Goizeko hamarrak baino minutu batzuk lehenago sartu dira uniformerik gabeko zenbait guardia zibil 'Egunkaria'-k Iruñean zuen egoitzara atzo Andoianen hasitako arakatze lanekin jarraitzeko, eta 10:20etarako kanpoan ziren. Iruñeko lankideek adierazi dutenez, Juan del Olmo epaileak ez du miaketan parte hartu, eta haren lana epaitegietako ordezkari batek bete du. Ez dutela "deus atera" nabarmendu dute, baina Del Olmok agindutako ondasun materialen zerrenda egin dute.
'Egunkaria'-ren Iruñeko egoitza oholez itxita zegoen eta itxiera egunean guardia zibilek jarritako 'Ez pasatu. Guardia Zibila' zioten xingolak ere bazeuden. Barrura sartu ahal izateko oholak kendu behar izan dituzte, baina irtetzerakoan ez dituzte atzera jarri, eta egoitza hori zigilatuta dagoela dioen oharra soilik utzi dute.
Eguerdian Gasteizera
Gasteizko egoitzarra berriz, eguerdia izateko gutxi falta zela sartu dira guardia zibilak, idazkari judiziala, administrari judiziala eta 'Egunkaria'-ren lege ordezkaria, Enekoitz Etxeberria. Ordu erdi luzea pasa dute barruan, eta ordenagailu portatil bat eta dirua eraman dutela zehaztu dute Gasteizko lankideek. Hemengo miaketan ere, ez du parte hartu Juan del Olmo epaileak.
Arratsaldez Bilbon
Arratsaldeko bostak izateko minutu gutxi falta zirela ekin diote guardia zibilek, idazkari judizialak eta administrari judizialak 'Egunkaria'-ren Bilboko egoitza miatzeari. Berrogei minutu pasa dituzte, gutxi asko, guardia zibilek barruan. Lehenik, egoitzara sartzera oztopatzen zuten egurrezko oholak kendu behar izan dituzte –Iruñean bezala–, baina kasu honetan, atzera, jarri egin behar izan dituzte, sarraila aurreko miaketa batean apurtu zutelako.
Guardia zibilek linternen laguntzaz egin behar izan dute miaketa, egoitza itxi zutenetik argirik ez dagoelako bertan. Bertatik ez dute ezer eraman Enekoitz Etxeberria 'Egunkaria'-ren abokatuak berria.info-ri adierazi dionez, eta ondasun materialen zerrenda egitera mugatu direla aipatu du.
Hasiera batean, astelehen goizeko 8:00etan hasi eta asteazken gauera arte miaketa egiteko agindua eman zuen Juan del Olmo epaileak, baina bi egunetan bukatu dute guardia zibilek miaketa eta inbentarioa egitea. Hala ere, 'Euskaldunon Egunkariak' Hego Euskal Herrian zituen lau egoitzek zigilatuta jarraitzen dute.
'Egunkaria' auzia