EH Bilduk gaur iragarri du etxebizitza legea babesten jarraituko duela, ERCk proposatu arren lege horren gaineko helegitea aurkeztea Konstituzio epaitegian. Bi alderdiek bozkatu zuten legearen alde apirilaren 27an, Espainiako Kongresuan onartu zutenean, baina orain ERCk aldaketak egin nahi dizkio, Kataluniari eskumenak kentzen dizkiola iritzita. EH Bilduk, ordea, jakinarazi du ez duela helegiterik jarriko.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gogor egin du sare sozialetan EH Bilduren erabakiaren aurka. «Lege bat babestu eta ondoren hari helegitea jartzeko ERCk egin duen jauzia gauza bakar batek gainditzen du: EH Bilduk lege hori babestu eta eskumenetan egiten duen inbasioa justifikatzea», adierazi du. Ez du sakondu nahi izan legeak ekarriko dituen «ondorio praktikoetan», baina «lege batek izan dezakeen eragina aztertu gabe» hura onartzeak ekarri ditzakeen «arazoak» nabarmendu ditu.
Ez da polemika berria; hain zuzen, EAJk legearen kontra bozkatu zuen kongresuan, argudiatuta«nahaspila juridiko bat» sortuko lukeela etxebizitza eskumenei dagokienez; horien «inbasio» gisa jo zituen orduko hartan ere testuaren neurriak. Lehendakariak adierazi zuen lege berriak etxebizitza eskubideen «birzentralizazioa» ekarriko zuela. Akordioa lortu berritan, ordea, Oskar Matute EH Bilduko diputatuak esan zuen ez zela «proiektu zentralizatzaile bat», baizik eta«etxebizitza politika aurreratuak eta bermedunak» eskainiko zituen proiektu bat.
Bide malkartsua
Beste hainbaten artean PSOEk bultzatu bazuen ere etxebizitza legea, PSE-EEk eta EAJk maiatzaren hasieran osoko zuzenketa bat onartu zuten Eusko Legebiltzarrean, «Euskadin Espainiako lege berria aplikatzeko dokumentu bat» egiteko asmoz. Zuzenketa, baina, ez zen aurrera atera Kongresuan.
Etxebizitza legea adostea ere ez zen bide erraza izan: urtebete baino gehiago eman zuen Kongresuan blokeatuta, akordio baten faltan. Azkenean, ERCk eta EH Bilduk egin zuten hitzarmena Espainiako Gobernuarekin, ezinbestekoak baitziren bi alderdien botoak legeak aurrera egin zezan. Hala ere, Matutek aitortu zuen ez zela nahikoa: «Egin nahiko genukeenerako pauso motz bat da, baina beharrezko pausoa».
EH Bilduk ez dio helegiterik jarriko etxebizitza legeari
ERCk proposatu du helegitea jartzea. Urkulluk gogor egin du EH Bilduren jarreraren aurka, legea «eskumenen inbasioa» dela iritzita

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak