EH Bilduk akordioa egin du EAJ eta PSErekin Suhiltzaileen Legea babesteko

Koalizio abertzaleko legebiltzarkide Mikel Oterok azaldu duenez, «legea suhiltzaileen eguneroko errealitatera egokituko da, eta haien lanaren ikuspegi zaharkitua gaindituko du».

Gaurko batzardea, Eusko Legebiltzarrean. BERRIA
xabier martin
2023ko urriaren 23a
13:13
Entzun

EH Bilduk akordioa egin du Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiekin, EAJ eta PSErekin, Suteen Prebentzioari eta Itzalketari eta Salbamenduko Zerbitzuei Buruzko Legea onartzeko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako suhiltzaileen lehenengo legea izango da hori. Koalizioko legebiltzarkide Mikel Oterok itunaren berri eman du gaur, behin zuzenketen eztabaida amaitu denean. Horiek horrela, Eusko Legebiltzarrak azaroan onartuko du lege berria.

«Orain arte, suhiltzaileak eta suhiltzaile zerbitzuak larrialdien azpiatal gisa erregulatuak zeuden, eta, orain, lege propio bat izango dute: lege garrantzitsua da», esplikatu du Oterok. Legeak suhiltzaileen lanaren «ikuspegi zaharkitua gainditu eta dagozkien funtzioen ikuspegi integral bat» jasoko du, EH Bilduko kideak esan duenez, suhiltzaileen jardunaren eguneroko errealitatera egokituta. «Legean zerbitzuen funtzioen katalogo zabal bat zehazten da, eta zaharkiturik gelditu den eskema gainditu; hau da, suhiltzailea jada ez da izango sua itzaltzeaz gain beste zenbait gauza egiten dituena; eskema hori atzean utzi, eta larrialdi mota guztietan funtzio askotarikoak dituen agente bilakatuko da, legea bere lanaren eguneroko errealitateari egokituta».

Lege proiektua azken fasean da Eusko Legebiltzarrean. Gaur, bildu egin dira Segurtasun Sailak egindako lege proiektuari aurkeztutako zuzenketak aztertzeko, eta, bilera horretan, «gehiengo handi batek» erabaki du arauak sektoreko profesionalen «aldarrikapen nagusietako batzuk» jasotzea, EAJk azaldu duenez. «Akordioa egiteko borondatea egon da, eta alde guztiek egin ditugu lagapenak itunak bide eman diezaion ahalik eta lege onena sortzeari», ziurtatu du Estibaliz Larrauri EAJko legebiltzarkideak. Txarli Prieto PSE-EEko kideak ere antzera hitz egin du. Arauak «herritarrei zerbitzu hobea ematen lagunduko du», Larraurik erantsi duenez.

Lege berriaren helburua da, besteak best «berdintasunaren arloan aurrera egitea» suteak itzaltzeko zerbitzuetarako sarbidean, lanpostuak betetzean eta barne igoeretan, EAJk dioenez. Izan ere, gaur egun emakume suhiltzaileek ordezkaritza txikia dute lantaldeetan. Arau berriaren arabera, erakundeek sustapen plan espezifikoak abiarazi beharko dituzte, kidegoetan emakumeen presentzia bermatzeko.

Adostutako legeak,Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 26 suhiltzaile zentroetako langileei eragingo die. Foru erakunde eta udalen ardura diren edukiak, zerbitzuak eta langileak arautuko ditu lege berriak, eta duela 27 urteko arautegia ordezkatu. Besteak beste, ezarriko du LEP lan eskaintza publiko bakoitzean tokien %25 eta %40 artean emakumeentzat gordetzea. Foru administrazioek eta tokikoek arautuko dute zenbateko zehatza, LEP bakoitzean. Halaber, ama izan ostean bigarren jardueran egoteko eskubidea bermatuko die lege berriak emakumeei ondorengo bi urteetan. Hala, emakumeak amatasun baimenetik itzultzen direnean, suhiltzaileen ohiko lanaz bestelako zereginetan (komunikazioa, mantze lanak...) aritu ahal izango dira ondorengo bi urteetan.

Arkautiko Akademia, kanpo

Jaurlaritzako alderdi biek EH Bildurekin egin duten akordio horri esker, «zerbitzuen barruan kategoria bakoitzaren funtzioak modu koherentean definituko dira», Oterok azaldu duenez: «Aginte eskalak argitzen dira, eta zerbitzu guztietan hiru aginte maila operatibo izango direla bermatu». Horrez gain, zerbitzuetan komunikazio operadorearen figura ezarriko da; emakumeen eskubideak zabalduko dira, EH Bilduko kideak argitu duenez, «umeak izan eta gero bigarren aktibitatea bi urtera luzatzeko aukera» emango delako; halaber, kategoria batzuetan txanda librean eskain daitezkeen lanpostuei muga jarriko zaie; eta, azkenik, «polemika iturria izan den neurrian, lege proiektuak Arkautiko Akademiari oposizioak diseinatzeko ematen zion aukera desagertuko da», Oterok jakinarazi duenez.

EH Bilduk legea «beharrezkotzat» eta «ontzat» jotzen duela azaldu du koalizioko legebiltzarkideak, eta azpimarratu akordioak suhiltzaileen «ordezkaritza sindikal eta profesionalaren oniritzia» ere baduela, suhiltzaileen «aldarrikapen nagusiak» jaso dituelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.