Donostiako Udalak «udako beharrei aurre egiteko» 70 udaltzain berri kontratatuko ditu bitarteko funtzionario moduan. Udaltzaingoaren zuzendariaren hitzetan, ordea, ezin izango da ziurtatu bitarteko funtzionario guztiek hizkuntza baldintzak betetzea. Bigarren hizkuntzaren eskakizuna, alegia. Ofizialordeak eta lehen mailako agenteek bakarrik betetzen omen dituzte eskatutako irizpideak. Udaltzaingoa euskalduntzeko saiakeran «atzera pausoak» ematen ari direla adierazi du Donostiako EH Bilduk, Zigor Etxeburua zinegotziak emandako prentsaurreko batean.
Gainera, Udaltzaingoko sindikatuek jakinarazi dutenez, udaltzainen zuzendariak kendu egin omen die udaltzainei lanorduetan euskara ikasteko aukera, baita lanorduetatik kanpora egindako ikastorduak konpentsatzeko aukera ere. «Eskubide horiek zehaztuta daude, eta hori horrela bada, langileen eskubideen aurkakoa da zuzendariak hartutako erabaki hori», adierazi du EH Bilduk.
Horregatik, EH Bilduk Mikel Gotzon Santamaria Udaltzaingoaren zuzendariaren agerraldia eskatu du bi erabaki horiek azaltzeko. Bestalde, Euskara zinegotziari ere galdetuko dio «ea zergatik ez dituen bete» lan poltsetarako ezarri beharreko hizkuntza irizpideak.
«Zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko herritarrok dugun eskubidea urratzeaz batera, Udalean euskaraz lan egiteko aukera murriztuko zaie langileei» gehitu du EH Bilduk.