutxa eta banketxe erabiltzaileen elkarteak uste du «harago» joan behar dela. «Halako ekintzekin lortzen den bakarra etxea hustea atzeratzea da, mekanismoa berriro abian jarrita, epaitegiak beste agindu bat emango duelako. Sendiak hiru hilabete baino ez ditu irabazten. Horregatik, neurri eraginkor bakarra bahiturak geldiaraztea da», azaldu du Lucia Fernandez elkarteko arduradunak.
Krisia hasi zenetik Espainiako Estatuan 450.000 bahitura egin dira, Adicaeren datuen arabera. «Eta kopuruak gora egiten segituko du», dio Fernandezek. Horregatik, berehalako neurriak hartu behar direla iritzi dio, «familia horiek guztiak bazterkerian geldi ez daitezen». Adicaeren iritziz, bahiturei hiru urteko atzerapena ezartzea da «drama soziala bukatzeko irtenbide bakarra». Modu horretan, maileguaren ordainketari aurre egiteko zailtasunak dituzten hipotekadunek hiru urtez ez lukete ordaindu beharko ez kuotarik ez interesik. BERRIA hainbat aurrezki kutxaren iritzia biltzen ahalegindu da, baina ez du lortu inork adierazpenik egitea.
Legearen aldaketa
Espainiako Hipoteka Legea 1861ekoa da, eta gerora hainbat erreforma egin bazaizkio ere, oraindik «zaharkitua eta desorekatua» da, Fernandezen iritziz. Hain zuzen ere, hainbat elkartek eta mugimenduk legea aldatzeko eskatu dute, maileguaren kuota ordaintzerik ez dutenek etxebizitza itzultzearekin kita dezaten zorra. Era berean, hainbat epailek eta epaitegik ere auzitan jarri dute legea azken hilabeteotan.
Urtarrilaren 26an Nafarroako Auzitegiko bigarren atalak auto baten bidez ebatzi zuen etxebizitza itzultzearekin kitatuta gelditu zela familia baten zorra. Aste batzuk geroago, aldiz, Nafarroako Auzitegiko beste areto batek onartu egin zuen BBVAk Lizarrako epaitegiaren epai bati jarritako helegitea, eta ebatzi zuen epaitegiak bahitu egin behar zizkiola ondasunak mailegua ordaindu ezin zezakeen pertsona bati, «eskatutako kopurua osatu arte». Etxebizitza 203.000 eurotan tasatu zuten, baina enkantean 137.350 eurotan saldu zuten, eta etxearen jabeak 181.846 euroko zorra zuen bankuarekin.
Fernandezen iritziz, finantza erakundeen eta familien arteko «ustezko oreka» ez da existitzen. «Eta, gainera, kontraesankorra da Europako beste herrialdeen legediarekin. Horietan zordunen eskubideen defentsarako mekanismo bidezkoagoak ezarri dituzte». Erreforma bat eskatu du Adicaek. Hala ere, Espainiako alderdi politiko nagusiak eta banketxeak erreformaren aurka azaldu dira. Ez diote onurarik ikusten; finantza sistema eraitsiko lukeela adierazi dute.
Desjabetzeak
Egunean 3,4 hipotekaren zorra, auzitara
Urteko lehen 3 hiletan hipoteka kobratzeko 312 prozesu eraman dira EAEn auzitara; iaz, 2.500 desjabetze txosten egin ziren HegoaldeanHipoteka legea aldatzeko eta desjabetzeak eteteko eskatu dute hainbat taldek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu