Eguraldi hotzak arazoak sortu ditu, baina errepide sare nagusian ez du eragin
Izotza eta elurra hotzarekin batu ziren atzo, eta hainbat arazo eragin zituzten bigarren mailako errepideetan. N-1 errepidean bi istripu izan ziren lurrean zegoen izotzaren ondorioz, goiz partean, Arratzua parean (Araba). Hainbat mendate itxita egon ziren, gainera: Kurtzeta, Urduña eta Herrera Araban; Sanpelaio-Arena Bizkaian; Mandubia eta Otzaurte Gipuzkoan; Iratiko bidea eta Zaraitzuko NA-2011 errepidea Nafarroan. Horietan soilik ez, izotzak edo elurrak arazoak eragin zituzten mendate gehienetan; hala ere, errepide sare nagusiak ez zuen nabaritu aparteko eraginik. Nafarroan eta Araban izan ziren tenperatura hotzenak atzo, zero gradutik gora egin ezinik egon ziren termometroak. Arangoitin (Nafarroa) eta Agurainen (Araba) hamar gradu zero azpitik egin zuen iluntzean, eta alerta egoeran jarraitu zuten atzo, gauean hotz handiagoa egin behar baitzuen. Gaur epeldu egingo du kostaldean, eta elur maila igo egingo da, meteorologia zerbitzuen arabera. Bihar lainotsuagoa izango da eguna, eta elurra 1.000 metrotik goiti egingo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu