Araba Euskaraz

Eguraldiak ez ditu euskaltzaleak kikildu, eta, aterkia eskuan, jende andana izan da Olarizun

Araba Euskaraz ospatu dute gaur Olarizun. Bildutako dirua Aguraingo Lautada ikastolaren azpiegiturak hobetzeko baliatuko da.

Araba Euskarazera hurbildu diren euskaltzaileak, gaur goizean. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
jon ordonez garmendia
2023ko ekainaren 11
15:10
Entzun

Euria desiratua izanagatik, batek baino gehiagok begiratu du gaur goizean leihotik, Olarizu aldera. Han ari dira egiten Araba Euskaraz, gaur, eta, goizean goiz, ekaitza eta trumoia izan dira protagonista. Hori, baina, ez da nahikoa izan euskaltzaleak etxean geratzeko, eta, goizak aurrera egin ahala, geroz eta jende gehiago bildu da Olarizun, jai giroaz gozatzeko. Eguerdian, gainera, atertu egin du, ostarteak izan dira, eta Arabako ikastolek antolatutako egitarauarekin gozatzeko aukerarik ez da falta izan: jazza, pailazoak, osasuntsu jateari buruzko tailerrak... Antolatzaileek prestatutako guneetan ez dira falta izan Alavesen elastikoa jantzita joan diren euskaltzaleak ere, gaurko partida garrantzitsuaren atarian.

Aurten bildutako dirua Aguraingo Lautada ikastolako azpiegiturak hobetzeko baliatuko da. «Kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzen duen irakasle talde profesional eta konprometituarekin, guraso kooperatibisten ahaleginari bultzada emateko. Agurain euskaldun bat dugu amets, Lautada euskaldun batean, Euskal Herri euskaldun batean ,eta amets hori egia bihurtzeko ekinean dihardugu», esan du Araba Euskaraz kultur elkarteko lehendakari Unai Mendizabalek goizeko ekitaldian.

Gari Suarezek eta Maddi Agirrek gidatu dute ekitaldi hori, eta Xubton Stilt jazz taldeak, Antton Aranburu kantariak eta Lautada ikastolako ikasleek ere parte hartu dute. Hasiera ekitaldi horretan, duela berrogei urte argitaratu zen Sinonimoen Hiztegiaren egile izan zen Bostak Bat elkarteari egin diote omenaldia, besteak beste. Hiztegigintza izan zen Bostak Bat elkartearen egiteko nagusia 1981. urtean sortu zenetik, eta Adorezhiztegi sortak uzta oparoa utzi zuen: 19 liburukik eta bi CDk osatzen dute. Elkarte horretako hiru kide izan dira aitortza jasotzen: Patxi Uribarren, Juan Luis Goikoetxea eta Rikardo Badiola.

Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuorde Begoña Pedrosak eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek ere hartu dute hitza ekitaldian. Urtaranek gogoratu duenez, duela zortzi urte, alkate izendatu zuten egunaren biharamunean, Araba Euskaraz izan zen haren lehen ekitaldi instituzionala, eta, orain, alkatetza uzteko sei egun geratzen zaizkion honetan, Araba Euskaraz izango da azkenetakoa. Ikastolen lanari balioa eman dio Urtaranek, gainerako hizlariek bezala, eta ikastolek aurrerantzean ere egiteko asko dutela azpimarratu.

Koldo Tellituren azken ekitaldia izan da goizeko hori, hamalau urteren ostean Ikastolen Elkarteko lehendakari izateari utziko baitio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.