Etxebizitza legea

EH Bilduk eta ERCk akordioa lortu dute Madrilekin etxebizitzen alokairuen prezioa mugatzeko

2023an %2 igo ahal izango dute etxejabeek alokairuaren prezioa, eta 2024an, %3. 2025ekoa erabakitzeko dago, baina KPIaren azpitik egon beharko du.

Oskar Matute eta Pilar Vallugera diputatuek aurkeztu dute akordioa. SERGIO PEREZ / EFE
Javi West Larrañaga.
2023ko apirilaren 14a
13:09
Entzun

ERCk eta EH Bilduk akordioa egin dute Espainiako Gobernuko alderdiekin, PSOE eta Unidas Podemosekin, Etxebizitza Legea onartzeko. Legeak marko juridiko bat ezarriko du, eta autonomia erkidegoek lege propioak onartu ahalko dituzte gehiago garatzeko. EH Bilduko Oskar Matute eta ERCko Pilar Vallugera diputatuek aurkeztu dute akordioa.

Autonomia erkidegoek eta udalek izendatu ahalko dituzte tentsio handiko eremuak. Horietan, jabeek %2 igo ahalko dute alokairua 2023an, eta %3 2024an. 2025eko indizea erabakitzeko dago oraindik, baina KPIaren azpitik egon beharko du.

Matutek adierazi du «arduraz» eta «diskrezioz» negoziatu dutela hamazortzi hilabetez: «Beste behin, ezkerreko indar subiranistek ahalbidetu eta lortzen dituzte aurrerapen sozial handiak, lege honen modukoak». Gainera, haren berbetan, gazteei «euren auzo eta hirietan» bizitzeko aukera emango die, «euren soldata prekario ia guztia horretara bideratzeko beharrik barik».

Autonomia erkidegoek jabe handien definizioa aldatu ahalko dute. Orain, hamar higiezin edo gehiago dauzkatenak hartzen dira jabe handitzat, baina, lege berriarekin, bost higiezinetan ipini ahalko da langa. Vallugerak esplikatu du jabe handi horiei beste neurri batzuk aplikatu ahalko zaizkiela tentsio handiko eremuetan, «putre eta inbertsio funtsen espekulazioa eta higiezinen metaketa murrizteko».

Matuteren esanetan, gurata bereizi dituzte igoera indizeak KPItik, horrek «kontrol bako igoerak» eragin ditzakeelako. 2025erako, indize berri bat sortuko dute, «egonkorragoa» dena eta KPIaren azpitik egongo dena.

Agentzien gastuak, jabeak

Legeak aurreikusten du jabeak ordaindu beharko dituela etxe agentzien gastuak alokairuen kasuan, eta ez maizterrak. Nahiz eta kontratua eta maizterra berria izan, jabeek ezingo dute indizearen gainetik igo tentsio handiko eremuetan. Zehaztu dute maizterrek eskatu ahalko diotela jabeari dokumentazioa, egiaztatzeko ez dela ari iruzurrik egiten.

Espainiako Gobernuak Ministroen Kontseiluan orain dela hamazortzi hilabete aurkeztutako proposamenaren hainbat alde hobetu ahal izan dituztela esan du Matutek, eta «izaera sozial nabarmena» erantsi. Gainera, haren arabera, testua jada ez da izango «proiektu zentralizatzaile bat», baizik eta herritarrei «etxebizitza politika aurreratuak eta bermedunak» eskainiko dizkien proiektu bat. «Oraindik hasita sustatuko ditugu gure erakundeetan lege honek ahalbidetzen dituen baina aplikatzen ez dituen tresna guztiak», aldarrikatu du.

Hala ere, ERCk eta EH Bilduk gehiago nahi zuten, Vallugerak azaldu duenez: «Gustatuko litzaiguke urrunago heltzea, baina gobernuaren itxikeriarekin egin dugu topo».

Matutek eta Vallugerak adierazi dute gero eta ohikoagoa dela jabe batzuek etxea gelaka alokatzea, eta, horren bidez «tranpak» egin ditzaketelakoan, jakinarazi dute lantalde bat eratu dutela arazo horri heltzeko. Orain adostutako legeak ez dio aferari erantzuten.

Aldaketak etxegabetzeetan

Diputatu biek aurreratu dutenez, akordioak «babes handiagoa» emango die zaurgarritasun egoeran dauden familiei etxegabetzeetan. Vallugerak azaldu du «data eta ordu bako» etxegabetzeak «amaitu» egin direla. Epeetan luzapenak aurreikusi dituzte, eta administrazioek automatikoki esku hartu beharko dute familia zaurgarrien kasuetan. Orain arte, gerta zitekeen administrazioak ez jakitea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.