Egunkaria auzia-ri eutsi, eta epaiketa egitea erabaki zuen atzo Espainiako Auzitegi Nazionalak. Bost lagun eseriko ditu akusatuen aulkian, Egunkaria-n lan egin izanagatik ETAko kide izatea leporatuta: Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga. Orain arte auzipetuta zituen Xabier Alegria eta Pello Zubiria ezin dituela epaitu erabaki du Auzitegi Nazionalak. Bost auzipetuek hedabideen aurrean agerraldia egin dute gaur "sekulan abandonatu ez gaituen euskal gizarteari bere laguntza, arnasa eta babesaren beharrean jarraitzen dugula esateko, hemendik epaiketara begira bereziki, noiz iritsiko den ez badakigu ere". Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean (Gipuzkoa) egin dute agerraldia.
Epaiketa egin ahal izateko, behin-behineko idazkia lantzen hasteko agindu dio auzitegiak defentsari. Irailaren 2ra arteko epea eman dio eskaeren txostena aurkezteko.
Bost auzipetuak aurreikuspen txarrak dituzte epaiketari begira. "Errealitate ukigarriari dagokionean, aurreikuspenik txarrenak etengabe bete diren honetan epaiketa egiten bada sententzia kondenatorioren bat egongo da, hori da orain aurreikusten duguna. Eta aurreikuspen horrekin ez dago bukaera onik Egunkaria kasuarentzat", adierazi du Joan Mari Torrealdaik.
Sei urte igaro dira Egunkaria-ren aurkako erasoa gertatu zenetik eta "sarraski hura indarrean dago". "Euskara sustatu izanaren errudun, euskal kultura sutsuki sustatu izanaren errudun, euskal komunikabidegintzan gartsuki jardun izanaren errudun...bai. Baina Euskara sustatzeak, euskal kultura sustatzeak, euskal komunikabidegintzan jarduteak ez gaitu ETAkoak bihurtzen, tesi polizialak eta akusazio popularrakbaieztatzen duen moduan", nabarmendu dute bost auzipetuek.
Horrez gain, ez da ahaztu behar auzi ekonomikoak irekita jarraitzen duela. 2003ko urrian egin zuen operazioa Guardia Zibilak, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta.
Zortzi auzipetu daude: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu eta Fernando Furundarena. 13 eta 26 urte arteko espetxe zigorrak eskatu dituzte haientzat, baita 235 milioi euroko isuna ere. Diru kontuak faltsutzea eta zerga iruzurra egin izana egotzi diete zortziei, eta hori "delitu terroristarekin" lotu dute. Auzitegi Nazionalean dago auzi hori.
'Egunkaria auzia'
'Egunkaria auziko' bost auzipetuek babesa eskatu diote euskal gizarteari
Atzo Auzitegi Nazionalak auzipetuen aurkako epaiketa egin egingo zela erabaki zuen. 'Egunkaria'-ko auzipetuak hedabideen aurrean agerraldia egin dute gaur Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Aurreikuspen txarrenak etengabe bete direla adierazi dute eta epaiketa egiten bada sententzia kondenatorio bat egongo dela aurreikusten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu