Euskal Herria Bilduk babesa eman dio zortzi sindikatu eta ia ehun plataforma eta mugimendu sozialek irailaren 26rako egindako greba orokor deialdiari. AtzoDonostian emandako prentsaurrekoan, Espainiako Gobernuak duela astebete hartutako neurriak salatu zituen Amaia Agirresarobek, Alternatibako bozeramaileak. Horren hitzetan, «murrizketak pertsonen eskubide sozialen eta duintasunaren aurkako eraso bortitzak dira».
Espainiako Gobernuak «inposatutako» egoera politiko, ekonomiko eta herri ereduaren kontra, EH Bilduk burujabetza aldarrikatu du, «alternatiba sozioekonomiko sinesgarria, eraginkorra eta herritarra eraikitzeko», eta, alternatiba moduan, interes kolektiboak defendatzen dituen sistema ekonomiko bat eraikitzea defendatu du, «gutxi batzuen diru gosea defendatuko duen sistema» ezarri ordez.
Koalizioak gobernuaren erabakiak «bata bestearen atzetik» salatu ditu, eta bide beretik jarraituko dutela adierazi dute, «neurri guztien helburua finantza merkatuen eta sistema kapitalistaren erreskatea gauzatzea delako».
Ezker Anitzak ere bat egin du greba deialdiarekin, eta herritarrei bertan parte hartzeko eskatu die. Era berean, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuei modu bateratuan aritzeko eta deialdi bateratuak egiteko eskatu die: «Ez du inongo zentzurik herritarrei greba babesteko edo ez babesteko eskatzea sindikatu bakoitzarekin duen enpatiaren arabera».
Eusko Jaurlaritzak adierazi du greba deialdia eta herritarren haserrea «ulertzekoa» dela, baina horren ordez, instituzioen, indar politikoen eta sozialen eta herritarren elkarlana indartzeko eskatu du, krisiaren inguruan jarrera hori «eraginkorragoa» eta «baikorragoa» dela argudiatuta.
«Kalea da PPren politika basatia geratzeko leku erabakigarriena», adierazi du, berriz, Txarli Prieto PSE-EEren Arabako idazkari nagusiak, murrizketen aurka egindako manifestazioen harira. Horren ustez, manifestazioek protestaren maila igotzea lortu dute: «Gobernuak zapalketak egiteko tresna instituzional guztiak ditu, gehiengo absolutua duelako. Legebiltzarreko eztabaidak ez dituzte geratuko, baina zailagoa da herritarren gehiengoari aurre egitea».
Eusko Alderdi Jeltzalea grebaren aurka agertu da: protestak ulertzekoak dira, «baina mesede gutxi egingo diogu egoera eta testuinguru honetan lan egiteko aukera izanda geldirik geratzeko eskatzen diogunari», esan du Urkulluk.
Espainiako Gobernuaren neurri ekonomikoak. Euskal Herriko alderdien erantzuna
EH Bilduk bat egin du irailaren 26ko greba deialdiarekin
EAJk eta Eusko Jaurlaritzak, herritarren haserrea ulertu arren, ez dute greba deialdia babestuko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu