Egungo hizkuntza politikak berea eman duela iritzita, «pizkunde berrian» laguntzeko prest dago UEMA

Urdiainen eta Zeberioren eskaerak onartuta, 120 udalerrik osatzen dute dagoeneko mankomunitatea.

UEMAk urteko batzar nagusia egin du gaur Etxarri Aranatzen. UEMA
UEMAk urteko batzar nagusia egin du gaur Etxarri Aranatzen. UEMA
kristina martin
2025eko abenduaren 13a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtearen amaierarekin batera, batzar nagusia egin du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA). Etxarri Aranatzen (Nafarroa) elkartu dira udalerri euskaldunetako 150 bat alkate eta zinegotzi. 2025eko balantzea aztertu dute, eta 2026rako egitasmo nagusiak eta plangintza onartu dituzte, besteak beste.

UEMAko lehendakari Martin Aramendik adierazi duenez, orain arteko hizkuntza politikak eman beharrekoa eman du. Beraz, aurrerapauso bat emateko garaia dela adierazi du, eta erakunde publikoei eskatu die duten ardurari uko ez egiteko eta auziari behar den moduan heltzeko. UEMA bide horretan laguntzeko prest azaldu da, eta adierazi du ahalegin guztiak egingo dituela «akordioak lortzen euskarak benetako lege babesa izan dezan». Hartara, argi hitz egin du Aramendik urte berriak dakarren erronkaren garrantziaz: «Orain arteko hizkuntza politikak berea eman du. Honaino iritsi gara, eta aldatzeko garaia dela erakusten dute datu eta zantzu guztiek». Haren hitzetan, «kalean, herritarrek eta euskaltzaleek hauspotuko dute pizkunde berria», eta erakunde publikoei «horri behar bezala erantzutea» dagokie.

Urteroko moduan, batzar nagusian formalizatu dituzte udalerriek mankomunitatera batzeko eginiko eskaerak. Oraingoan, Urdiainek (Nafarroa) eta Zeberiok (Bizkaia) egindako eskaerak onartu dituzte batzarkideek. Horrela, gaurtik aurrera, 120 udalek osatzen dute UEMA. Guztien artean 355.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute. Herri berrien eskaerak onartu aurretik, amaitzear den urtearen balantzea eta 2026rako egitasmo nagusiak eta plangintza ere onartu dituzte batzarkideek.

Gai zerrendako hamar puntuak onartu diren arren, EAJk mankomunitatean duen ordezkaritzak jakinarazi du ez dagoela ados bi punturekin: 2026rako bazkideen kuota %3 igotzearekin, eta 2026ko aurrekontua eta lanpostuen zerrendarekin. Bazkideen kuotaren igoerari dagokionez, EAJk abstentzioaren bidez azaleratu du bere kritika. Izan ere, arrazoitu duenez, «zenbait udalentzat —bereziki txikiei— esfortzu handia dakar kuota ordaintzeak, eta badago nahikoa gerakin igoerarik gabe ere 2026ari aurre egiteko».

Lanpostu zerrendaren inguruan ere agertu dute kezka. Jeltzaleen ustez, «giza baliabideen atala etenik gabe handitzen ari da». EAJk proposatu du atal horren azterketa egitea, «UEMAk dituen baliabide propioak eta azpikontratatutakoak optimizatzeko». Horretan ere abstenitu dira ordezkari jeltzaleak. 

Mugarriak

Batzarra amaitu ostean, Aramendik UEMArentzat garrantzitsuak izan diren zenbait mugarri gogoratu ditu. Batetik, maiatzean argitaratutako udal koaderno demolinguistikoak —udalerri bakoitzean euskararen egoerari eta bilakaerari buruzko argazki eguneratuak—. Horrekin lotuta, UEMAk gogorarazi du ikerketa horren emaitzetan oinarrituta eginiko proiekzio demolinguistikoak alarma gorria piztu zuela, «arnasguneak desagertzeko bidean daudela erakusten duelako, eta, oro har, arlo guztietan atzerakada zantzuak aurreikusten direlako».

Aramendik gogoan izan du beste mugarri bat: euskararen aurkako oldarraldiak udalerri euskaldunen jardunean duen eragina. Eta nabarmendu du epaiak salatzeko herriz herri milaka herritar kalera atera direla UEMAk deituta. «Uztailean, milaka eta milaka herritarrek justizia, lege babesa eta arnasa eskatu zuten euskararentzat, udaletxe aurrean, eta horri erantzutea dagokigu 2026an».

Arnasguneen garrantzia

Azkenik, urrian egin zen arnasguneen garrantziari buruzko nazioarteko konferentzia ere gogoratu du UEMAko lehendakariak: «Hizkuntza gutxituen biziberritzean arnasguneak giltzarriak direla esan ziguten bateko eta besteko adituek, eta ondorio argi batekin amaitu zen konferentzia: arnasguneak motor gisa hartuko dituen lurralde estrategia behar dugu, euskara biziberritzeko eta gainbehera iraultzeko».

Horri guztiari erantzuteko, 2026rako plangintza onartu du gaur UEMAren batzar nagusiak. Udalak zein udalerriak euskalduntzeko ohiko lan ildoak biltzen ditu, baina baita lurralde estrategia garatzeko eta arloz arlo lantzeko egitasmoak ere.

Bestalde, UEMAk bat egin du Euskalgintzaren Kontseiluak hilaren 27an Bilbon egingo duen Euskaraz bizitzeko pizkundea ekitaldiarekin ere. Hortaz, udalerri euskaldunetako alkateek eta zinegotziek ekitaldira bertaratzeko deia egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.