Beroak Europa jo zuen 2003an. Hondamendia eragin zuen. Hondamendi isila, baina etenik gabea. Tenperatura altuak edadetuak zigortu zituen batez ere. Frantzian, ia 15.000 lagun zendu ziren, Osasunerako Mundu Erakundearen arabera. Pertsona edadetuak ziren gehien-gehienak. Beste 6.000 lagun hil ziren Espainian, eta 3.000 Italian. Italianmila gehiago izan ziren hildakoak, Earth Policy Institute erakundearen hitzetan. Erakunde horrek 2.000 hildako zenbatu zituen Portugalen, eta 7.000 Alemanian. Guztira, 22.000-35.000 lagun hil ziren.
2003ko tenperatura altuak ezustean harrapatu zituen Europako agintariak. Ez zituzten beroaldiak eraginen zituen kalteak aurreikusi. Inondik inora ere ez. Beroa etsaitzat hartzeko ohiturarik ez zegoen Europan. Beroaldiaren ondorioak bereziki larriak izan ziren Frantzian. Tenperaturaren eraginez hilakoak 3.000 ian zirela onartu zuen Parisek hasieran. 5.000, gero. 2003ko irailean argitaratutako ikerketa lan batean 14.802 hildako zenbatu zituzten abuztuaren 1etik 15a bitarte. Ohi baino % 55 gehiago. Egun horietan tenperaturak gora egin zuen etengabe. Haizerik ez. Eta gauez giroa ez zen batere freskatzen. Egunak joan eta egunak etorri, beroak ez zienbakerik herritarrei. Gertatutakoaren ondorioz, Frantziako Gobernuko Osasun zuzendari nagusi Lucien Abenhaimek dimisioa eman zuen. Jacques Chirac presidentearen isiltasuna, halaber, gogor kritikatu zuen oposizioak, krisia bukatuta baino ez baitzen gaiaz mintzatu.2003ko beroaldiak erakutsitako lezioa ongi ikasi zuten Europako herriek. Iaz beroari aurre egiteko plana jarri zuten han eta hemen martxan. Beroaldirik, ordea, ez zen izan. Hala eta guztiz ere, han eta hemen, berriz ere, beroaldiari aurre egiteko planak prest dira aurten. Frantziako eta Espainiako gobernuek prestatutakoak hilaren 1ean jarri ziren abian. Frantziako Gobernuaren planari dagokionez, beroaldiari aurre egiteko neurriak dira nagusi. Horretarako, elkarlanean ari dira Frantziako Osasuna Babesteko Erakundea (InVS) eta Estatuko meteorologia zerbitzua (Meteo France). Hurrengo hiru egunetarako eguraldiaren aurreikuspenak jasotzen ditu Osasuna Babesteko Erakundeak egunero, eta, haien arabera, beharrezko alerta egoera ezartzen du. Lau alerta egoera zehaztu ditu Frantziak. Telefono zenbaki bat herritarren esku jarri du, halaber: 0821.22.23.00.Frantziako Gobernuak prestatutako planaren harira, beroaldiari aurre egiteko neurriak prest dira, halaber, Ipar Euskal Herrian. Tokian tokiko erakundeak beroaldiaren aurrean ahulago izan daitezkeen pertsonen errolda berritzen hasi dira jada, hau da, bakarrik bizi diren 65 urtetik goitiko lagunena, bakarrik bizi diren 60 urtetik goitiko eta lanerako ezinduak diren pertsonena, mugitzeko arazoak dituztenena, eta etxean erizainaren bisita jasotzen ohi dutenena.Lapurdin, Donibane Lohizuneko Gizarte Gaietarako Udal Zerbitzuak, jada, 2.900 gutun bidali dizkie herritarrei, errolda hori osatu ahal izateko. Oraingoz, 100 bat erantzun jaso dituzte. 65 urtetik goitikoei helarazi diete gutuna, beroaldia gertatzen bada haien osasun egoeraren jarraipena egiteko. «Beroaldia izanez gero, beharrezko neurriak abian jarriko lirateke», azaldu du erakunde horretako zuzendari Françoise Besnardek. Donibane Lohizuneko osasun etxe eta adinduentzako egoitzetan tenperatura egokitzeko tresnak jarri dituzte jada.Gauza bera egin dute Baionako erietxean. Ospitale horretako Geriatria Zerbitzuak, halaber, plan berezia jarri du martxan beroaldiari aurre egiteko. «Frantziako Gobernuaren planaren harira, neurri propioak zehaztu behar dituzte gurearen gisako zentroek», azaldu du Baionako erietxeko Geriatria Zerbitzuko buru Herve Dupontek. Plan Urdina prestatu dute zerbitzu horretan, zaharrei udan arreta berezia eskaini ahal izateko. «Xede nagusia da gaixoak hidratatzea, arazorik izan ez dezaten».
