EH Bildu izan da Gasteizko hilketa dela-eta kanpaina eten duen bakarra

Genero indarkeriaren, lan istripuen edo bestelako kasu batzuen ondorioz hildakoak izan direnean, hautagaitzek irizpide desberdinak dituzte hauteskunde kanpainako eteteaz, azken urteetan ikusi denez.

Bakartxo Ruiz EH Bilduren Kongresurako Nafarroako zerrendaburua, gaur goizean, Iruñean, TRW enpresaren atarian. BERRIA
2016ko ekainaren 21a
07:28
Entzun

Azkeneko hauteskunde zikloari erreparatuz gero, bederen, ikusten da Hego Euskal Herriko edo bertan ordezkaritza duten indar politikoek irizpide desberdinak dituztela kanpaina bat eteteko. Gaur, Gasteizen gizon batek Ertzaintzari emaztea hil eta gorpua Zadorra ibaira bota zuela esan ondotik poliziek emakume baten gorpuzkiak topatu dituzte, eta Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpaina eten duen bakarra EH Bildu izan zen. "Hilketa matxista salatzeko" hartu du erabakia, ohar batean dioenez.  Bakartxo Ruiz EH Bilduren Kongresurako Nafarroako zerrendaburuak Iruñean agerraldi bat egin du, TRW enpresaren atarian, baina Zadorrakoa jakin aurretik.  

Duela bi urte, Europako Parlamenturako hauteskunde garaian, Leonen (Espainian) hango diputazioko presidente eta PPko buru Isabel Carrasco hil zuen herritar batek —"mendeku pertsonalagatik", Espainiako Gobernuak orduan zioenez—, eta, estatuan ez ezik, Hego Euskal Herrian indar politikoek kanpaina eten egin zuten egun baterako, EH Bilduk izan ezik. Orain dela urtebete, udal eta foru bozen sasoian, Sevillan (Espainia) lau lagun hil ziren hegazkin istripu batean, eta Hego Euskal Herrian estatu mailako alderdiek egun batez bertan behera utzi zuten kanpaina. Garai berean, Funesen (Nafarroa) bi langile zendu ziren, garabiarekin batera lurrera erorita, eta UPNk, PSNk, Ahal Dugu-k, Ezkerrak, UPDk eta Ciudadanosek ez zituzten ekitaldiak deitu ordu batzuetan edo egun batean; Geroa Baik minutu bateko isilunea egin zuen bere ekitaldietan, EH Bilduk ELAren eta LABen elkarretaratzeetan parte hartu zuen, eta bi koalizio abertzaleek gertaerari buruzko euren azterketak egin zituzten.

Orain bi urte, aldiz, udal eta foru bozetan kanpainan, Leioako (Bizkaia) campusean behargin bat zendu zen, kristalezko sabai batetik jausita, eta indar guztiek normal segitu zuten boto bila.

Leongo hilketa gertatu zenen, Arabako orduko ahaldun nagusi Javier de Andresek (PP) EH Bilduren jarrera arbuiatu zuen: "Euskadin pairatzen dugu fenomeno sozial hori anomalia bat da Europako demokrazian". EAEko PPren orduko presidente Arantza Quirogak "sentsibilitate falta" egotzi zion koalizioari, hura zuzenean aipatu gabe. Gaur, beste denen modura, EAEko PPk ere txarretsi du Gasteizko emakumearen hilketa, baina ez du kanpaina eten, Leongo kasuan bezala. Agerraldiak egin dituzte Iñaki Oiartzabal Arabako hautagaiak, Leopoldo Barreda Bizkaikoak eta Borja Senper Gipuzkoakoak, artean Gasteizkoa jakiteke zela, baina PPk gero ez du iragarri kanpaina eten egin duela.

Gauza bera gertatu da PSE-EEren kasuan: eguerdian Gasteizko ekitaldi batean izan da Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia, Miquel Iceta PSCko buruarekin, baina gero ez dute etetearen oharrik atera. EAJk ere izan du goiz partean ekitaldirik —adibidez, Aitor Esteban Kongresurako Bizkaiko buruak, Bilbon—, baina baita arratsaldean ere: Andoni Ortuzar EBBko presidenteak, Elgoibarren (Gipuzkoa). Pablo Iglesias Elkarrekin Ahal Dugu-ren Espainiako presidentegaia Gasteizen egon da arratsaldean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hautagaiekin, nahiz eta IUren Emakumeen adarrak esan duen EAEko ekitaldiak bertan behera utzi dituela. Nafarroan eragileek normal jarraitu dute kanpainan. EH Bilduko Ruiz gauean Nafar Telebistako eztabaidan agertu da, baina saioa lehendik grabatua zegoen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.