Espainiako gobernuburua izendatzeko negoziazioek markatutako testuinguruan egingo du EH Bilduk koalizioaren Konferentzia Politikoa larunbatean, Gasteizen. Plan politikoa eztabaidatu eta bozkatuko dute koaliziokideek, eta bertan berretsiko dute Espainian hasi berri den legealdian nazio auzia tratatzeko beharra: «Beharrezkotzat jotzen dugu azkenean estatuko lurraldetasunari eta horren izaera plurinazionalari buruzko eztabaida irekitzea».p>
Aurkezpenean, Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak azaldu du lurraldetasunaren aferari heltzeko garaia dela. Zehazki, hiru ardatz jarri nahi ditu koalizioak mahai gainean: «nazio aitortza», erabakitzeko eskubidea eta Euskal Herriko lurraldeen arteko harremana. Etxebarrietak azaldu duenez, gainera, aldarrikapen hori izango da koalizio subiranistak azaroaren 18rako deitutako manifestazioaren xedea ere.p>
Halere, larunbateko batzarrean bestelako «erronka estrategikoei» erreparatuko dietela gehitu du legebiltzarkideak; horien artean, hezkuntza, trantsizio energetikoa, etxebizitza eta osasuna. Hala, EH Bilduren plan politikoak Euskal Herriak politika eta gizarte arloetan «jauzi bat» egiteko beharrei erantzuten diela xehatu dute: «Euskal Herrian eta Euskal Herrirako diseinatutako lurralde egituraketan eta politika publikoetan oinarritu behar da».p>
Hala, ez dute bat egin Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk proposatutako Espainia mailako «estatu itunekin», eta, horren ordez, eskatu diote Araba, Bizkai eta Gipuzkoan «herri itunei» bide emateko. «Urkulluri entzuten ari gatzaizkio herriari buruz hitz egiten, baina herria aintzat hartu gabe», azaldu du koalizioak, argudiatuta lehendakariak ez dituela kontuan hartzen Euskal Herriko gainerako talde politikoak.p>
Koalizioak uste du lehendakariaren helburua dela EAJ barruan «eragitea», berriz ere lehendakaritzarako hautagai izateko helburuz: «Herritarren arazoei irtenbideak bilatzeko akordio zabalak eta konponbideak bilatu beharrean». Izan ere, Etxebarrietak berak aitortu du bi hauteskunde garrantzitsuk baldintzatuko dutela urte politikoa: datorren urtean egingo dira Eusko Legebiltzarrerako eta Europako Parlamenturako hauteskundeak. Horietara goranzko joeran iritsiko da EH Bildu, baina Etxebarrietak azaldu du horrek «erantzukizun handiagoz jokatzea» ere eskatzen diela.p>
EAJren aurka
Urkulluk, berriz, egungo testuinguruaren bestelako interpretazio bat egin du SER irrati katean. Lehendakariak salatu du EAJri «aipua kentzen» saiatzeko «estrategia» bat dagoela, batzuentzat mesedegarriagoa delakoan EH Bildu indartzea jeltzaleekin duten lehian, EAJren ordezkaritza murriztu eta hura Eusko Jaurlaritzatik ateratzeko helburuz. Zehazki, «ezkerreko deritzenen aliantzak» aipatu ditu, eta azaldu haren barruan alderdiak eta agente sozioekonomikoak daudela.p>
Datorren urteko Eusko Legebiltzarrerako bozei begira, berriz, Urkulluk ez du baieztatu ez baztertu lehendakaritzarako EAJren hautagaia izango denik. Haren esanetan, Euzkadi Buru Batzarraren erabakia da hori.