Goizeko ordu txikiak dira Aita Mari Itsas Salbamendu Humanitarioko itsasontzian. Mediterraneo erdian daude. Lampedusatik hegoaldera doaz, eta arratsaldeko seietan gaua da dagoeneko. Ordura arte, nahiko lasai doaz eskifaiako kideak, baina, behin Lampedusa uhartea pasatuta, erne egoten dira, askotan hor aurkitzen baitituzte erreskatea behar duten itsasontziak. Bitartean, atseden hartzeko baliatzen dute denbora librea. Goiz sartu dira denak ohera, eta zubian zaintza dutenak soilik daude esna.
Lehen eguzki izpiak atera aurretik, ofizialen zubitik abisua pasatu dute: «Tripulazioa, tripulazioa, abisu bat jaso dugu hemendik ordubetera dagoen kokapen batetik». Aita Mari-ko kideak esnatu, eta ilun dagoen Mediterraneoan itsasontzi baten bila hasi dira. Lehen eguzki printzekin batera, topatu dute gomazko itsasontzia, eta Donostia zodiakeko kideak haiengana doaz. Lau lagunek osatzen dute Donostia: marinel batek, gomazko itsasontziarekin lehen kontaktua izango duenak; zodiakeko patroiak, Donostia ahalik eta hoberen gidatzen saiatuko dena; sorosleak, salbamendu jaken arduraduna dena; eta kazetariak, erreskatearen argazkiak aterako dituena.
Zodiaka Aita Mari-tik jaitsi eta gomazko itsasontzirantz abiatu da ziztu bizian. Aldi berean ere, Louise Michel erreskate ontziko eskifaiako kideak gerturatu dira Donostia-koei laguntza eskaintzera. Gomazko itsasontzira gerturatzean, abiadura jaitsi du patroiak, eta marinelak hartu du aginte makila. Galdezka hasi da: zenbat pertsona dauden itsasontzian —26 dira guztira—, ea umerik edo emakumerik dagoen, ea salbamendu jakak dituzten… Libiatik atera dira, eta bi egun daramatzate noraezean. Galdera horiek guztiak egin ostean eta gomazko itsasontziari buelta bat eman eta gero, marinelak salbamendu jakak janzten erakutsi die.
Ama eta jaioberria, igotzen lehenengoak
Azalpenaren ondoren, gomazko itsasontzira gerturatu eta jakak banatzen hasi dira. Denek jantzia dutela ikustean, sei hilabete inguruko umearen eta haren amaren bila joan dira, eta haiek izan dira lehenengoak Donostia-ra igotzen. Lehenengoz ama, eta gero haurra; eta, ondoren, pixkanaka hustu dute ontzia. Ama oso urduri dago, eta haur jaioberria lasaitzen saiatzen ari da, negarra besterik ez baitu egiten. Zodiakaren atzealdean jarri dituzte, eta biak lasaitzen saiatu dira. Baina ez dago modurik. Itsasontzira lehen txandako zortzi pertsona igota, Aita Mari-rantz abiatu dira.Â
Mediterraneoa lasai dagoen arren, zodiaka Aita Mari-ra gerturatu eta uretan hurbildu-urrundu dabil etengabe. Tarteak sortzen dira bi itsasontzien artean. Eskifaiako kideek eskarmentua dute, eta ondo dakite noiz pasa itsasontzi batetik bestera. Igotzean mantak banatu dituzte, eta zenbaki bana eman diete arropa eta janaria jasotzeko. Horrela, errazagoa izango da tripulazioarentzat.
Badoa berriro Donostia gomazko itsasontzira, bertan geratu diren gainerakoen bila. Hiru bidaia egin behar izan dituzte migratzaile guztiak Aita Mari-ra eramateko. Amak esan die Donostia-ko kideei gomazko itsasontzian haurrarentzat zuen motxila ahaztu duela. Azken bidaia probestu dute motxila hartzeko. Ohikoa den bezala, azken bidaian salbamendua egin duten itsasontziaren izena eta erreskatearen data jarri dituzte, inguruan dauden gainerako salbamendu itsasontziak eta eskifaiako kideak lasai gera daitezen.
Erreskatea bukatzean, erreskatatuei laguntza eskaini diete aldiro. Egoera berria eromena izan da eskifaiarentzat, eta orain arteko funtzionamendua hankaz gora jarri die: garbiketa txandak, zubiko txandak… eta oraindik bi eguneko itsas bidaia dute aurretik. Izan ere, Italiako agintariek Civitavecchiako portura (Erroma iparraldean) bidali dituzte lehorreratzera, nahiz eta Aita Mari-tik lurra ikus daitekeen.
Itsasontziko medikua eta erizaina urduri daude. Adingabe batek hipotermia zantzuak ditu, eta erizaindegian egon da Aita Mari-ra igo denetik; ez dute lortzen hipotermiari buelta ematea. Dena den, orduak igaro ahala, giroa lasaitzen ari da, eta erizainak eta medikuak pazientearen aurrerapen guztiak ospatzen dituzte; lasaitasun aurpegia berreskuratu dute.
Gaua da dagoeneko, eta eskifaia erreskatearen inguruan ari da hizketan: zer hobetu, barkamena eskatu elkarri gaizki esandakoengatik, gomazko itsasontzia nola zegoen… Denak leher eginda daude, eta zaintzarik ez dutenak ohera joan dira, egun luze horri amaiera emateko, eta indarrak hartzeko Civitavecchiara iritsi arte.
Gosari beroa, hotzari aurre egiteko
Lehenengo eguna da migranteak Aita Mari-n daudela. Eskifaiako kideak gosaria prestatzen ari dira: te beroa, galletak eta barra energetikoak. Migranteak hotzez igaro dute gaua, eta oraindik ere hotzak daude. Horren erakusle da denak mantekin doazela gosari bila. Bigarren tea eskatu dute denek. Gosaldu eta gero, baten batek hotzak jarraitzen du, eta erizaindegi barrura sartu dute, berotzeko eta sukarra jaisteko.
Migranteak konfiantza hartzen hasi dira eskifaiako kideekin, eta batzuek erakusten dituzte «Libiako kriminalek» eragindako tortura markak: labankadak, pistolen ipurdiarekin jotako kolpeak… Hilabete asko daramatzate Libian, gehien daramanak bederatzi hilabete, eta Poliziaren torturez gain, aitortu dute lapurtu ere egiten dietela. Erizaindegitik popara joan da, eta bertan sakabanatuta daude gizonezkoak. Emakumezkoentzat beste leku bat bilatu dute, umearekin lasai egon daitezen, nahiz eta gizonezkoak ere hara joaten diren.
Kapitainak, lasai daudela ikusita, eskifaiako kideei hots egin die: «Tripulazioa, tripulazioa bildu migranteak popan». Kapitainak Italian asiloa eskatzeko jarraitu beharreko pausoak azaldu dizkie ingelesez, eta migrante batek somalierara itzuli ditu, gehienak herrialde horretakoak baitira. Popako paretan dauden Italiako Gobernuz Kanpoko Erakundeek eta UNCHR-ek sortutako hainbat webgunetara sartzeko QRen inguruan hitz egin die, baita gelditzen zaien bidaiaz ere.
Sizilia igaro dute, eta Tirreniar itsasoan daudela azaldu die, Erromako Civitavecchiarantz doazela. Kapitainak esan die bihar, abenduaren 3an, iritsiko direla. Hitzaldian jasotako informazioa irakurtzen aritu dira migranteak goizean, eta bukatzean, itsasoari begira jarri dira lehorreratzeko portua ikusteko esperantzarekin.