EAEko Hezkuntza Lege proiektuari buruzko gogoeta egin du Pello Otxandianok, EH Bilduko Programa zuzendariak, koalizioak Bilboko Bizkaia Aretoan eginiko Hezkuntza jardunaldian. Haren esanetan, «inkongruentzia politikoa» da esatea lege proiektu berria egungo hizkuntza ereduetan oinarrituko dela: «Hizkuntza ereduen sisteman, bi hizkuntzetako bat lehenesten da; euskara ardatz duen sistema eleaniztunean, berriz, hiru hizkuntzen tratamendu integrala egiten da, eta euskara da sistemaren ardatza».
Zalantza agertu du Otxandianok, Eusko Jaurlaritzako arduradunen asmoen inguruan: «Uler daiteke asmoa dela hizkuntza ereduak aldatzea. Jokin Bildarratzek esan zuen eboluzionatu egin behar dutela, Miren Dobaranek esan zuen gaindituta daudela eta atzo Urkulluk esan zuen ez direla aldaezinak. Izan ere, zuzenketak ez du gauza bera esaten euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan. Euskaraz, 'unean uneko ereduak' aipatzen dira, eta gaztelaniaz, berriz, 'indarrean diren ereduak'. Itzulpena ez da zehatza. Horrek aditzera eman dezake zuzenketa hau idatzi zutenek badakitela bi paradigmek ez dutela zerikusirik». Horregatik, beren asmoak argitzeko eskatu die EAJri eta PSE-EEri: «Zer nahi dute, hizkuntza ereduak eguneratu edo datozen 20-30 urteetan mantendu?».
«Hezkuntza ituna ezerezean utzi nahi dute»
Bestalde, Hezkuntza Itunaren «kudeaketa baztertzailea» egitea leporatu die Otxandianok bi alderdi horiei: «Azken orduan erregistratutako zuzenketa batek aldatu egin ditu legealdi osoko herri itun bakarraren parametroak; eta orain, gobernuko kide batek publikoki adierazi du hobe dela EH Bildu legearen akordioan ez egotea. Saiatzen ari dira Hezkuntza Ituna ezerezean uzten, batzuk ekintzaz eta beste batzuk ekimenik ez dutelako». EH Bilduko Programa arduradunaren irudiko, «errespetu falta» da hori, «bai akordioari sinatzaileekiko, bai hezkuntza komunitatearekiko».