Hezkuntza

EH Bilduk hezkuntza hitzarmena negoziatu eta adostu nahi du

Datorren larunbatean elkartuko da EH Bilduren Konferentzia Politikoa, eta orduan eztabaidatuko dute Mahai Politikoak hezkuntzarako onartu duen proposamena.

Gaur goizeko aurkezpena, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko irailaren 13a
17:22
Entzun

EH Bildu prest dago Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako hezkuntza hitzarmena negoziatzeko eta adosteko. Hala ziurtatu du EH Bilduko programa zuzendari Pello Otxandianok, gaur goizean Donostian egindako prentsaurrekoan. Azaldu duenez, datorren larunbatean EH Bilduren Konferentzia Politikoa elkartuko da, eta Mahai Politikoak onartu duen hezkuntzarako proposamen berria eztabaidatzen hasiko dira.

Oraingoz, ez dute proposamen berriaren inguruko xehetasunik eman, baina «eraldaketa sakonak» iragarri dituzte. Testuan jasota dauden hainbat elementu aipatu ditu Otxandianok: «Deszentralizazioaren aldeko apustu sendo bat»; «iraultza pedagogikoa»; euskalduntzean «jauzi kualitatibo bat» egitea; eta inbertsio publikoa indartzea.

Otxandianok nabarmendu duenez, «herri erronka handienetako bat» da hezkuntza, eta uste du egungo ereduan badagoela zer hobetua. Gainera, «aldaketarako gogoa» sumatzen du hezkuntza eragileen artean ere. Ildo horretan, begi onez ikusten dute Eusko Ikaskuntzak abiatutako prozesua: «Poz handia hartu dugu iragan larunbatean Eusko Ikaskuntzak antolatu zuen Ehun zubigile hezkuntza sistemaren etorkizuna elkarrekin lantzen jardunaldiaren emaitza ikusita. Euskal hezkuntzaz akordio nazional bat egiteko asmoz abiatu den prozesu honi gure babes osoa adierazi nahi diogu».

EH Bilduk Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza hitzarmena lantzen hasi nahi du, «proposamen berrituak markatzen duen norabidearen baitan». Otxandianok zehaztu ditu hitzarmen horrek eduki beharko dituen ezaugarriak ere: «Herri ikuspegiz landua» izan beharko du, eraldatzailea, bateratzailea eta «euskal hezkuntza Europako herrialde aurreratuenen arrastoan» jarriko duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.