2003an, 12 hildako Nafarroan
Espainiako Gobernuak, Frantziakoak bezala, hilaren 1ean jarri zuen martxan beroaldiari aurre egiteko plana. Beroaldiak eragin ditzakeen ondorioei aurrea hartzea da helburua, eta, horretarako, Espainiako Meteorologia Zerbitzuarekin eta hainbat gobernuz kanpoko erakunderekin elkarlanean ari dira Espainiako agintariak. Adinduei, haurrei, gaixo kronikoei eta baztertuta bizi direnei eragiten die batez ere beroaldiak, eta haientzat dira planaren neurri eta ildo nagusiak.
Frantzian bezala, lau alerta egoera zehaztu dituzte Espainian ere. Iazko planarekin alderatuz, beste alerta egoera bat bada aurten, laranja alegia. Tarteko alerta egoera izanen litzateke hori. Espainiako Gobernuak telefono bat jarri du herritarrek informazioa jaso ahal izan dezaten: 900 22 22 99.Espainiako Gobernuak prestatutako plana egokitu egin du administrazio bakoitzak. Nafarroan, berriki eman dizkiote azken ukituak herrialdeko planari. Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuak hartu du lan horren ardura. Datu ofizialen arabera, 2003an hamabost lagun zendu ziren Hego Euskal Herrian beroaldiaren ondorioz. Haietako 12, Nafarroan. Horrelakorik berriz gerta ez dadila, hori da Osasun Publikoaren Institutuko buru Pablo Aldazen helburua.«2003an sekulako sustoa hartu genuen. Orduan gertatu zena ezin da berriz gertatu». Aldazek argi du haur txikiak eta zaharrak direla beroaldian ahulen daudenak. «Bai eta hotz handiaren aurrean ere. Azken batean, muturreko tenperaturak gizakion osasunean zer-nolako ondorioak dituen aztertu beharra dago». Horretarako, hiltze tasaren bilakaera aztertzeko asmoa agertu du.
Beroari dagokionez, urik edaten ez dutelako badu eragin handiagoa haurrengan eta zaharrengan. «Haurrek ez dute eskatzen; zaharrek, berriz, ez dute egarririk sentitzen». Haurren kasuan errazagoa da haien osasuna kontrolatzea, gurasoak gainean baitira. Bakarrik bizi diren zaharren kasuan, berriz, beroaldiaren ondorioak oso latzak izan daitezke, Frantzian 2003an gertatutakoak agerian uzten duenez. «Zaharrek egarria sentitzeko gaitasuna galtzen dute. Egunak ematen ahal dituzte edan gabe. Likido falta horrek ondorio larriak izan ditzake zaharren osasunean, funtsezkoa baita sistema kardiobaskularrarentzat».
Hezkuntzaren garrantzia
Jaurlaritzak atzo aurkeztu zuen beroaldiari aurre egiteko plana. Plana prestatu duen taldeko koordinatzaile da Txema Sanchez. Euskalmet meteorologia agentziarekin elkarlanean ari da Osasun Saila plan horren barruan. Tenperaturen aurreikuspenak helaraziko dizkio egunero agentziak Osasun Sailari. Hiru egunez zehaztutako mugak gainditzen direnean, gutxienekoak eta gehienezkoak, larrialdietarako alerta martxan jarriko da. Osakidetzari emanen dio Osasun Sailak alerta egoera horren berri ospitaleetan eta osasun etxeetan prest egon daitezen.
Bakarrik bizi diren zaharrei behar duten arreta eskaintzeko, udalek funtsezko zeregina izanen dute Eusko Jaurlaritzak prestatutako planaren barruan. «Azken batean, gure esku ditugun herritarrengana heltzeko bitarteko guztiak martxan jartzea da kontua: osasun etxeak, gizarte zerbitzuak eta abar», azaldu du Sanchezek. «Helburua herritar guztiengana heltzea da, erakunde guzti-guztiak baliatuz».Hezkuntzaren garrantzia azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko teknikariak, beroari aurre egiteko. «Oraindik ere kostatzen zaigu eguraldi ona gure aurkaritzat jotzea; ez gaude ohituta. Uholdeen edo ekaitzen beldur izaten gara, baina ez gaude beroaren kontra neurriak hartzera ohituta. Hori, ordea, aldatu beharra dago». 2003ko beroaren ondorioz hasi ziren ohitura horiek apur bat aldatzen, Sanchezen arabera. Hiru herrialdeetan hiru pertsona zendu ziren, zuzenean beroaren ondorioz. Tenperaturek bestelako daturik ere utzi zuten: ehorzketa etxeen informazioaren arabera, % 20 igo zen hildakoen kopurua uda hartan.
BEROALDIAREN KONTRAKO NEURRIAK
Eguzkiaren aurpegi beltza
Udan izan litekeen beroaldiari aurre egiteko neurriak martxan jarri dituzte Euskal Herrian; 2003. urtean Europan izan zen hondamendia berriz ez gertatzea da osasun arduradunen helburu nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu