Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi du Egunkaria auzia-n "justizia egitea" espero duela, nahiz eta epaiketa egiteko zazpi urte igarotzeak Justizia "zalantzan" jartzen duen -2003ko otsailean itxi zuten euskarazko kazeta-.
"Kasu hauetan epaiketa epe laburragoan ireki eta ixteko eskatu behar dela iruditzen zait. Zazpi urte pasatzea gehiegizkoa da, Justiziaren eta sistema judizialaren ez oso aldeko iritziak sortzeko ere balio duelako. Horregatik hori guztia fintasun handiagoz landu beharko litzateke".
Radio Euskadin egin ditu adierazpenak, gaur.
Bihar izango da epaiketako hurrengo saioa
Egunkaria auzia-n kazetaren itxierari buruzko epaiketako hurrengo saioa bihar izango da, Espainiako Auzitegi Nazionalean, 10:00etatik aurrera. Lekukoek hitz egingo dute; defentsakoak eta akusaziokoak.
Epaiketa abenduaren 15ean hasi zen, eta Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga daude auzipetuta, ETAko kide izatea egotzita. Fiskalak auzia ixteko eskatu zuen bere garaian, eta epaiketako lehen bi egunetan ez zien auzipetuei eta guardia zibilei galderarik egin.
Auzipetuek ETArekin loturarik ez zutela izan nabarmendu zuten abenduaren 15eko saioan. Hurrengo egunean, guardia zibilek ez zuten Egunkaria-ren eta ETAren ustezko harremanez frogarik aurkeztu.
Auzibidean Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek baino ez dituzte egin zigor eskaerak.
egunkaria auzia
'Egunkaria'-ren epaiketa egiteko zazpi urte igarotzeak Justizia "zalantzan" jartzen du, Patxi Lopezen arabera
Bihar izango da epaiketako hurrengo saioa eta lekukoek hitz egingo dute. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak "justizia egitea" espero du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu