EH Bilduk zinegotzi bana irabaziko du Bilbon, Donostian eta Gasteizen, eta Elkarrekin Podemosek beste horrenbeste galduko ditu. Gainerako indarrek 2019an lortutako emaitza berberak lortuko dituzte. Hori da, behintzat, Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak gaur argitaratu duen txostenaren ondorioa. Ikerketak %40 inguruan kokatu du abstentzioa hiruretan.
Inkestaren arabera, EAJ eta EH Bildu berdinduta egongo lirateke Gasteizen, zazpi zinegotzirekin; PSE-EEk 6 lituzke, PPk 5 eta Elkarrekin Podemosek 2.
Bilbon, EAJk nagusitasunari eutsiko lioke, oraingo 14 zinegotziekin, gehiengo osoaren atarian; EH Bilduk bat irabaziko luke, eta guztira 5 hautetsi eduki; PSE-EEk 5; PPk 3; eta Elkarrekin Podemosek 2, bat behera.
Donostian egungo indar korrelazioa mantenduko litzateke, baina koalizio abertzalea hurbildu egingo litzaioke EAJri. Jeltzaleek 10; EH Bilduk, 7; PSE-EEk 5; PPk 3; eta Elkarrekin Podemosek 2.