'Egunkaria' independentea eta plurala zela berretsi dute defentsaren lekukoek

Iñaki Zabaleta, Imanol Murua Uria eta Jose Luis Zinkunegi epailearen aurrean izan dira gaur. Txomin Aizpurua ETAko kide ohiak epaileari esan dio berak ez zuela 'Egunkaria'-ren sorrera garaiko txostenik ezagutu. Asteazkenean segituko du epaiketak.

2010eko urtarrilaren 25a
17:24
Entzun
Egunkaria-ren independentzia eta pluraltasuna defenditu dute gaur defentsaren hiru lekukok, epaiketako laugarren saioan: Iñaki Zabaleta Egunkaria Sortzen taldeko partaideak, Imanol Murua Uria kazetako langile ohi eta Egunkaria Sortzeneko kideak, eta Jose Luis Zinkunegi jesuiten buruak. Epaiketako lehen saioan -abenduaren 15ean-, gauza bera aldarrikatu zuten bost auzipetuek, eta Egunkaria-k sorrera garaian ETArekin ez zuela harremanik izan berretsi zuten.

Zabaletak euskarazko kazeta sortzeko prozesuaz azalpen ugari eman du. "Egunkaria Sortzenekoa zen euskal kulturan izan dezakegun talderik pluralena", azpimarratu du. Kazetaren eta EAJren arteko harremana bidera zezan Mario Onaindia PSE-EEko buruzagi zenarekin harremanetan jarri zirela azaldu du. "EAJren eta Egunkaria-ren arteko hasierako hoztasuna apurtu zuena PSE izan zen". Kazetak ETArekin harremanik zuela guztiz ukatu du Zabaletak.

Murua Uriak zuzendari hautaketaz jardun du. Esaterako, epaileari esan dio berak "iradoki" zuela Martxelo Otamendiren izena Egunkaria-ko zuzendari izateko; Joan Mari Torrealdai administrazio kontseiluko lehendakariari aipatu ziola hori. Murua Uriak aitortu du berari proposatu ziotela Egunkaria-ko arduradunek zuzendari jartzea 1993an -1990ean ere eskaini zioten, beste hainbati bezala-, baina ezezkoa eman zuela, bere burua ez zuelako zuzendari izateko "prestatuta" ikusten, eta "aukeraketan lagundu" nahian Otamendiren izena jarri zuela mahai gainean. AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioen arabera, ETAk esanda jarri zuten Otamendi 1993an Egunkaria-ko zuzendari.

Zinkunegi jesuiten buruak azaldu du Txema Auzmendi auzipetua bere kargupean aritu zela Egunkaria-n -administrazio kontseiluko idazkari izan zen Auzmendi-. Kazetaren proiektuan aritzeko oniritzia eman ziola erantsi du: euskarazko egunkari bakarra izango zelako eta proiektu "zabala" zelako.

Aurretik, Txomin Aizpurua ETAko kide ohi eta preso izandakoak adierazi du ez duela Egunkaria-ren sorrera garaiko txostenik ezagutzen. 1991n atxilotu zuten Aizpurua -ETAko zuzendaritzako kideetakoa izatea leporatuta- eta Egunkaria 1990ean sortu zen. Aurreko saioan Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis, Jose Mari Dorronsoro eta Carmen Gisasola presoek ere berretsi zuten ETAk ez zuela kazetaren sorreran parte hartu. Hirurok bezala, herri akusazioen lekuko gisa deklaratu du Aizpuruak.

Etzira arte eten dute epaiketa, AVTko abokatuaren ama hil delako

Gaur 10:45ean ekin diote epaiketako laugarren saioari, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Akusazioen azken lekukoak eta defentsaren bi izan dira auzitegian, azalpenak ematen. Javier Gomez Bermudez epaimahaiburuak 13:20an jakinarazi du etzira arte atzeratu duela epaiketa, Antonio Parrero AVTko abokatuaren ama hil delako. Orduan, defentsaren lekukoen txanda amaitzean, perituak hasiko dira.

Torrealdai: "Egia gailenduko da"

"Fabulazioen gainetik egia gailenduko da". Hala esan du gaur Joan Mari Torrealdai Egunkaria-ko auzipetuak Madrilen hedabideen aurrean, Auzitegi Nazionalaren atarian, saioaren aurretik. Bost auzipetuak "lasai" daudela adierazi du, halaber.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.