EGUNKARIA AUZIA

'Egunkaria auzia'-ren aurkako aldarria egin dute hezkuntza arloko langileek, Durangon

Ehun lagun inguru elkartu dira, zentro publikoetako ordezkariak eta ikasleak, esaterako. Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidentea ere han izan da. Azokako plazan izan da bilkura. Abenduaren 15ean hasiko da epaiketa, eta bost auzipetu daude.

2009ko abenduaren 4a
17:03
Entzun
Ehun lagun inguru elkartu dira gaur Durangoko azokako plazan (Bizkaia), Egunkaria-ren epaiketaren aurkako elkarretaratzean. Zentro publikoetako ordezkariak eta ikasleak, bildu dira, Egunkaria libre! lelopean. Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidentea ere han izan da. Auzipetuen artean, berriz, Xabier Oleaga.

Etzi, 19 urte beteko dira Euskaldunon Egunkaria sortu zutela, eta Durangon (Bizkaia), liburu eta disko azokan, ekimen garrantzitsu bat izango da, auzia salatzeko eta auzipetuei babesa emateko: Azoka hustu, plaza bete.

12:00etatik 12:15ak arte elkarretaratzea egingo dute, Durangoko Azoka ondoko plazan. Egunkariaren Alde Kultur Elkarteak egin du deia, eta bat egin dute Gerediaga elkarteak -azokaren antolatzaileak-, Euskal Editoreen elkarteak, Euskal Idazleen elkarteak eta Galtzagorri elkarteak.

Abenduaren 11n, berriz, Kontseiluak deituta elkarretaratzea egingo dute Euskal Herriko bost hiriburutan, Gasteiz, Bilbo, Donostia, Iruñea eta Baionan, 12:00etatik aurrera.

Irailaren bukaeratik astero izan dira epaiketaren aurkako antzeko bilkurak hainbat tokitan, Egunkaria libre! lelopean. Hain zuzen, haietako bat idazleek eta argitaletxeek deituta egin zuten, eta beste bat musikariek deituta.

Halaber, herrietan ekimenak egiten segitzen dute. Azken egunetan, kasu, Elgoibarren, Eibarren, Bilboko Deustua auzoan...

Bost auzipetu itxierari buruzko auzian

Egunkaria auzia-n kazetaren itxierari buruzko epaiketa abenduaren 15ean hasiko da, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga daude auzipetuta, ETAko kide izatea egotzita. Fiskalak, defentsak bezala, auzia ixteko eskatu zuen.

Joan Mari Torrealdai. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa eskatu dute haren aurka.

Iñaki Uria. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Txema Auzmendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Martxelo Otamendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Xabier Oleaga. 12 urteko espetxealdia eta 14 urteko inhabilitazioa (14 urte, AVTren eskaeran).



=b2003ko otsailaren 20an itxi zuten 'Egunkaria'=b

2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Guardia Zibilak Egunkaria euskarazko egunkariaren egoitzak itxi eta hamar lagun atxilotu zituen: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen), eta Inma Gomila.

Uriak, Oleagak, Otamendik, Alegriak eta Auzmendik torturak eta tratu txarrak jaso zituztela salatu zuten epailearen aurrean. Seiek jarri zuten salaketa, eta guztiak artxibatuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.